Mostrando entradas con la etiqueta Munio. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Munio. Mostrar todas las entradas

lunes, 30 de diciembre de 2024

Munioeta toponimoa

 Munioeta da Orioko bazter-auzo bat. Hiru toponimo eratorri daude, Munioetaberri eta Munioetazar baserriak eta Munioetaburu tontorra. Toponimo hauen lekukoek antzinatasun gutxikoak dira eta askotan Muniota aldaera agertzen da. XX. mendearen bigarren erdiko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

MUNIOTA (2 viv.) (prop.)
MUNIOTA ZAR (prop.)
Lekuko zaharragoak beharrezkoak lirateke ziurtasun handiagoz lan egiteko baina dagoena da oso lekukotza berria eta bi aldaera, Munioeta eta Muniota. Normalean bilakaerek laburragoak egiten dituzte hitzak, baita toponimoak ere, ezagunak dira Atxalta (Aretxabaleta) edo Mostrun (Monasterioguren). Orioko toponimoetan berdin gertatu bada Munioeta > Muniota gertatu da. Gainera, ondorengo aipuan azaltzen da XIX. mendeko Munioeta.
Etimologiari dagokionez, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan toponimo honetaz hausnarketa laburra dago:
457. —Munio n. pr.: Muniain (Monein, Muñiain) (Caro Baroja, Mat, 74-75). Quizá sea el primer componente de Munita (Bunita); hay top. Bunieta en 1141, que puede ser el actual Muniota (Orio Guip.), en el siglo XIX Munioeta. De Munioeta podría muy bien proceder, por pérdida de -n-, Miota, ap. de Mondragón en el siglo XVII; un Nunnuto Miotaco, aparece en doc. del año 1053. Pero acaso Miota, que es el nombre de un barrio de Elorrio (Vizc.), no podrá separarse de Biota, ayuntamiento de la prov, de Zaragoza: la m- vasca podría ser secundaria, como tantas otras veces. Todo lo anterior es inconsistente.
Azken esaldia liburuaren eranskina da, liburua argitaratu eta hamarkada batzuetara. Zaila litzateke Bunieta > Muniota azaltzea, XIX. mendeko Munioeta ahaztu gabe. Dena den, Munio antroponimoa izan daiteke toponimo honen oinarria, Muniosoro toponimoa bezala. Bukaerako elementua -eta atzizkia litzateke, beharbada leku esanahia duena, Antxoeta toponimoan ere egitura bera genuke, PI + -eta.

lunes, 18 de diciembre de 2023

Munita toponimoa

 Munita da Tolosako hainbat toponimotan ageri den oinarria, hirurak baserriak dira: Munitabarrena, Munitaberri eta Munitagoikoa.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bi lekuko daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

MUNITA (prop.) Auzo txiki ballara, Tolosa
MUNITA GOIKOA (prop.) Auzo txiki ballara, Tolosa
XVII. mende hasierakoa den Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan bi lekuko daude, bata Tolosari dagokio, bestea Urnietari:
Muñita, Tolosa
Munita, Urnieta
Tolosako toponimoaren grafia ez da beste inon agertu eta litekeena da akatsa izatea.
Toponimoaren lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendetik lekuko ugariak badira:

Ondorioztatu daitekeenez, Munita toponimo zaharra da eta, XVI. mendean egun dagoen izen bera zegoen. Toponimoaren analisia izen hori jatortzat hartuko du, beraz, ez du kontuan hartuko beste izen zaharrago baten aldaera izatea. Toponimoaren hasierak antza du Muniegi eta Munibe bezalako toponimoekin. Hauetarako *muni hitz zaharra oinarritzat proposatu dugu, muino ezagunarekin lotura izan dezakeena. Baina badago oso izen antzeko bat, Munio antroponimoa, Muniosoro toponimoaren oinarria dena. Antroponimo honek eratorri batzuk izan zituen, Muniko antroponimo hipokoristikoa bezala, Munikosoroa eta Munikola toponimoetan dagoena. Muniko izenean Munio antroponimoaz gain, -ko atzizki txikigarria dago. Beharbada Munita toponimoa ere multzo horretakoa da eta toponimoa baino lehenago, antroponimoa izan zen. Lekuko zuzenik ez dago eskura, baina antroponimo ustezko honen egitura argia da, alde batetik Munio izena eta bestetik, -ita atzizki txikigarria edo hipokoristikoa. Berazkita eta Otsaita toponimoetan eite bereko antroponimoak daude, lehenaren lekukoak badira, baina Otsaita toponimoaren kasuan *Otsaeta edo *Otsaita berreraikiak dira. Munita toponimoari dagokionez, antroponimoa *Munita izan zitekeen edo *Munieta, baina lekukoetan ez da behin ere agertzen aldaera hori eta lekukotza zaharra da, XVI. mendetikoa.
Beste kontu bat dago, gutxi batzuetan -eta atzizkia aldatu zen -ita bezala agertuz, horrelakoak dira Arexita eta Labaita toponimoak. Azken honetan aldaketa bokal disimilazioak azal dezake, bestean zailagoa da azalbide hori.
Laburtuz eta kontuan izanik baserriak direla, normala da hauen oinarrian antroponimo bat izatea. Hori dela era, *Munita antroponimo emakumezkoa proposatzen dugu, Munio antroponimotik sortua, bukaeran -ita atzizki hipokoristikoa duela. *Munitaren lekukorik ez badago ere, izena osatzen duten bi elementuak oso ezagunak dira eta, alderdi semantikotik ez litzateke oztoporik.

martes, 10 de septiembre de 2019

Muniosoro toponimoa

Muniosoro toponimoa Zumaiakoa da. Egun, bi dira izen hori duten bi baserri, biak izen eratorriak, Muniosoroberri eta Muniosorobekoa. Eta duela mende erdi inguru, XX. mendearen bigarren erdialdean bazeuden bi izen: Muniosoro eta Muniosoro bekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan aurkitutakoak. Beraz, garai batean Muniosoro izango zen eta gero Muniosorobekoa sortuko zen eta azkenik, Muniosoroberri.
Lekuko zaharrenak ez dira antzinatasun handikoak baina toponimoa nahiko zaharra da, jakinik toponimoaren egitura, Munio antroponimoa eta soro izena. Munio, beste antroponimo asko bezala, ez zen heldu Erdi Aroaren bukaeraraino, eta horrek esan nahiko luke toponimoa Munio galdu baino lehenago sortuko zela, eta orduan Muniosoro izenak bost mende baino gehiago izan behar ditu.

martes, 9 de julio de 2019

Munitxaga toponimoa

Dima herri bizkaitarrean bada Munitxaga auzoa eta baserria, eta baita bi toponimo eratorri, Munitxagaburu basoa, Munitxagakorta basoa eta erreka.
Lekukoak Erdi Aroraino heltzen dira, Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo II liburuan bada ezagun den lekuko zaharrena, Martin de Munichaga, 86. agirian, 1492. urtean.
Beste lekukoa bost urtera agertu zen, Colección Documental de los Archivos Municipales de Guerricaiz, Larrabezua, Miravalles, Ochandiano, Ondárroa y Villaro liburuko Martin de Monichaga, 8. agirian, 1497. urtean. Beharbada gizon bera da, bi testutan aipatua.
Mende batzuk igaro eta Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoak askoz gehiago dira:
"Munichaga [N, TO]
Munichaga (la casa de), Dima, a.1796, FogVizcayaMs.
Munichaga (la casa de) [Olazabal (cofradia de)], Dima, a.1799, FogVizcayaMs.
Munichaga (la caseria de) [Olazabal (varrio de)], Dima, a.1745, FogVizcayaMs.
Munichaga (la cassa de) [Olazaual (barrio de)], Dima, a.1704, FogVizcayaMs.

Munichaga [N, NO]
Munichaga (J(ua)n de Bernaola) [Olazaual (barrio de)], Dima, a.1704, FogVizcayaMs."

Lekukoen arteko ezberdintasun bakarra lehenengo silabako /o/ bokala duena, ezaguna da o/u bokalen arteko hurbiltasuna, eta salbuespentzat har liteke, nahiz eta ezaguna ere izan on > un bilakaera, normalean sortalderagoko lurraldeetan nabarmena dena, cf. Undarribia, Hondarribia toponimoaren lekuko zaharra.
Analisi etimologikoa hasteko, Munitxa toponimoaz idatzia kontuan hartuko dugu. Beraz, *Munitxa antroponimoa bazen, Muni- 'Munio' + -txa egitura duena. *Munitxa behin izanez gero, -aga atzizkia gehitu eta Munitxaga sortuko zen. Toponimo honetan, beste askotan bezala, -aga atzizkiak ez du pluraltasun esanahirik, lekuzkoa baizik, Amunaga, Andreonaga edo Usandizaga toponimoak bezala.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

Munitxa toponimoa

Zornotzako toponimoa zen aspaldi, egun toponimo eratorrien bitartez baino ez da ezaguna Munitxa: Munitxabarri, Munitxabasoak, Munitxabeaskoa, Munitxaerdikoa, Munitxagan (hau Mañarian), eta
Munitxajauregi. XVIII. mendera jauzi eginez gero Munitxa soilaren lekukoak badira, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik jasoak:
"Municha [N, TO]
Municha (la caseria de), Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Municha_Ycazuri (la casa de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.
Municha_Jauregui (la cassa de) [Plaza (cofradia de la)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.

