Mostrando entradas con la etiqueta Martinon. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Martinon. Mostrar todas las entradas

jueves, 23 de mayo de 2019

Martillun toponimoa

Martillun Donostiako baserria bada. Lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 391. or.: "Martilun". Ondorengo informazio guztia Donostiako toponimia, 1995. urteko lanetik hartua da:
"MARTILLUN: Martillum (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Martillun (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Martillun (69) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Martíllun (54) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Martíllun (1864, Casa de labor, N.P.G., 38 orr.), Martillum (1975, casa, S.S.D., 185 orr.); Martillun (1989, D.U.T.B.). 64-7-5, m. J-3."
Analisia nahiko erraza dela ematen du, Marti(e) 'Martin' + ilun. Beharbada hala da, baina ez da ohikoa PI + ilun bezalako egitura. Badago beste azalpen etimologiko bat, oztoporik ere ez duena, Martinon hipokoristikoa oinarri hartuta. Martinon antroponimotik hasi etas Martillun toponimoan bukatzeko hiru urrats baino ez dira behar: Martinon > *Martinun > Martilun > Martillun. Gogoratu beharra dago Errenterian bazela Martinun toponimoa, beraz, sudurkari disimilazio bat baino ez zen beharko: n-n > n-l. Sudurkari disimilazio baten adibidea Muliate toponimoan ere aurki liteke.
Bi azalpenak posibleak dira, batak ez du aldaketaren beharrik, besteak bai, baina aldaketak arruntak dira.

martes, 21 de mayo de 2019

Martinun toponimoa

Errenteriako toponimian lekukotzen da Martinun izeneko etxea. Bi lekuko baino ez dira, 1973. eta 1794. urteetakoak eta bietan Martinun agertzen da. Etxe izena denez, logikoa da pentsatzea antroponimo baten bitartez azalpen etimologikoa lor daitekeela. Martinun toponimorako ezin egokiagoa litzateke Martinon erdal hipokoristikoa, Martin + -on atzizkiaz osaturik dagoena.
Erdi Aroan ez zen ezezaguna hipokoristiko hori, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan ikusten den bezala, 170. or.:
"Martinon (Martin, Martino): Martinon de Chubiagua (Bai., 1354, Goih., 1966: 94), Martinon d’Amessaga (Ubaso, 1393, ibid., 292), Martinon de Bertaline (Biarritz, 1498, ibid., 20), Martinon de Larrondo (ibid., 23), «Martinon de Barader, sr. de Machin» (ibid.)."
Aldaketa bakarra beharrezkoa da, azken silabako diferentzia azaldu beharra dagoelako, eta on > un bilakaera ezaguna da euskararen lurraldeko hainbat lekutan, eta adibide ona da Undarribia, Hondarribiko herriaren lekuko zaharrenen artean dagoen aldaera ezaguna eta Errenteriatik urrun ez dena.
Laburtuz, Martinon hipokoristikoaren lekukoei bat gehitu behar zaie, Martinun toponimoa.