viernes, 9 de octubre de 2020

Irimo toponimoa

 Irimo Urretxun (Gipuzkoa) dagoen mendia da, Irukurutzetako mendilerroan.
Toponimo honen lekuko zaharrena Euskaltzaindiaren EODAren arabera irimo (1625) da. Gerora toponimoak ia guztietan ahoskera bera izango zuen, yrimo (1768-1862) bezala. Alde horretatik ez dago arazorik, Irimo da aztergai den hitza. Euskaratik begiratuta, ematen du azaltzeko zaila dela, lehenengo zatia hiri izan liteke, baina azken zatia azaldu gabe geratuko litzateke. Euskal hitzekin zaila bada, beharbada kanpoko hitzak egokiak izan litezke eta kontuan izanik toponimoaren bakartasuna, antroponimo bat.
Ustezko antroponimo hori Didimo izan liteke, V. mende inguruan Euskal Herriko lurraldetik ez urrun ezaguna, lotura hauetaz informazio gehiago Dima toponimoari eskainitako sarreran. Dima bezala, Didimo eta Irimo izenen artean badago antz nabarmena, baina ezberdintasuk ere, eta hauek azaldu beharra dago.
Dirudienez, Didimo antroponimoa Irimo toponimo bihurtu zen eta lehenengo aldaketa horzkari disimilazioa izango zen, eta hasierakoa galdu, Didimo > *Idimo, Emandasoro toponimoan gertatuko zen bezala, hasierako elementua demanda izan bazen. Eta azkenik, bokalarteko d > r bilakaera, Gipuzkoa aldean nahiko ezaguna Agaratxonea toponimoan ikus daitekeen bezala, jatorriak *Agedatxo edo izango zelako. Hizkera arruntean ere ezaguna dira aide 'aire' bezalakoak.
Goikoa zuzena bada, Didimo antroponimoak bi ondorengo toponimiko utzi zituen euskal lurretan, Dima eta Irimo.

No hay comentarios:

Publicar un comentario