Asuela izeneko larrea dago Arrasaten. Toponimo honen lekukoak bi multzotan bana daitezke, aldaera eta kronologiaren arabera. Arrasateko toponimia liburuko datuak dira hauek, 420-421. orrialdeetan:
Lehenengo multzokoak dira hasierako hiru lekukoak, guztiak XV. mendekoak eta guztietan As(s)uola dagoena. Beste multzokoak dira gainontzeko lekukoak, 1778. urteko Azuela lekukotik hasita. Guztiek aldaera bera dute. Azken lekukoa, ahozkoa, Asuela da.
Analizatzeko aldaera Asuola litzateke, bi elementu dituena, asu- eta ola. Azken hau hitz ezaguna da toponimian, baina besteak merezi du iruzkin txiki bat, har- 'harri' + -zu > *Arzu > *Asu bilakaera jasan duelako, dirudienez. Askasibar toponimoan bezala, rz > s aldaketa gertatu zaio.
Toponimo honek badu aipatzeko beste zerbait, uo > ue bilakaera ezohikoa. Gutxitan gertatu da, baina beharbada badago beste kasu bat Arabako Zalduondo herri izenean, gaztelaniaz Zalduendo delako. Bi toponimoetan jatorrizko egoera eta ondorengoa berdina da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario