Mostrando entradas con la etiqueta Lakendi. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Lakendi. Mostrar todas las entradas

lunes, 10 de noviembre de 2025

Lekanduri toponimoa

 Lekanduri da Orozkoko auzo bat. Jakinik Orozko eta Zeanuri herrien artean badela Lekanda izeneko mendia, analisia Lekanda + huri izatea ez litzateke harritzekoa. Baina lekuko zaharrenek egoera nahasten dute, bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Lekanduriz gain, Lakenduri eta Lekenduri deituren lekukoak aurkitu dira. Ordena alfabetikoan, jarriz, Lakenduriren 21 lekuko aurkitu dira, zaharrenak 1556. urtekoak, hauek zaharrenak dira:

Lekandurirenak askoz gehiago dira, 99 lekuko eta zaharrena 1557. urtekoa da:
Azkenik, Lekenduri ere izan zen, baina bost lekuko baino ez ditu, agerpen data beste urtekoen bertsukoa da:
Hauekin batera, beste bat dago, zaharragoa, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuko Pedro de Lequenduri, 23.agirian, 1518. urtean.
Beraz, hiru aldaera badira, eta guztiak toponimo bakarrari dagozkio. Bat jatorrena izan beharko zuen eta besteak horretatik sortuak. Irizpide kronologikoak ez du balio, guztiak garai bertsukoak direlako. Baina jakinik huri izenaren aurrean antroponimo bat agertu ohi dela, lehentasuna Lakenduri-ri egokituko litzaioke. Oinarria Lakendi PI ezaguna litzateke eta Mitxelenak aztertu zuen bere El genitivo en la onomástica medieval lanean:
En cuanto a Laquentize (Lequentize), se conservó en Navarra, como lo demuestra un documento no fechado de Irache, donde se lee «agrum quem vocitant Belasco Laschentiztegia a limite de Belasco Laquentiz». Tampoco ofrece dificultades su derivación de Laquenti que se encuentra, aunque al parecer como patronímico, en el documento de Oña del año 944 que se acaba de citar: Garcia Laquenti. Su etimología tampoco ofrece dudas si recordamos el nombre Placenti que ocurre con frecuencia en el Becerro de Cardeña, por ejemplo.
Beraz, Lekanduri eta Lekenduri aldaerak lirateke. Lekuko gutxien dituena Lekenduri da eta aldaketa bakarra, bokala, Lakenduri > Lekenduri. Ziurrenik bokal asimilazioa gertatuko zen. Lekanduri toponimoak bokal metatesia jasan omen zuen, a-e > e-a. Arrazoiren bat bilatzeko, Lekanda toponimoan egongo litzateke, Lakendi antroponimoak mende batzuk iraun zituen baina Erdi Aroaren bukaera aldean jada ez zen erabiltzen; beraz, Lakendi eta Lakenduri izenen arteko harremana moztu zen eta toponimoari aldaketak gertatzeko bideari aukera ireki zitzaion. Batetik, bokal asimilazioaren bitartez, Lekenduri, esanahirik gabe geratu zena. Beste aldetik, Lekanduri, non toponimo hau eta herri bereko Lekanda loturik geratu ziren.

martes, 12 de marzo de 2019

Likindioste toponimoa

Toponimo honen lekuko zaharrik ez dago, bildu diren biak XX. mendekoak direlako. Lehenengoa G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa da:
"LIQUINDIOSTE, labrantío de Los Huetos"
Beste lekukoa José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 5. Vitoria / Gasteiz liburukoa da, Otobarren / Otogoien herriei buruzko toponimoak biltzen dituenean:
"21. —Liquindioste"
Elementuen banaketa egin eta Likindi- + oste izango lirateke. Oste  'atze' ezaguna da sartaldeko euskaran eta hasierako zatia iluna litzateke. Baina euskal antroponimian bada izen bat oso antzekoa, egitura bera duena, nahiz eta bokaletan diferentziak izan. Antroponimoa Lakendi litzateke, Lakindi eta Akendibar toponimoetan egon daitekeena.
Likindioste toponimoan bokal asimilazio erabatekoa gertatu da antroponimoan, a-e-i > i-i-i bilakaera izan delako. Ziurrenik hori ez zen urrats bakar batean gertatu eta horren lekuko bat bada, José Antonio González Salazar-en aipatutako liburu beran, herri berberean bazen beste toponimo bat:
"103. —Alto Lequendi"
Alto Lequendi erdarazkoa litzateke baina honek bokalen bilakaeraren tarteko urrats baten berri ematen digu: *Lakendi > *Lekendi > *Likindi.
Dirudienez, herri hartan izango zen toponimo bat, *Lakendi, forma bereko antroponimoan oinarritua. Gero, bi toponimo sortuko ziren, beharbada lehenago euskarazkoa, eta ondoren erdarazkoa. Behin antroponimoaren lotura galdu, aldaketak gertatzen hasi ziren, eta ematen du erdal toponimoak bilakaeraren tarteko egoera bat islatzen duen bitartean, euskarazkoak azken urratsa betea zela, Likindioste toponimoa emanez.

