viernes, 14 de diciembre de 2018

Atxamuño toponimoa

Atxamuño toponimoa Araban bada, Bernedo eta Arraia-Maeztu artean.
Lekuko gehiago eta zaharragoak, 1767. urtekoak, José Antonio González Salazar-en Montaña alavesa. Comunidades y pastores liburuan, 394. or.:
portillo de ACHAMUNIO
paso de ACHAMUÑO
portillo de ACHAMUÑO
Kontuan izanik mendi aldeko toponimoa dela, edonork uste lezake hasierako elementua atx 'haitz' dela, eta bukaerakoa muino. Biak egokiak toponimoaren kokapen geografikoa dela eta. Baina geratuko litzateke fonema bat, bokal bat azaldu gabe, atx-a-muño. Ez da oztopo gaindiezina, baina bada beste azalpen bat, arazorik gabe toponimo osoa azaltzen duena, hipotesi antroponimikoa.
Toponimoa bi elementuz osaturik izango litzateke, Atxa 'Aita' eta Munio. Lehenengoa ezaguna da, blog honetan beste bi toponimotan ere agertu delako, Atxamiku toponimoan eta Txarabitana toponimoan. Beraz, Arabako hiru toponimotan Atxa 'Aita' elementu antroponimikoa izango litzateke.
Munio antroponimoa ezaguna izan zen Erdi Aroan, baina oinarriak, beharbada, aurreko garaietan baditu. Behintzat, lehenengo milurtearen bukaeraren aldean bizirik zegoen, eta gero itzali zen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario