martes, 20 de julio de 2021

Muniskoa toponimoa

 Muniskoa izeneko aurkintza Hernanin dago. Gainera toponimo horrek mendi lepo bat izendatzen du, Hernanin eta Urnietan. Baina toponimo honek badu aldera bat, Mulisko, egun ere ezaguna. Bi izenen arteko harremana Amulategi edo Muliate toponimoetan ere aurkitzen dugu, disimilazio bat gertatuko zen azken hauetan, jatorrian m-n zena m-l bihurtu zen. Muniskoa toponimoarekin batera Mulisko ere bada. Beraz, Muniskoa-Mulisko toponimoak aurreko toponimoen etimologien sendogarri dira.
Muni- hasiera duten beste toponimoetako etimologia bera aurkez liteke, hau da, Muni- 'Munio' antroponimoaren eratorpen aldaera litzateke. Ezin izan muino hitzetik sortua izan, horrek muina- emango zuelako, Muñagorri toponimo ezaguna, esaterako.
Baina Muniskoa-Mulisko leku garai bat izendatzeko erabilia da, horrek bat dator muino hitzaren esanahiarekin. Beraz, toponimo hau eta muni- hasiera duten batzuk muni- hitz ezezagunaren eratorriak izan litezke? Muino hitzak badu muno aldaera, beharbada horrekin batera *muni ere bazen, 'mendixka' adierazteko. Azken hitz honek ez zuen lortuko, beste askok bezala euskal testuetara igarotzera, baina lekuko toponimiko batuen bitartez bere ezagutza heldu zaigu.
Analisi honek ez luke eraginik izango Muniosoro toponimoan, honetan ederki ikusten dira bi elementuak, Munio eta soro. Baina beste toponimo batzuetan eragina erabatekoa izan dezake, horrela, Munitxaga eta Munitxa toponimoetan *muni 'muino' + -txa atzizki txikigarria (cf. neskatxa) izan litezke. Beste toponimo batzuetan ere berranalizatuak izan daitezke, Munikorta, Muniola, Muniegi eta Munibe toponimoetan *muni eta korta, ola, hegi eta -be izan litezke. Muniaran izenean beharbada *muni eta haran daude, Munia emakumezko antroponimorik gabe. Azkenik, Muliate, *muni + ate izan daiteke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario