Mostrando entradas con la etiqueta Domingo. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Domingo. Mostrar todas las entradas

viernes, 27 de junio de 2025

Xomintxo antroponimoa

 Oiartzungo Erdi Aroko agirien artean bada bat Xomintxo izena duena, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuaren 1. agirian, 1499. urtekoa, 8. or.:

... e Johanis de Camiochipia e Jacue de Arbide e Antón de Veraun, çapatero, e Johan d Esnao e Sasvin de Sein e Xomincho de Sarasti e Juan de  ulotivar...
Ziurrenik gizon bera aipatua da bi orrialde aurrerago, izen ezberdin batekin, 10. or.: Domingo de Sarasti.
Domingo eta Xomintxo loturik daude, nahiz eta oso ezberdinak izan. analisi etimologikoarekin hasi baino lehenago, ohar bat: Xomintxo transkribatu da agirian Xomincho dena. Hasierakoa afrikatua izan bazen <ch> digrafoa erabiliko zutelako, hirugarren silaban bezala. Domingo antroponimo izan zen, oraintsu arte bizirik iraun du eta bere hipokoristiko ohikoena Txomin izan da, Txomin toponimoan dagoena. Hipokoristiko honek bere aldetik beste bat sortu zuen, Xomintxo, -txo atzizki txikigarria erabiliz. Hasierako txistukariaz, ohikoa da Ipar Euskal Herrian frikaria izatea eta beste lurraldeetan afrikatua, cf. Xertolo toponimoa. Txumintxu toponimoan *Txumintxu hipokoristikoa izango genuke, Xomintxoren elementu berberekin sortua.

viernes, 7 de julio de 2023

Domingotegi toponimoak

 Egun, Gipuzkoako hiru herritan dago Domingotegi toponimoa, Legorretan baserri bat da, Itsasondon etxe bat eta Aizarnazabalen abeletxea da. XX. mendeko bigarren erdialdeko bi lekuko daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Itsasondon:

DOMINGOTEGI (prop.), Urkia ballara
Eta Legorretan:

KOROATE (KOATE) (DOMINGOTEGI) (prop.)
Toponimoek bi elementu dituzte, bukaeran -tegi atzizkia, oso ezaguna eta egun ere erabilia. Hasierakoa Domingo antroponimoa da, gaztelaniazko jatorria duena, euskarazko kidea Domiku da. Lekukoak XII. mendean hasten dira euskal lurretan, domingo eizcue (1164 [1978, 1995]).
Antroponimo hau duela gutxi arte erabilia izan da, horregatik aipatutako Gipuzkoako hiru toponimoen sorrera datak oso zabalak izan daitezke, antroponimoaren erabilera garaia oso luzea izan delako.

lunes, 13 de febrero de 2023

Txomingo toponimoa

 Txomingo da Ezkurra udalerriko aurkintza bat, Nafarroan. Lekuko zaharrenak XVIII. mende hasierakoak dira, beraz, hiru mendetan luzatzen dira:

chomingo (1710)
chomingo (1711)
chomingo, borda de (1724)
Toponimoan antroponimo huts bat dago, Txomingo, Domingo ezagunagoaren hipokoristikoa. Domingoren beste hipokoristiko bat, askoz zabalduagoa da Txomin, blog honetan aztertutako Txomin toponimoaren oinarria.
Antroponimo honen lekuko batzuk bildu dira Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta lekuko gutxi batzuk daude XVI. mendearen erdialdean:

Txomingo toponimoaz gain, Txomingotegi toponimoaren oinarria ere bada Txomingo antroponimoa.
Azkenik, litekeena da Domingo > Txomingo bilakaera izatea baina ez litzateke ezinezkoa Txomin hipokoristikoari -ko atzizki txikigarria gehitzea.

martes, 22 de enero de 2019

Mingón toponimoa

Mingón haitzulo baten izena da Turtziozen, Bizkaian.
F. Fernández Palaciosek, bere tesian informazio etimologikoa ere ematen du, Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana) izenburukoan:
"1058. Mingón (Trucíos) (LH Asón-Cadagua)
Cueva en Basinagre (Salbidegoitia, Kobie 10, 1980: 160a).
Echevarría Isusquiza, 1996: 661 recoge varios casos de Mingo, hipocorístico del NP Domingo, en Carranza, pero la terminación sugiere partir de *Dominicone(m) para nuestro caso si se intenta una explicación en ese sentido (2976).
———————
2976 En Cantabria (y en más lugares) minga es “pene” y mingo “en el juego del bolo-palma, el menor de todos ellos”, cf. Sáiz Barrio, «Léxico», 1991: 170-1, cuya etimología parece que haya que buscarse en relación con el verbo lat. minuare “disminuir”.
Beharbada Mingo beraren hipokoristiko batetik sortu da toponimo hau. Atzizkia -ón izango zen eta, beraz: Mingo PI + -ón > *Mingón. Horrela balitz, ez litzateke beharrezkoa *Dominicone(m), erdaraz -ón atzizkia hiztegi arruntean oso da ezaguna baita antroponimian ere, cf. Miguel > Miguelón, esaterako.
Egitura osoa erdarazkoa litzateke eta toponimo bera ere lurralde erdaldunean dago, nahiz eta euskal eremua urrun ez izan.
Blog honetako beste toponimo asko bezala, antroponimo batetik toponimo osoa sortu zen bestelako elementurik gabe.

miércoles, 26 de diciembre de 2018

Txomingotegi toponimoa

Donostiako toponimoa, lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 390. or.: "Chomingotegui". Ondorengo informazio guztia Donostiako toponimia, 1995. urteko lanetik hartua da:
"*TXOMINGOTEGI: Chomingotegui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.); Txomingotegi, Txomingotei, Domingotei (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, M."
Izen honek bi elementu lituzke, antroponimoa eta -tegi. Oinarria *Txomingo litzateke, jaso gabeko izena. Ez dago, esaterako, P. Salaberriren  Izen ttipiak euskaraz liburuan. *Txomingo izen ezezagun hau Domingo-ren hipokoristikoa litzateke, d- > tx- bilakaera jasanez. Fenomeno bera gertatu zen *Txendo hipokoristikoarekin, sendo adjektibotik sortua eta Txendoa eta Txendonea toponimoak utzi zizkiguna.
Badago beste aukera bat, hipokoristikoa *Txomingot(e) izatea. Domingot izena bazelako. Dena den, azken honen lekukoak nahiko urriak dira baina, ezinekoa ez denez analisi posible bezala aipatua beharra dago.
Lekukoak ikusi eta azkenekoetan Domingotei ere bada, *Txomingo-Domingo lotura hiztunek ere antzematen zutela nabaria da.
Beraz, toponimo honen azterketaren bitartez etimologia azaleratu dugu edo, hobe esanik, etimologiak. Izan ere, oinarrian dagoen hipokoristia *Txomingo izan liteke edo *Txomingot(e).