lunes, 16 de diciembre de 2024

Otsandola toponimoa

 Otsandola da Villabonako baserri bat. Lekuko zaharrena Olzandola (1857) da, kakografia da, ziurrenik <Otzandola> idatzi nahi izan zutelako. Aipagarria da batzuetan Otzandola idatzi dela, 1992. eta 2007. urteetan. Bitxia da Luis de Eleizalderen Olzandola, XX. mendearen lehen hamarkadetakoa. Beste lekukoak kontuan hartuz, 1857. lekukoa kopiatzearen aztarrena?
XX. mendearen bigarren erdian, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan ere agertzen da:

OTZONDOLA (col.), Amasa ballara
Dirudienez, bokal asimilazioa gertatuko zen, Izendegi ofizialeko lekukoetan Otxondola ere dagoelako, 2007. urtean. Egun Otsandola ofiziala bada ere, Otzandolaren lekukoak (eta izen horretatik sortuak) nahikoa dira azalpen bat bilatzeko.
Toponimoaren etimologia ez da bilatzeko oso zaila, Villabonako toponimoaren ia berdina dago ez urrunera, Oiartzunen Otsandola toponimoa dagoelako. Etimologia berdina izan dezake, Otsando PI + ola. Interesgarriena, dena den, da Otzandola grafia, toponimoa sartaldean balitz, txistukari neutralizioak azal dezake, afrikatuen neutralizazioak batu ziren egun <tz> idazten denaren alde. Baina Villabona urrun dago eremu horretatik eta beste azalbide bat beharrezkoa da. Aukera bat da pentsatzea herri etimologia izan dela, otzan hitzaren antzagatik toponimoa aldatu zen. Horretarako erraztasuna izan zuen Otsando antroponimoaren galerak, Erdi Aroan eta, ondoko mendeetan hiztunek bazuten toponimo ilun bat eta aldaketa txiki batekin ulermena handitu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario