miércoles, 18 de marzo de 2026

Santruman toponimoa

 Santruman da Elorrioko baseliza bat, badu beste izen bat, San Urbano:

Honetaz gain, Elorrioko beste toponimo batek izen bera du, baina izen lehenetsia Pagatzabenta da eta bere bigarren izena Santruman:
Toponimoaren lekuko zaharrik ez badago ere, analisi errazekoa da jakinik Santruman eta San Urbano izen bera direla. Kontuan izanik euskal izena, hasierako *Sant Urban hagionimoa izango zen, santu izena; ondoren bi aldaketa gertatu ziren, batetik b-n > m-b asimilazioa, euskaraz ezaguna eta azkenik, dardarkariaren metatesia.
Munduaren beste aldean, Kolonbian, bada oso toponimo antzekoa, Páramo de Santurbán. Bizkaiko toponimoetatik bereizten da bi aldaketagatik, gorago aipatuak.

lunes, 16 de marzo de 2026

Kristobaregaña toponimoa

 Arabako toponimo zahar honen lekuko bakarra dago, XVI. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

CRISTOBAREGAÑA, 1548, término de la mojonera de Elburgo.
Toponimo zaharra bada ere, gardena da, hiru elementu ditu, bukaeran artikulua, aurrerago gain izena eta azkenik, interesgarriena oinarria da, Kristobare antroponimoa dagoelako:
Kristobare
Cristóbal (gaztelania), Christophe (frantsesa)

Greziar jatorriko Christophoros ('Kristo daramana') izenetik. Kondairak dioenez, Kristobalek jaun indartsu baten zerbitzari izan nahi zuen. Erromako enperadorea eta deabrua zerbitzatu ondoren jendea ibaian zehar garraiatzen ibili zen, Jainkoa zerbitzatu nahiz. Azkenean Jesus bera agertu zitzaion, haur itxuran, eta hau ere ugaldean zehar garraiatu. Honi zor zaio izena. Gidarien patroia da. Santuaren eguna ekainaren 10ean da. Aldaerak: Kostobare, Kostobaro eta Kristobal.
Hau da Kristobal ezagunagoaren aldaera, Kristobalsoro toponimokoa, adibidez. Kristobare aldaeraraino heltzeko bi urrats beharrezkoak genituzke, Kristobal izenetik abiatuz: Kristobal > *Kristobale > Kristobare. Dirudienez, ez da jaso EODAren orrian Kristobareren lekuko zaharrik baina aztergai izan denaren toponimoak erakusten du XVI. mendean edo lehenago Kristobare izan zela, lekuko toponimikoa bada ere.

viernes, 13 de marzo de 2026

Kristobalsoro toponimoa

 Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

CRISTOBALSORO, término de la mojonera de Alzania.
Lekuko hori XX. mendearen erdialdekoa izan daiteke baina, hala ere, erabat gardena da, bi elementuak aldaketarik gabe daudelako, alde batetik Kristobal antroponimoa eta bestetik, soro izen arrunta. Kristobal antroponimo gizonezkoa ezaguna da eta toponimian aztarrena utzi du, Kristobaletxea toponimoa esaterako. Kostobal toponimoaren sarreran informaizo gehiago antroponimo honetaz.

lunes, 9 de marzo de 2026

Atxintxardi toponimoa

 Ataungo toponimoen artean Atxintxardi dago:

Atxintxardi
Atxintxardi: (= pedrezuelas).
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Aralar
    Erreferentzia: 25. karp. 398. zk. 10347 erreg.
Toponimo honek antz handia du Atxingardi toponimoarekin, blog honetan aztertua. Bere egituran *atxingarri hitza eta -di atzizkia genituzke, aipatutako sarreran Atxingarri toponimoa ere azaltzen da. Atxintxardi toponimoan -di atzizkia genuke eta oinarrian *atxintxar hitza, Orotariko Euskal Hiztegian ez dagoena, baina bai nahiko antzekoa den hartxinga izena:
hartxinga.
1. "Pizarra (V-gip)" A Apend.
2. (V-gip ap. Iz ArOñ ), artxiña (V-gip ap. Iz ArOñ ).
" Artxínga bat: pedregal de piedra menuda" Iz ArOñ. " Artxínga, artxíña: piedra menuda y suelta. [...]. Artxingia, artxiñia, id. Artxínga-lurra: la tierra con piedrecillas, id. la tierra mezclada con piedrecillas" Ib..
Beharbada hitza garai batean *artxintxar zen eta hasierakoa harri hitzaren eratorpen aldaera litzateke, hartxinga hitzean bezala.

viernes, 6 de marzo de 2026

Atxingardi eta Atxingarri toponimoak

 Ataungo toponimian bi dira Atxingardi duten toponimoak:

Atxingardi
Atxingardi: (= pedrezuelas). En su suelo hay muchas pedrezuelas, arri hashar da atxingarrak.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Bedamburu
    Erreferentzia: 08. karp. 060. zk. 3358 erreg.

