Portu hitzaren lehenengo agerpena, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, Leizarragaren lanetan izango zen.
Data hori urte batzuk atzera daiteke, hain zuzen 73 urte. Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan badaude portu hitzaren agerpen batzuk, Portu(a) toponimoaren bitartez. Lehenengoa Chomingo de Portua, 1499. urtean, 17. agirian. Hurrengo agirietan ere behin eta berriz agertzen da.
Ez da harritzekoa Hondarribia bezalako herri batean Portu(a) toponimoa izatea, eta horrek lagundu du portu hitzaren lehenengo lekukoa izateko.
Hondarribian Portua izena erdarazko La Marina izenaren ordaina da. Portua edo Portu auzoa esaten diote, eta hango biztanleei portuarrak. Portu auzoan Kai-zarra toponimoa dago, garai batean hantxe deskargatzen baitzuten arrantza, ondoko bentan saltzeko. Eta Higer lurmuturrean, Asturiaga kalaren bestaldean, kai berri bat eraiki zutenetik, herri kaxkotik kilometro batzutara, gaztelaniaz "puerto refugio" eta euskaraz "kai berria" esaten hasi zitzaion. Gaur egun ere Kai Berria esaten zaio. Gaztelanizko "vamos al puerto" ez da bertakoen euskaran "portura goaz" (hori Portu auzora joatea esan nahi baitu), "kai berrira goaz" baizik. Bertako toponimiara eta ahozko usadioei ohituta ez daudenentzat nahasgarria suerta daiteke.
ResponderEliminar