Petroneko borda etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Petroneko borda etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026(e)ko urriaren 13(a), asteartea

Petroneko borda eta Petroneko etxondo toponimoak

 Petroneko borda da Gaintzako aterpe bat. Lekukotza urrikoa eta berankorra da, XX. mende bukaerakoa da lekuko zaharrena:

petroneko borda (1997)
Petroneko Borda (2019)
Petroneko etxondo da Gorrontz-Olanoko aurkintza bat. Lekukoak, berriro, oso berriak dira baina ñabardura bat dago:
petroneko etxondo (1997)
Petroneko Etxondo (2019)
Toponimo hau eratorria da eta web orrian toponimo nagusi omen dena aipatzen dute, petrorena (1678). Gaintzako toponimoan ere izen bera izango zen eta hortik sortuko zen Petroneko borda. Toponimo eratorrietan bi hitz daude, borda eta etxondo eta oinarria Petrorena izango zen, bukaeran genitiboa eta artikulua daude eta oinarrian antroponimo bat, Petro, latin jatorrikoa. P. Salaberriren Euskal deiturategia. Patronimia liburuan, Erdi Aroko lekukoak daude, baita bere patronimikoarenak ere:
Petro (Petro Enecoiz, Zizur aldean, XIII. m., GPrior., 104; Petro Urtiz d’Orcoyaguirre, Donostia, 1303, La. & Le., 1995, 8, 14. or.; Petro Blasquiz, Bidankoze, 1350, LPN, 383. or.). 
— Petroiz: Maria Petroyz (Elo, 1309, Zab., 1997, 237, 404. or.); Sancho Petroiz (Erronkari, 1366, LPN, 478). 
Antroponimo hori latin jatorrikoa da eta gerta liteke hizkuntza honengatik jasoa izatea, baina euskaraz ohikoa izan dena Petri da. Edonola ere, Petro euskaraz erabilia izan da eta blog honetan antroponimo honekin sortutako izen bat aztertua izan zen, Petrosolo toponimoa.