martes, 5 de mayo de 2020

Martilandierreka toponimoa

Martilandierreka toponimo bizkaitarra da, Meñaka herrikoa. Izenak iradokitzen duen bezala, erreka bat da. Toponimoak bi zati lituzke, Martilandi- eta erreka, interes handiena duena lehenengo zatia bada, Martilandi. Ziurrenik garai batean horrelako toponimo bat izan zen, eta bertan zegoen errekak Martilandierreka izena jaso zuen, Martilandi ustez zaharragoa galduz. Izen hau iluna da, baditu ezagunak izan daitezkeen zatiak, baina izen osoa ez da erabat argia. Hasieran dagoen Marti-, Marti(e) antroponimoa izan daiteke, Martin hedatuagoaren aldaera zaharra euskaraz.
Dena den, toponimo honetan ez dago Marti(e), baizik eta Martin. Antroponimo honi handi erantsi eta *Martinandi bezalako izena sortuko zen, ziurrenik aipatutako Martin hori handia zelako. Aldaketa bakarra behar dugu, sudurkarien disimilazio bat, n-n > l-n: *Martinandi > Martilandi, eta horrela sortu zen sarrera honetan aztertutako toponimoa. Ez da bakarra bilakaera hori jasan duena, blog honetan badira disimilazioaren ondorengo toponimiko batzuk, Martillun eta Muliate, adibidez.
Blog honetan, gehienetan antroponimo hutsak edo eratorriak aztertuak izan dira, azken hauetan, gehienak hipokoristikoak ziren, atzizki batez edo gehiagoz eginak. Baina badira, gutxi badira ere, antroponimoei erantsitako beste elementu batzuk, izan daiteke on izenlaguna, Andreon antroponimoan dagoena eta Andreonaga toponimoaren oinarria. Martilandi toponimoan, aldiz, handi izenlaguna litzateke Martin antroponimoari gehitua dena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario