sábado, 1 de junio de 2019

Malmadi toponimoa

Azkoitiko toponimoen artean badago Malmadi izeneko lekua. Lekuko zaharrena Erdi Arokoa da. Fuentes Medievales del Archivo Municipal de Mutriku (1237-1520) liburukoa da aurkitutako zaharrena: Pedro Myguelez de Malmadi, 110. agiria, 1518. urtekoa. Agiri berean beste bi aldiz agertzen da, beraz, Malmadi zelako ziurtasuna bada.
Hurrengo mendekoa da Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuko lekukoa, Azkoitiko etxeen artean Malmadi aipatzen duela.
Azkenik, XX. menderako badago Iñaki Linazasororen lekukoa, Gipuzkoako baserriak liburuan dagoena, Urrategi ballarako baserrien artean Malmadi jartzen duena.
Toponimoak bi zati baditu malma- eta -di atzizki ezaguna. Malma izena bada malba hitzaren aldaera eta Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lekuko zaharrena Landucciren hiztegikoa da, 1562. urtekoa. Beraz, Malmadi toponimoak malba hitzaren lekuko zaharrena badu, baita malma aldaeraren lekuko zaharrena ere. Aurkeztutako etimologia zuzena bada, malma aldaera nahiko zaharra litzateke, asimilazio baten ondorioa izanik: m-b > m-m. Beste zerbait aipatzeko, malba izenaren aldaeren artean bada balma, toponimoetan behin eta berriz ikusitako metatesi baten ondorioa dena: m-b > b-m. Bukatzeko, *malmadi hitz eratorri ezezaguna ere argitara atera da Malmadi toponimoaren bitartez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario