viernes, 5 de septiembre de 2025

Osandio toponimoa

 XVI. mendean Osandio deitura bazen Azpeitia aldean. Hala agertzen da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Osandio deituraren lekuko ugari daude, XVI. eta XVII. mendeetan:

Lekuko ia guztiak Azpeitikoak zirenez, litekeena da deituraren sorrera ere han izatea eta, beraz, herri horretan izango zen Osandio toponimoa. Lekuko hauetaz gain, ez da ezer gehiago aurkitu eta ziurrenik toponimoa aspaldi galdu zen, baina lekuko ugariek erakusten dute, deitura behintzat, duela 500 urte bizirik zegoela.
Toponimoaren analisia etimologikoari dagokionez, oso antz nabarmena du Otxandio herri izenarekin, gaztelaniaz Ochandiano bezala ezaguna. Ezberdintasun bakarra txistukariari dagokio, batean afrikatua dena, <tx> eta bestea frikariz jarrita badago ere, ezin ziur izan izango zuen ahoskapenaz, grafian <s> izan arren. Bide batez, herri izenak Bizkaiko beste herri bateko kidea du, Otxandio toponimoa, Dimakoa. Bi aukera daude toponimoa azaltzeko, Diman bertan sortu zen ala Otxandio herriko batek toponimoa eraman zuen. Azpeitiko toponimoa zailagoa da bigarren aukeran sartzeko. Otxandioko lekukoetan ez da inoiz, antza, Osandio bezala agertzen eta horrek pentsarazten du sorrera beregaina izan zuela. Hau da, elementu berberak badaude ere, Osandio Azpeitian bertan sortu zen.
Toponimoaren elementuak bi lirateke, bukaeran -ano atzizkia, gerora laburtua, sudurkariaren galerak bultzatua eta oinarrian Otsando antroponimoa.
Osandioren sorrera beregaina bada, gutxienez bi toponimo sortuko ziren Otsando antroponimoa oinarrian zegoela eta -ano atzizkiarekin, horrek erakutsiko luke izan horren inportantzia garai zaharretan eta zalantza jartzen du toponimo hauen sorrera dataz, litekeena da erromatar garaikoak baino ondorengoak izatea, Erdi Arokoak, baina oso zaharrak izango ziren, bokal arteko sudurkariaren galera gertatu baino lehenagokoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario