Donostiako toponimoa, lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 390. or.: "Chomingotegui". Ondorengo informazio guztia Donostiako toponimia, 1995. urteko lanetik hartua da:
"*TXOMINGOTEGI: Chomingotegui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.); Txomingotegi, Txomingotei, Domingotei (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, M."
Izen honek bi elementu lituzke, antroponimoa eta -tegi. Oinarria *Txomingo litzateke, jaso gabeko izena. Ez dago, esaterako, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan. *Txomingo izen ezezagun hau Domingo-ren hipokoristikoa litzateke, d- > tx- bilakaera jasanez. Fenomeno bera gertatu zen *Txendo hipokoristikoarekin, sendo adjektibotik sortua eta Txendoa eta Txendonea toponimoak utzi zizkiguna.
Badago beste aukera bat, hipokoristikoa *Txomingot(e) izatea. Domingot izena bazelako. Dena den, azken honen lekukoak nahiko urriak dira baina, ezinekoa ez denez analisi posible bezala aipatua beharra dago.
Lekukoak ikusi eta azkenekoetan Domingotei ere bada, *Txomingo-Domingo lotura hiztunek ere antzematen zutela nabaria da.
Beraz, toponimo honen azterketaren bitartez etimologia azaleratu dugu edo, hobe esanik, etimologiak. Izan ere, oinarrian dagoen hipokoristia *Txomingo izan liteke edo *Txomingot(e).
No hay comentarios:
Publicar un comentario