Atxingardiguena
Atxingardi guena: (= el termino superior de cascajal de pedrezuelas).
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Bedamburu
    Erreferentzia: 08. karp. 065. zk. 3364 erreg.
Azkenik, Ataunen bertan Atxingarrizulo toponimoa ere bada:
Atxingarrizulo
Atxingarri zulo: (= hondonada de pedrezuelas).
    Izaera: zuloa
    Kokalekua: Bedamburu
    Erreferentzia: 08. karp. 062. zk. 3361 erreg.
Hirurek ez dute lekuko zaharrik baina toponimoaren biltzaileak argi zeukan toponimo hauen esanahia, 'pedrezuelas'. Hitza, antza, *atxingarri izan zitekeen, azken toponimoa kontuan harturik. Atxingardi toponimoan -di atzizkia genuke, cf. Ardoi toponimoaren har- 'harri' + -doi. Orotariko Euskal Hiztegian hitz antzekoa dago, hartxinga, lekukotza oso urrikoa:
hartxinga.
1. "Pizarra (V-gip)" A Apend.
2. (V-gip ap. Iz ArOñ ), artxiña (V-gip ap. Iz ArOñ ).
" Artxínga bat: pedregal de piedra menuda" Iz ArOñ. " Artxínga, artxíña: piedra menuda y suelta. [...]. Artxingia, artxiñia, id. Artxínga-lurra: la tierra con piedrecillas, id. la tierra mezclada con piedrecillas" Ib..
Beharbada *atxingarri da hartxinga + harri, eta ondoren dardarkari disimilazioa gertatu zen. Dena den, hartxinga hitzaren oinarrian har- dago, harri hitzaren eratorpen aldaera eta, beraz, *atxingarri hitzean harri bi aldiz izango genuke.

miércoles, 4 de marzo de 2026

Zaldibizkar toponimoa

 Zaldibizkar da Mendatako baserri bat. Izendegi ofizialeko lekukoak XVIII. menderaino heltzen dira: Zaldivizcar (1704, 1796), Zaldibizcar (1798)... Geroko lekukoak berdintsuak dira eta ez dute informazio gehigarririk.
Toponimoa deitura ere bada eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVII. mendearen erdialdetik lekukoak badira:

Toponimoa aldatu gabe agertzen da eta, dirudienez, horixe litzateke jatorrizko izena. Hala bazen, bi elementu izango zituen, zaldi eta bizkar, biak izen arruntak. Toponimoaren interpretazioa zailagoa izan daiteke, zaldi baten bizkarraren antza zeukan baserri aldeko lekua? Bestela, zaldiak biltzen ziren mendi bateko bizkarra zegoen han? Bizkar, gorputz atala da baina toponimian ezezaguna ez da, horrelakoa da Peterbizkar toponimoa.

lunes, 2 de marzo de 2026

Olagizongoa toponimoa

 Olagizongoa zen Eibarko etxe bat, egun desagertua. Izendegi ofizialean ez dago lekuko zaharrik baina izena argia da erabat eta, aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, etimologia arazo gabea da. Toponimoaren bukaeran artikulua eta -ko atzizkia dago, etxe izenetan ohikoa baina genitiboa askoz erabiliagoa da. Oinarriko hitza olagizon hitz elkartua da:

olagizon.
(V, G, AN; Lar, VP 69r, H (+ -lh-)) Ref.: A; Iz ArOñ; Elexp Berg .
Ferrón. "Herrero, en las herrerías grandes olagizona, en las de tienda errementaria " Lar. " Olagizonak eta errementariak, prakatxu zarrak eta begiak gorriak (V-och)" A (con algunas variantes, tbn. en Iz ArOñ 102 y EZBB II 78).
[..]
Toponimoak zaharra izan behar du, olagizonen garaia aspaldian itzali zelako. Burdinolen garaiko hitzak toponimiara igaro zirenen artekoa dugu Eibarko hau eta gehiago badira, Txipitzallekoa toponimoa bezala.