martes, 12 de mayo de 2020

Gazume toponimoa

Gazume  izeneko mendia bada, Hernioko mendilerroan, Gipuzkoan. Akotegi izenaz ere ezaguna da, nahiz eta izen horrek ez du inolako loturarik, antza, aztergai den toponimoarekin.
Lekuko zaharrik gabe, hemen aurkeztuko den etimologiak ez du erabateko ziurtasunik, nahiz eta hemen azalduko diren elementu eta aldaketa guztiak arrotzak ez izan.
Bi izango lirateke toponimo honen elementuak, gatz eta une. Aldaketa bakarra un > um bilakaera, gutxitan gertatzen dena baina toponimo hau azaltzeko egokia dena. Beste askotan bezala, K. Mitxelenaren azalpena, El elemento latino-románico en la lengua vasca lanean:
322. [...] zamau (y zabau) 'mantel', ziape (R ziape), 'mostaza', etc. Dialectalmente puede restablecerse la oclusión oral, con ñ detrás de vocal anterior (liñu 'lino', frente a liho, Sal. ligu) o m detrás de u (occ. kuma 'cuna', pero S khüña); lo mismo puede ocurrir tras diptongo en otro tiempo nasal: bedei(n)katu 'bendecido, bendito', luka(r)ika, lukhai(n)ka 'longaniza' < lucanica.

Etimologia horrek badu hots bat egungo ahoskeran islatzen ez dena, afrikatua agertzen da frikari bezala. Hori arrunta da, eta batzuetan ahoskera zaharrak zeuzkan ezaugarri guztiak ez dira gorde, idatzitakoaren indarrak itzalirik utzi dituelako.
Mendi bati horrelako izena emateko, beharbada garai batean Gazume toponimoa bazen mendiaren alde bat izendatzeko, gerora mendi osoari hedatuko zen. Dena den, hori hipotesi hutsa da, agian inguru horretako ezagutza sakonagoa izanik, izendapenaren arrazoia argiturik geratuko zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario