Mostrando entradas con la etiqueta hagionimoa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta hagionimoa. Mostrar todas las entradas

miércoles, 18 de marzo de 2026

Santruman toponimoa

 Santruman da Elorrioko baseliza bat, badu beste izen bat, San Urbano:

Honetaz gain, Elorrioko beste toponimo batek izen bera du, baina izen lehenetsia Pagatzabenta da eta bere bigarren izena Santruman:
Toponimoaren lekuko zaharrik ez badago ere, analisi errazekoa da jakinik Santruman eta San Urbano izen bera direla. Kontuan izanik euskal izena, hasierako *Sant Urban hagionimoa izango zen, santu izena; ondoren bi aldaketa gertatu ziren, batetik b-n > m-b asimilazioa, euskaraz ezaguna eta azkenik, dardarkariaren metatesia.
Munduaren beste aldean, Kolonbian, bada oso toponimo antzekoa, Páramo de Santurbán. Bizkaiko toponimoetatik bereizten da bi aldaketagatik, gorago aipatuak.

viernes, 2 de enero de 2026

San Jurgi toponimoak

 San Jurgi hagionimo zaharra bi toponimotan gutxienez gorde da, biak Gipuzkoan, San Jurgi baserria, Arrasaten. Lekukoak XIX. mendearen erdialdetik hasten dira:

sanjurji (1857)
sanjurji (1989)  
sanjurji (1992)
Lekuko gehiago daude Arrasateko toponimia liburuan, 203.-204. or.:


Beste San Jurgi da Oñatikoa, hau ere baserria. Lekuko zaharrenetan erdal izena du:
sant gorge (1507-1514)
san jorge (1768-1862)
jorge (san) (1845-1850)
Hala ere, azken bi lekukoen garaian bazerabilten beste izen bat, egungoaren berdina:
sanjurgui (1857)
sanjurgui (1857-1864)
sanjurji (1989)
Bi toponimoak, beharbada antzinan, eliz eraikinak izango ziren eta gero baserri bihurtu ziren. Toponimoetan bi elementu daude, san 'done' eta Jurgi antroponimoa. Egitura bera dago Sanjurdi toponimoan, baina antroponimoa apur bat aldaturik dago. Aipagarria da bietan san agertzea eta ez done, beharbada garai berriagokoak direlako.

viernes, 28 de noviembre de 2025

Duluman toponimoa

 Duluman da Orozkoko auzo bat. Izendegi ofizialeko lekukoak ez dira oso zaharrak, XX. mende bukaerako bat dago, San Juan (1986). Gerokoetan San Juan berriro agertzen da eta baita ere Duluman (2002) eta Donibane (2009).
Ziurrenik guztiak zaharragoak dira eta hirurek esanahi bera dute nahiz eta azalean oso ezberdinak izan. San Juan beste bien itzulpena litzateke eta beharbada jatorrena Donibane izango zen, hau da, Done Joane. Donibanetik Dulumanera aldaketa ugari gertatu ziren, tartean bukaerako fonema galdu zen, agian berranalisiaren bitartez: Donibane-ra, Donibane-n > Doniban-era, Doniban-en. Dena den, bestea ere gerta zitekeen, izen zaharrenak Doniban izatea eta /e/ paragogikoa leku deklinazioagatik jasotzea, Aiziritze toponimoa bezala. Beste aldaketa bat sudurkari asimilazioa izan zen: b-n > m-n, Lumane toponimoan bezala. Beste aldaketa bat ezohikoa da, i > u gertatu zelako. Ezaugarri hau sartaldeko euskaran ezaguna da, hitz batzuek /u/ dute beste hizkeretan /i/ dena: uzen 'izen' bezala. Batzuetan bokal disimilazioaren eraginez sortuko ziren /u/ horiek, Jandustegi toponimoaren lekuko zaharretan Jandistegi da. Baina Orozkoko toponimoan ez dago disimilazioa sortzeko aukerarik. Beste aldaketa bat disimilazioa da, sudurkariena n-n > l-n. Azkena, bokal asimilazioa izango zen, o-u > u-u.
Laburtuz, bilakaera honakoa izan zitekeen: Donibane > *Doniban > *Doniman > *Donuman > *Doluman > Duluman. Beharbada lekukoen bilketa sakonagoa eginez tarteko urratsen lekukoak aurki daitezke, baina bilakaera antzekoa izango zen, hasierako eta bukaerako izenak eskura daudelako.

viernes, 9 de mayo de 2025

Doneanzabal toponimoa

 Bizkaiko Garai herriaren inguruko toponimo honen lekuko bakarra dago, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 4. agirian, 1487. urtekoan:

Otrosi, apropiaron e dieron e adjudicaron a los cofrades e bezinos de la foz e partida de Milicua e a sus consortes todo lo de dentro de los limites e linderos siguientes, es a saver: desde la punta de la egurza e monte biexo de la dicha foz e cofradia de Meliqua, que es en Lasiar, e dende al logar llamado Anaoco Helorria, e dende al sel llamado Dolara Urquiaga, el dicho sel fenezia avaxo, todo fasta al llogar llamado Doneanzaval e parte Garaygoya, dende fasta los terminos e montes e egurzas que se llama de la foz e partida de Meliqua, para que los ayan para si e sus cassas e casserias sin parte de otras perssonas algunas.
Nahiz eta lekuko bakarra izan, badirudi aldaketa gehiegirik jaso ez duela eta toponimoaren elementuak aski argiak dira, hiru elementu izan litezke, done + Joan + zabal. Muturretako elementuek ez zuten aldaketarik jasoko, baina bai erdikoak. bokalarteko /i/ galdu zelako eta baita hurrengo bokala, /o/. Ez dira gutxi Joan santu izenetik sortutako toponimoak, Jandoniane toponimoa bezala, baina honetan beste elementu bat dago, jaun + done + Joan(e).

martes, 30 de abril de 2024

Doneztebe toponimoa

 Doneztebe da Errezilgo baserri bat. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Ibarbia ballaran:

DONESTEBE (prop.) 1595
Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean lekuko zaharrago bat dago, Donestebe (1857). Ahozko lekukoetan laburketak gertatu dira, Dooste, Doste, Dozte.
Toponimoa Nafarroako Doneztebe herri izenaren berdina da eta hori bezala, jatorri bera, du, done eta, ondoren, santu izena, Eztebe. Antroponimo soila beste toponimo batean dago, Estebe toponimoan, Ibarrangelun, Bizkaian.
Errezilgo toponimoaren jatorriaz, litekeena da leku horretan eliza bat edo baseliza bat izatea santu horren omenez, baina hori ez da aukera bakarra.

martes, 27 de febrero de 2024

Jaundonostia toponimoa

 Jaundonostia da Orendaingo baserri bat, beraz, gipuzkoar toponimoa da. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*JAUNDONOSTI (JANDUSTI) (prop.)
Baina lekuko zaharrena Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialeko web orrikoa da, Jaun Donostía, 1857. urtekoa.
Guztira hiru aldaera daude, Jaundonostia osoena da, baita zaharrena ere. Ondoren Jaundonosti izango zen eta Gipuzkoako hiriburuaren izenean bezala, azken bolaka galdua du. Azken aldaera interesgarriena da, laburketa nabarmena gertatu delako.
Jaundonostia ez da toponimo zaila, jakinik Donostiarekin duen antza jatorri berekoak izatetik datorkiolako. Ezberdintasun bakarra dago hasierako elementuan, jaun izena dagoelako. Jaun onomastikan ezaguna da, Erdi Aroan erabilera izan zuen garaiko antroponimian, blog honetan hitz horretatik sortutako hainbat antroponimo aztertu dira, Jaunso antroponimoaren eratorri toponimiko urrietako bat Jaunsuaga toponimoa da, Jaunti antroponimoaren eratorri toponimikoetako bat Jandisolo toponimoa da, gutxi batzuk aipatzearren.
Toponimoak hiru elementu izango zituen, jaun + done + Sebastian(e) eta hirurak batzetik Jaundonostia sortu zen. Bi azken elementuen batzean Donostia toponimo ezagunaz gain, Donoste eta Donospide toponimoen sortzailea izan zen.
Santu izenak egiteko done + X egitura ohikoa zen Erdi Aroan, baina askotan jaun + done + X erabilia izan zen. Horrelako adibide batzuk daude Mitxelena eta Irigarairen Nombres vascos de persona lanean: Jaun done Petri, Jaun done Esteue, Jaun done Juanis Baptista, Jaun done Laurenti, Jaun done Martie...

miércoles, 28 de diciembre de 2022

Doñakua toponimoa

 Doñakua da Arabako Donemiliaga udalerriko basoa. Toponimo honen lekuko batzuk daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DOÑACUA, (1719), labrantío de Villafranca. 1849, monte de Vicuña.
DOÑACUAZABALA, término de Elburgo.
Villafranca eta Burgelu/Elburgo oso hurbil daude, Bikuña urrun dago. Beraz, alde batetik Doñakua eta Doñakuzabala toponimoak Villafranca eta Burgelu herrietakoak ziren, beste aldetik, bazen Bikuñako herrian beste toponimo bat, hau ere Doñakua izenekoa. Azken hau ziurrenik Doneakue toponimoaren aldaera baino ez da. Orduan, Doneakue eta Doñakua toponimo beraren aldaerak lirateke, Doneakue zaharrena litzateke.
Azken honen sarreran etimologia bat eman genuen, done + Jakue zen, hagionimo bat edo santu izen bat.

lunes, 26 de diciembre de 2022

Donoperi toponimoa

Arabako toponimo honen lekuko bakarra dago, XVIII. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

DONOPERI, 1713, labrantío de Heredia.
Lekuko bakarra bada, ez da zaila analizatzeko, nahiz eta bokal aldaketa bat jasan, asimilazio bat: e-o > o-o. Atzera eginez, *Doneperi eskuratuko genuke, eta orduan analisia gardena litzateke. Toponimoak bi elementu lituzke, done eta Peri, Petri edo Perai(o) antroponimoaren aldaera. Hagionimo hau Mitxelenaren eta Irigarairen Nombres vascos de persona lanean bi antroponimotan agertzen da:
Bet(i)ri Pedro: [...] Nos resulta difícil de explicar el a. vizc. Peri(a), conservado en el Confiteor probablemente por arcaismo, de donde procede el top. Dineperiaga (sic) en (S. Pedro) de Deusto y no de *Doneperuaga, como quería J. Gárate RIEV 24, 358: Bet. Iandone Periari (dos veces) «a S. Pedro»), Cap. Iandone (la segunda vez Iaundone) Periagaz san Pablori lit. «con S. Pedro a S. Pablo», pero VJ Iandone Peri, eta Paulori, Iandone Peri, eta Juan San Paulori.
[...]
Parai, *Perai Pelayo: top. Donaparai (sin duda de *Perai) Aberásturi (Alava), (Do)neperi ermita de S. Pelayo en Bermeo (Vizc.), Donaperi (señalado como dudoso por Eleizalde: ¿en qué sentido?) top. de Adana (Al.), que podria proceder también de Peri «Pedro».
Bi aukera daude, baina, beharbada, kontuan izanik toponimoaren zahartasuna Peri litzateke Petri ezagunagoaren aldaera. Jakina, hau ere ez da erabat ziurra eta lagungarria litzateke lekuko zaharragoak aurkitzea.

lunes, 19 de diciembre de 2022

Donosti eta Donospide toponimoak

 Arabako bi toponimo hauek herri berean zeuden, Donosti XVIII. mendeko lekuko bat da eta Donospideren lekukoa XX. mendekoa izan zen, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitutakoak:

DONOSTI, 1706, labrantío de Gamarra Menor.
DONOSPIDE, labrantío de Gamarra Mayor.
Donosti izenak gogorarazten du Donostia toponimoa eta ezaguna da, gainera, azken honen aldaera oso ezaguna Donosti dela, bukaerako /a/ bokalik gabe. Bi toponimoek azalpen berdintsua dute, jatorrizko *done Sebastiani izenak bilakabide luzea izan zuen Donosti bihurtu arte.
Donospide aurrekoaren eratorria da, Donosti + bide elkarketatik, horrela, Donost- + bide > Donospide geratu zen, inolako arazorik gabe. Gogoratu behar da hiru silabadun hitzen azken bokala galdu ohi dela elkarketak egitean, horrela, itsaso + gizon > itsasgizon.
Hagionimo hori ezaguna zen Araban, Donosti izenaz gain, Donoste eta Donustebia toponimoak ziren, hirurak elkarretatik ez oso urrun.

viernes, 9 de diciembre de 2022

Donoste toponimoa

 Donoste da Iruraiz-Gaunako aurkintza bat, baita iturburu bat ere.
XVIII. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DONOSTE, 1776, labrantío de Gauna.
Toponimoak gogorarazten du Donostia toponimoa, Gipuzkoako hiriburuaren izena. Argi dagoenez, azalpen berdintsua dute bi izenak, baina ezberdintasun txiki bat dago eta hori ere azaltzeko beharra dago. Funtsean, Arabako toponimoan *Done Sebastiane dago, tartean aldaketa ugari gertatu ziren eta bukaerako zatia azaltzeko, -ane > -ae > -e bilakaera izan zen. Horrela, Donoste izena geratu zen, Donostia izenetik hurbil, baina apur bat aldaturik.
Azkenik, aipatu behar da Arabako beste toponimo bat, Donustebia, Arluzea herrikoa, Donostetik ez oso urrun eta etimologia antzekoa duena, baina azken elementua, dirudienez, -be atzizkia izan zen.

Donemeria toponimoa

 Arabako toponimo honen bi lekuko daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DONEMERIA, 1766, labrantío de Alda.
DONIMEDIA, término donde aparecen restos de pequeña ermita en Alda.
XVIII. mendeko lekukoak hobeto gorde du jatorrizko toponimoa, XX. mendekoa nahiko aldaturik dagoelako. Toponimoak bi elementu ditu, done, santutasuna adieraztekoa eta Meteri antroponimoa. Aipatutako azken lekukoan aipatzen da leku horretan ermita txiki baten hondarrak zirela. Horrela, izena eta lekua loturik agertzen dira, nahiz eta mendeen joanarekin han zegoen eraikina eraitsia izan.
Meteri antroponimoaz K. Mitxelenak eta A. Irigaraik Nombres vascos de persona lanean aipamena egiten dute:
Meteri Emeterio: Meteri (cf. Valb. 188. y 189, año 1107, Saion Meteri) Iranzu, donde aparece también la forma romanceada Mederi «en Piedra meyllera», Done Meterij Celedon «Por Sant Meterio y Celedon» RS 330· En castellano, en un documento de 1483, copia de 1562, RIEV 24, 658, «En la yglesia de Santemitericeledon, que es cerca de la villa de Berresonaga en el condado e señorio de Biscaya».
Beraz, Donemeria toponimoa gehitzekoa da Meteri antroponimoaren lekuko toponimikoen artean, hagionimoenean, hain zuzen. Bide batez, aldaera erromantzatua erabilia izan zen, Mederi eta ez Meteri.

miércoles, 7 de diciembre de 2022

Donapaulo toponimoa

 Donapaulo da Arraia-Maeztuko soroa.
XVIII. mendeko lekuko bat dago, eta XX. mendeko bat ere bai, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

DONAPAULO, término de Roitegui.
DONEPABLO, 1740, labrantío de Roitegui.
Egun, Donapaulo bada ere, dirudienez, XVIII. mendean Donepablo zen. Beharbada lekuko hau ez da erabat fidagarria, eta benetako izena *Donepaulo zen, erdararen eraginez bigarren elementua Pablo bihurtua. Edonola ere, toponimoak bi elementu lituzke, done, santutasuna adieraztekoa eta Paulo. Antroponimo honetaz K. Mitxelenak eta A. Irigaraik Nombres vascos de persona lanean aipamena egiten dute:
Paulo Pablo: (Ioandone Petri eta) Paulo Ber. (Eleiz. S. Paulo), iondone Paulo Axular, Iuan San Paulo (Bet; y Cap. San Pablo) VP, Jaun Done Paulo Duv. Se trata de una forma comparativamente reciente, como indica la misma sustitución de Done por San en a. vizc. (cf. Andra Santa Ana VJ). Leiç. escribe Paul y Tartas 178, Ioâdoné Paulé.
Beraz, Donapaulo toponimoa gehitzekoa da Paulo antroponimoaren lekuko toponimikoen artean, hagionimoenean, hain zuzen.