lunes, 10 de noviembre de 2025

Lekanduri toponimoa

 Lekanduri da Orozkoko auzo bat. Jakinik Orozko eta Zeanuri herrien artean badela Lekanda izeneko mendia, analisia Lekanda + huri izatea ez litzateke harritzekoa. Baina lekuko zaharrenek egoera nahasten dute, bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Lekanduriz gain, Lakenduri eta Lekenduri deituren lekukoak aurkitu dira. Ordena alfabetikoan, jarriz, Lakenduriren 21 lekuko aurkitu dira, zaharrenak 1556. urtekoak, hauek zaharrenak dira:

Lekandurirenak askoz gehiago dira, 99 lekuko eta zaharrena 1557. urtekoa da:
Azkenik, Lekenduri ere izan zen, baina bost lekuko baino ez ditu, agerpen data beste urtekoen bertsukoa da:
Hauekin batera, beste bat dago, zaharragoa, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuko Pedro de Lequenduri, 23.agirian, 1518. urtean.
Beraz, hiru aldaera badira, eta guztiak toponimo bakarrari dagozkio. Bat jatorrena izan beharko zuen eta besteak horretatik sortuak. Irizpide kronologikoak ez du balio, guztiak garai bertsukoak direlako. Baina jakinik huri izenaren aurrean antroponimo bat agertu ohi dela, lehentasuna Lakenduri-ri egokituko litzaioke. Oinarria Lakendi PI ezaguna litzateke eta Mitxelenak aztertu zuen bere El genitivo en la onomástica medieval lanean:
En cuanto a Laquentize (Lequentize), se conservó en Navarra, como lo demuestra un documento no fechado de Irache, donde se lee «agrum quem vocitant Belasco Laschentiztegia a limite de Belasco Laquentiz». Tampoco ofrece dificultades su derivación de Laquenti que se encuentra, aunque al parecer como patronímico, en el documento de Oña del año 944 que se acaba de citar: Garcia Laquenti. Su etimología tampoco ofrece dudas si recordamos el nombre Placenti que ocurre con frecuencia en el Becerro de Cardeña, por ejemplo.
Beraz, Lekanduri eta Lekenduri aldaerak lirateke. Lekuko gutxien dituena Lekenduri da eta aldaketa bakarra, bokala, Lakenduri > Lekenduri. Ziurrenik bokal asimilazioa gertatuko zen. Lekanduri toponimoak bokal metatesia jasan omen zuen, a-e > e-a. Arrazoiren bat bilatzeko, Lekanda toponimoan egongo litzateke, Lakendi antroponimoak mende batzuk iraun zituen baina Erdi Aroaren bukaera aldean jada ez zen erabiltzen; beraz, Lakendi eta Lakenduri izenen arteko harremana moztu zen eta toponimoari aldaketak gertatzeko bideari aukera ireki zitzaion. Batetik, bokal asimilazioaren bitartez, Lekenduri, esanahirik gabe geratu zena. Beste aldetik, Lekanduri, non toponimo hau eta herri bereko Lekanda loturik geratu ziren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario