martes, 11 de junio de 2019

Muniegi toponimoa

Toponimo zahar hau Bergara eta Elgetako mugen artean omen zen. Erdi Aroko iturri bakarra Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburukoa da, agiri bakarrean lau lekuko daude:
el sel de Munyeguy
sel de Munyeguy
Munieguy
Munyeguy
Guztiak 49. agirikoak eta 1487. urtekoak dira. Hurrengo lekukoa bi mende geroagokoa da, Juan San Martinen Onomasticon 21: Eibar eta Elgetako toponomastika = Toponomástica de Eibar y Elgeta liburutik hartua, 151. or.
"Muniegi
1697: Montes de Muniegui (EAU, p. 56)."

Analisi etimologikoa nahiko argia litzateke, lekuko guztietak ez dutelako aldaerarik erakutsi, beraz, Muniegi litzateke aztertzekoa, eta bi lirateke bere elementuak, Muni- eta hegi. Lehenengoa behin baino gehiagotan agertu da blog honetan, adibidez, Munibe toponimoari eskainitako sarreran. Hipotesi antroponimikoa kontuan hartuz, Muni- 'Munio' antroponimoa litzateke toponimo honen oinarria eta bestea, hegi izen ezaguna.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

No hay comentarios:

Publicar un comentario