Mostrando entradas con la etiqueta Galindo. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Galindo. Mostrar todas las entradas

martes, 25 de agosto de 2020

Gariño toponimoa

 Gariño toponimoa bi aldiz agertzen da Gipuzkoan, Gabirian tontor bat da eta Oiartzunen, baserri bat.
Oiartzungo Gariño oso zaharra da, gutxienez XVI. mendetik jaso da testuetan, hala agertzen da Oiartzungo toponimia izeneko liburuan, 145. or.:

Gariño. Baserria.
Ez da Garaño izenarekin nahastu behar, bi baserri diferente dira. Beti —ñ- letraz idatzita agertu da 1578ko dokumentu batean izan ezik (OGPAR Leg 3/002014 Fol 32). Bertan, Garino gisa, —n— letraz, transkribatua dago.
Beraz, toponimoaren aldaketa bakarra sabaikaritzea izan da, urrats hau automatikoa da, eta lekukoaren arabera, XVI. mende bukaeran beharbada ez zen oraindik gertatua.
Toponimoak, dirudienez, ez du aldaketa gehiagorik ezagutu, eta dagoen bezala, analizatzekoa da. Erdi Aroko euskal antroponimo bat da, Garino, hain zuzen. Izen honek Galindo erdal izenaren euskal egokitzapena jaso du, bokalarteko l > r gertatu zaiolako, baita nd > n ere. Baina azken aldaketa hau ondoko erdaretan ere ezaguna da, eta ez da ezinezkoa erdaratik jasoa izatea. Hori jakinik ere, euskaraz ere badira nd > n bilakaeraren adibideak, Aldani toponimoa bezala.
Badago zalantzarako lekua, jatorrian toponimoa Garindo zen ala Garino? Garindo bazen toponimoan bertan gertatu zen nd > n laburketa. Baina bi antroponimoak izan zirenez, bietarako aukera bada. Beharbada ekonomikoena litzateke hasieran Garino izan zela, baina hori ez da ziurra.
Antroponimoa, dela Galindo, Garindo edo Garino ezaguna da, behin baino gehiagotan bada toponimian eta blog honetan bi toponimo aztertuak izan dira, Galindarte eta Garinduaga toponimoak.
Edonola ere, Garino euskaraz erabilitako antroponimoa da, zalantzarik ez dago eta baserri izen askotan bezala, jabearen izena jasoko zuen eta hori geratuko zitzaion mendeetan, egun duen izen bera.

martes, 14 de mayo de 2019

Galindarte toponimoa

Galindarte Tafallako toponimoa da, beraz, Nafarroakoa. Lekuko zaharrena Erdi Arokoa da, Galindart (1341). Gerokoa da Galindarte (1556), egun duen aldaera bera erakusten duena.
Toponimoak bi elementu lituzke, blog honetan aztertutako toponimo gehienak bezala, Oinarrian antroponimo bat eta bukaeran arte izena. Badira arte bat baino gehiago, zuhaitz izena toponimian ohikoa da, baina ez dira batere arruntak PI + arte bezalakoak. Bada beste arte bat, distantziak, direla lekuetakoak, direla denboretakoak, markatzeko. Baina erabilera horretan bi puntu, leku beharko genituzte artekoa izendatzeko baina oinarrian antroponimo bat bada, geratzen gara erreferentziazko punturik gabe. Beharbada lehenago *Galindo toponimorik bazen han?
Bigarren elementuarekin zalantzarako lekua badago, lehenengoarekin bada zehaztekorik. Badirudi antroponimoa Galindo dela, eta izen horren euskal ondorengoez aritu zen Mitxelena bere Nombres vascos de persona lanean:
"Garindo Galindo: «GALINDO, fréquent dans les chartes espagnoles, et aussi dans les chartes pyrénéennes françaises, particulièrement sous la forme Galin, a donné en basque, par la mutation ordinaire de l en r, Garindo» (Luch). El patronímico es Garindoiz, Garindiz, que puede proceder directamente de Galindonis. Luch. señaló también que este antropónimo es la base del nombre de población navarro Garinoain (doc. Garinnoain): añádase Garindein, vasc. Ga(r)indáñe en la Soule."
Euskaraz Garindo litzateke erdaraz Galindo dena. Toponimo honetan Galindo omen dago baina ez da ezinezkoa disimilazio bat gertatzea eta jatorrian Garindo izatea: Garindo + arte > *Garindarte > Galindarte? Ohikoa da toponimo batean bi dardarkari badaude, bat aldatzea, eta hori ikusten da blog honetako toponimo batzuetan, hala nola, Arlegi toponimoan.
Laburbilduz, Galindarte izenaren bi elementuetan zalantzak badaude, antroponimoa Galindo ala Garindo? Eta azken elementua, zuhaitz izena ala distantziak markatzekoa?