Akendibar toponimoa

Akendibar Galdamesko (B) toponimoa da. Bi ikertzaile aritu dira toponimo honen azterketan, A. Irigoien eta Fernando Palacios. Azken honen tesian informazio ugaria bada toponimo honen gainean. Baina lehenago Irigoienen analisia, bere “Las lenguas de los vizcainos: Antroponimia y toponimia medievales” laneko iruzkina:
"51. "Akendibar barrio y peñascos de Galdames", pop. Kandibar con segundo elemento ibar ‘vega, valle’, seguramente aplicado a un antiguo antropónimo".
Fernando Palaciosen tesian iruzkin etimologikoez gain, lekuko zahar batzuk ere badaude, tesiaren izenburua Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana):
"41. Akendibar (Galdames)
«Barrio y peñascos» (Sasía, 1966).
«Entre el vulgo se oye la forma Kandibar» (Sasía, 1966: 90a). En documento de 1489 se nombra a Pedro de Aquendeybar, vecino de Sopuerta (Documentos Castro, 1996: 69). En Iturriza, 2: 596, un escrito con fecha de 29 de abril de 1874 nombra el barrio de Aquendibar.
Irigoyen, «Vizc. Ed. Med.», 1986: 224a ve un segundo elemento ibar «vega, valle», «seguramente aplicado a un antiguo antropónimo».
Antes de conocer el documento del siglo XV pensaba yo que fuera posible que en la primera parte nos halláramos ante aken «garrapata mayor» (Retana, que lo da como voz vizcaína; no aparece en Orotariko, 2), con lo que traduciríamos «vega de las garrapatas», algo que por otra parte no dejaba de resultar desconcertante cuado menos, pero después de conocer la forma Aquendeybar no me quedan dudas acerca del bilingüismo presente en el NL, con el esp. Aquende apocopado y el vasc. ibar, significando “vega de este lado”, con la sintaxis propia del eusquera. Aquende, de aquén de < *accu hinc, sustituyó a la preposición latina citra “en esta parte de, a este lado” (Penny: 221)."
Nahiz eta F. Palaciosek proposatzen duen etimologiarako inolako aldaketaren beharrik ez izan, toponimoa bitxia litzateke, gehiago garai hartarako. Hori dela eta azalpen zailago baten alde egin behar, Irigoienek proposatu zuen bezala. Berak antroponimorik eman ez bazuen ere, badirudi egokiena Lakendi izango zela. Beraz, Lakendi + ibar > *Lakendibar sortuko zen eta gero, herri etimologiaren bitartez, toponimoa aldatu zen hasierako zatia berrinterpretatuz, gaztelaniazko aquende buruan zutela. Gogoratu behar da toponimoa Bizkaiko Enkartazioetan zegoela, eta han erdara bazen aspalditik, hizkuntza muga han zegoelako. Horrela, toponimoa euskaraz sortua izango zen eta gerora, erdararen eraginez aldatua. Fenomeno hori behin baino gehiagotan gertatu da, euskal toponimoak aldatzen zirela erdarak nagusitasuna lortzen zuenean.
Lakendi antroponimoaren jatorria latinean bilatu beharra dago, Placentius izenetik hain zuzen, hala adierazi zuen Mitxelenak, behin baino gehiagotan. Blog honetan bada toponimo bat, Lakindi, Lakendi antroponimotik sortua, inolako elementu gehigarririk gabe.
Hau guztia hipotetikoa da, bi azalpenak posibleak direlako eta soilik lekuko askoz zaharrago batek erantzuna eman zezakeen, baina horrelakorik ez dagoen bitartean, Lakendi + ibar egitura izateko aukera bada. Oztopoak ez liratzeke gaindiezinak.

martes, 12 de junio de 2018

Lakindi toponimoa

Ataungo toponimoa da Lakindi. Lekuko zaharrik ez badago ere, Erdi Aroko antroponimo batekin ia erabateko homonimia duenez, pentsatzekoa da, beste kasu askotan bezala, antroponimoa toponimo bihurtu zela. Antroponimoa Lakendi edo Lakenti zen, latin jatorrikoa eta Bikendi bezala, belarea gordetakoa, hau da, mailegu zaharra dela, baina antroponimoa Erdi Aroan bizirik zegoen.
Aldaketa bakarra gertatu zen toponimo honetan, erdiko silabako bokala igo zela, azkeneko bokalarekin berdinduz, hau da, bokal asimilazioa gertatu zela: e-i > i-i, Mitxiliburua toponimoarekin bezala, nahiz eta horretan asimilazioa bi bokalekin gertatu zela.
Toponimo honek, ziurrenik, milurtea iraun du eta blog honetan behin eta berriz agertzen den bezala, antroponimo hutsa zen toponimo bihurtu zena, beste inolako gehigarririk gabe.