Gipuzkoako Ibarra herriko baserrien artean bada Aldani izenekoa.
Lekuko zaharrago bat, ez askoz zaharragoa, Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan bada, ezberdintasunik ez egungo izenarekin. Azken lekuko hau XX. mendeko bigarren erdikoa litzateke.
Lekukoak zaharrak ez badira ere, nahikoak izan litezke azterketa bat egiteko, baina hemen aurkeztuko den etimologia sendotzeko onuragarria litzateke lekukotza zaharragoa.
Aldani izena berezia da, bokal artean /n/ duelako. Ez dira gutxi hori duten toponimoak baina hauetan bi aldaera badira, bata, sudurkariduna, erdaraz erabiltzen dena eta bestea, sudurkari gabea, euskaraz erabilia. Baina Aldani toponimoak ez omen du bikoiztasunik, Aldani baino ez dago. Izen honen azterketa zaila da, badirudi elementu bakarra dagoela, ez da susmatzen atzizkirik, edo euskal toponimian ohikoak diren hitz arruntik.
Hala ere, sudurkaria gakoa izan liteke toponimoaren azterketa egiteko. Horretarako, badago bilakaera ezaguna ondoko erdara batzuetan, eta euskaraz ere eragina izan duena, nd > n laburketa. Toponimian ale batzuk ezagunak dira, adibidez, Nafarroako Lana herria azaltzeko landa hitza aipatua izan da. Horrela, Landa > Lana bilakaera izan zitekeen. Hori Ibarrako toponimoari aplikatu eta *Aldandi aldaera zaharragoa berreraiki ahalko genuke, eta orduan, alda- 'alde' + handi elementuak antzeman litezke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario