Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan badira toponimo honen bi lekuko, bat zaharra, Erdi Arokoa, bestea XX. mendekoa:
OCHATI, 1495, término en Arceniega.Toponimo honek baditu bi aldaera, hasierako bokalean o- > u- bilakaera gertatu da, lekukoak kontuan hartuz. Beraz, zaharrena Otxati izango zen, eta gerora Utxati zen nagusitutakoa.
UCHATI, término en Arceniega.
Azterketa etimologikoa eginez, otxa- elementu ezaguna genuke hitz hasieran, eta hau otso animaliaren eratortzeko aldaera da. Baina bi aukera badira, Otxoa antroponimoa ere badela, eta batzuetan zaila izan daiteke bereiztea animalia izenaren eta pertsona izenaren artean. Baina analizatzeko geratzen den zatia gakoa izan daiteke, -ti atzizkia delako. Batzuetan laburketaren ondorioa izan daiteke, Gipuzti toponimoan bezala, jatorriz Gipuztegi zelako. Baina Artziniegako toponimoaren lehenego lekukoetatik ez dago -tegi atzizkiaren aztarrenik. Aipatutako G. Lopez de Gereñuren liburuan badago -tegi atzizkia osatutako toponimoa:
OCHATEGUIETA, monte de Guereñu-Onraita.Lekukoa joan den mendekoa da eta horretan ere ez da laburketarik gertatu. Beharbada toponimo honetan otso animalia izena bada, Utxati toponimoan ez bezala.
Artziniegako toponimoaren azterketa, beraz, horrelakoa izango zen, Otxa- 'Otxo(a)' + -ti > Otxati > Utxati.
Atzizki hori oso ohikoa da, izenlagunak sortzeko: beldur + -ti > beldurti, gose + -ti > goseti... Antroponimian ere ez da ezezaguna, A. Irigoienek, bere De re philologica linguae uasconicae V liburuko 6. orrialdean atzizki horretaz informazioa eman zuen, eta hainbat adibide jarri: Jaunti (Jaunti testis, 800; Jaunti, 972), Belati (1052-1054), Harriti (967).
Beraz, zerrenda labur horri beste izen bat gehitzekoa litzateke, *Otxati; nahiz eta lekuko antroponimiko zuzenik ez izan.
Azaltzeko geratzen da hitz hasierako bokalaren aldaketa. Baina hau ez da ezezaguna Otxoa antroponimoaren hainbat eratorrirekin. Blog honetan batzuk aztertuak izan dira: Uxando, Usandizaga eta Usanits toponimoak. Eta hauek ez dira bakarrak bokal aldaketa hori erakusten dutenak.
Utxati toponimoa azterturik, bere etimologia emateaz gain, Otxoaren beste eratorri antroponimiko zahar bat aurkitua izan da, *Otxati, hipokoristiko zahar galdua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario