Mostrando entradas con la etiqueta Otsando. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Otsando. Mostrar todas las entradas

viernes, 5 de septiembre de 2025

Osandio toponimoa

 XVI. mendean Osandio deitura bazen Azpeitia aldean. Hala agertzen da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Osandio deituraren lekuko ugari daude, XVI. eta XVII. mendeetan:

Lekuko ia guztiak Azpeitikoak zirenez, litekeena da deituraren sorrera ere han izatea eta, beraz, herri horretan izango zen Osandio toponimoa. Lekuko hauetaz gain, ez da ezer gehiago aurkitu eta ziurrenik toponimoa aspaldi galdu zen, baina lekuko ugariek erakusten dute, deitura behintzat, duela 500 urte bizirik zegoela.
Toponimoaren analisia etimologikoari dagokionez, oso antz nabarmena du Otxandio herri izenarekin, gaztelaniaz Ochandiano bezala ezaguna. Ezberdintasun bakarra txistukariari dagokio, batean afrikatua dena, <tx> eta bestea frikariz jarrita badago ere, ezin ziur izan izango zuen ahoskapenaz, grafian <s> izan arren. Bide batez, herri izenak Bizkaiko beste herri bateko kidea du, Otxandio toponimoa, Dimakoa. Bi aukera daude toponimoa azaltzeko, Diman bertan sortu zen ala Otxandio herriko batek toponimoa eraman zuen. Azpeitiko toponimoa zailagoa da bigarren aukeran sartzeko. Otxandioko lekukoetan ez da inoiz, antza, Osandio bezala agertzen eta horrek pentsarazten du sorrera beregaina izan zuela. Hau da, elementu berberak badaude ere, Osandio Azpeitian bertan sortu zen.
Toponimoaren elementuak bi lirateke, bukaeran -ano atzizkia, gerora laburtua, sudurkariaren galerak bultzatua eta oinarrian Otsando antroponimoa.
Osandioren sorrera beregaina bada, gutxienez bi toponimo sortuko ziren Otsando antroponimoa oinarrian zegoela eta -ano atzizkiarekin, horrek erakutsiko luke izan horren inportantzia garai zaharretan eta zalantza jartzen du toponimo hauen sorrera dataz, litekeena da erromatar garaikoak baino ondorengoak izatea, Erdi Arokoak, baina oso zaharrak izango ziren, bokal arteko sudurkariaren galera gertatu baino lehenagokoak.

martes, 1 de abril de 2025

Otxanduri toponimoa

 Otxanduri da Arrankudiagako auzo bat. XVIII. mendeko lekuko batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Ocanduri [N, TO]
Ocanduri (barrio de), Arrancudiaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Osanduri (la caseria de), Arrancudiaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Ozanduri (barrio de), Arrancudiaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Osanduri_Veazcoa (la caseria de), Arrancudiaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Ozanduri_Goicoa (la casa de) [Ozanduri (barrio de)], Arrancudiaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Ozanduribecoa (la casa de) [Ozanduri (barrio de)], Arrancudiaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendetik lekukoak badira, deitura bihurtua:

Deiturak ez du aldaerarik baina XVIII. mendeko lekuko batzuetan txistukarian ezberdintasunak daude, neutralizazioaren aztarrenak izan daitezkeenak.
Toponimoaren etimologiari dagokionez, adierazi behar da Errioxan badela izen bereko herri izena, Otxanduri, gaztelaniaz Ochánduri. Wikipediako gaztelaniazko web orrian etimologia ematen dute, ez erabat zuzen, uste dutelako oinarriko antroponimoa Otxanda dela, baina ziurrenik bere gizonezko aldaera litzateke, Otxando. Bide batez, han jarritako gehienak zuzenketa behar du:
Su topónimo es de origen euskérico y se traduciría como 'villa de Ochanda' (antropónimo bien documentado; véase: torre de doña Ochanda en Vitoria y Ochandiano en Vizcaya). La composición del nombre vendría de dada por otcho (otso en vascuence), andi (handia que significa gran) y por último uri (forma antigua para sitio/ ciudad). Por lo tanto podría traducirse a ciudad del gran lobo.
Toponimoak bi elementu izango zituen, Otxando antroponimoa eta huri, hiri hitzaren sartaldeko aldaera. Otxando da Otxoa antroponimoaren hipokoristiko bat eta -ndo atzizki txikigarria du bukaeran.

lunes, 16 de diciembre de 2024

Otsandola toponimoa

 Otsandola da Villabonako baserri bat. Lekuko zaharrena Olzandola (1857) da, kakografia da, ziurrenik <Otzandola> idatzi nahi izan zutelako. Aipagarria da batzuetan Otzandola idatzi dela, 1992. eta 2007. urteetan. Bitxia da Luis de Eleizalderen Olzandola, XX. mendearen lehen hamarkadetakoa. Beste lekukoak kontuan hartuz, 1857. lekukoa kopiatzearen aztarrena?
XX. mendearen bigarren erdian, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan ere agertzen da:

OTZONDOLA (col.), Amasa ballara
Dirudienez, bokal asimilazioa gertatuko zen, Izendegi ofizialeko lekukoetan Otxondola ere dagoelako, 2007. urtean. Egun Otsandola ofiziala bada ere, Otzandolaren lekukoak (eta izen horretatik sortuak) nahikoa dira azalpen bat bilatzeko.
Toponimoaren etimologia ez da bilatzeko oso zaila, Villabonako toponimoaren ia berdina dago ez urrunera, Oiartzunen Otsandola toponimoa dagoelako. Etimologia berdina izan dezake, Otsando PI + ola. Interesgarriena, dena den, da Otzandola grafia, toponimoa sartaldean balitz, txistukari neutralizioak azal dezake, afrikatuen neutralizazioak batu ziren egun <tz> idazten denaren alde. Baina Villabona urrun dago eremu horretatik eta beste azalbide bat beharrezkoa da. Aukera bat da pentsatzea herri etimologia izan dela, otzan hitzaren antzagatik toponimoa aldatu zen. Horretarako erraztasuna izan zuen Otsando antroponimoaren galerak, Erdi Aroan eta, ondoko mendeetan hiztunek bazuten toponimo ilun bat eta aldaketa txiki batekin ulermena handitu zuten.