Municha [N, NO]
Municha (Domingo de) [Arraibi (la casa de)] [Chiruboqueta (uarrio de)], Lemona, a.1796,
FogVizcayaMs.
Municha (F(ernand)o de) [Goiri_Aurrecoa (la casa de)], Sondica, a.1796, FogVizcayaMs.
Municha (Joachin de) [Municha (la caseria de)], Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Municha (Josef de Burdaria y) [Dudagoytia_Ochoena (la casa nueba frente a la de)] [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1799, FogVizcayaMs..."
Toponimoak ez du aldaketarik erakutsi azken 250 urteetan, eta uste izatekoa da aurreko egoerari atxikia izan dela, aldaketarik gabe. Horretan oinarriturik, analisi etimologikoa proposatuko dugu. Muni- hasiera duten hemen aztertutako toponimoak bezala, oinarrian Muni- 'Munio' antroponimoa izango zen, eta ondoren -txa atzizki hipokoristikoa genuke. Atzizki honetaz informazioa eman zuen Alfonso Irigoienek, bere De re philologica linguae uasconicae V liburuko Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vasconica laneko 12. or.:
"(+ -TXA)
DOC. HIST. IB-22 Lopecha Obaco [la misma persona que Lope Obaco] a.1358-1359 PeajeNavarra (Vera-Lesaca) (29) 11-32. Esto acaso se debe a que la lengua vasca carece de moción de género, por lo que Lopecha en este caso está referido a una persona de sexo masculino.
En lengua vasca se emplea en neskatxa ‘muchacha’, de neska ‘moza’, en burutxa ‘mazorca desgranada de maíz, de lino’, de buru ‘cabeza’, etc."

Interesgarria da egiten duen oharra, -txa atzizkia gizon bat izendatzeko ere erabilia zela, nahiz eta hori orokorra ez den. Atzizki hipokoristikoetan nabarmena da -o/-a banaketa, nahiz eta beste bokalekin bukaera duten atzizkiak ere izan. Baina Otxoa, -a bukaera izan arren gizonezkoa bada, Otxando/Otxanda bikotean, lehenengoa gizon izena ohi zen eta Otxanda emakume izena.
Beraz, Muni- 'Munio' + -txa > *Munitxa antroponimo hipokoristikoa. Ezin jakin gizonezko izena ala emakumezko izena zen, lekuko zuzenik ere ez dira heldu, oraingoz. Baina *Munitxa izena zuen batek toponimo bat izendatzeko erabili zuten, bere jabegoa izango zelako, ziurrenik, eta horrela gure egunera heldu da, aspaldi galdutako antroponimo zaharra.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

jueves, 27 de junio de 2019

Munikorta toponimoa

Arabako toponimo honetan badago iturri bat, Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa:
"MUNICORTA, término de Aramayona."

Lekuko zaharragorik ez badago ere, toponimoak elementu ezagunak dituenez, analisirako aukera bada. Baina azalpen bakarrerako lekurik ez dago, toponimoak bi azalbide badituelako. Batetik Muni- 'Munio' antroponimoa eta korta, eta bestetik Muniko antroponimoa, blog honetan aztertutakoa, eta korta. Azken azalbide honetan, haplologia gertatuko zen, Muniko + korta > *Munikokorta > Munikorta, bi silaba berdinak batuz.
Ez dago jakiterik zein den interpretazio zuzena, biak posibleak direlako, eta oinarria Muniko izan bazen, haplologia toponimo sortu bezain laster gertatuko zen.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

martes, 18 de junio de 2019

Muniko antroponimoa

Muniko ez da oso antroponimo ugaria. Euskal Herriko lekuko gutxi ezagutzen zaizkio. Behin antroponimoa: Monico Munio, XI. mendekoa, Azkarate eta García Caminoren Estelas e inscripciones medievales del País Vasco liburuko 138. orrialdean, jatorria beharbada Arabakoa, hango Museo Arkeologikoan dagoelako. Gero, liburu berean, idazkunen onomastika azterketan, hauxe jarri zuten, 316. or.:
"27. Monico [18]; 28. Munin(co); 29. Munio [18, 22, 75, 81]; 30. Munnio. Izen honen oinarria den —Munio— hauxe da, agian, Sancio eta bere deribatuekin, bilduma erdiarotarretan gehien agertzen den pertsona-izena. Egia esan. bera da gure zerrenda laburrean gehien errepikatzen dena. Horren barianteak ere ugariak dira, bai oinarrizko formaren inguruan (Munius, Munio, Munnio, Munno, etab.) eta bai forma hipokoristikoetan (Monico, Muninco, etab.). J. Caro Barojaren esatez. «el nombre de Munio, Muño, tan conocido en la Edad Media, sobre todo en la zona vasca, fue el de los primeros poseedores de fundi», zeintzuek gero Muniain bezalako toki-izenak eman baitzituzten (1945; 74-75)."
Antroponimoaz gain, patronimikoa ere behin agertu da Erdi Aroko testuetan, A. Irigoienen Las lenguas de los vizcaínos: Antroponimia y toponimia medievales, 393. orrialdean Didaco Munnicoiz bizkaitarra dago, Cartulario de San Juan de la Peña izeneko liburutik hartua, 1053. urtekoa.
Nahiko argia da Munio eta Muniko izenen arteko lotura, azken hau Munio-ren hipokoristikoa litzateke, Muni- eratorpen aldaera eta -ko atzizi txikigarria dituela.
Lekuko urri hauei beste batzuk gehitzekoak lirateke, Errioxako agiri zaharretatik hartuak. Francisco Javier García Turzaren Documentacion medieval del monasterio de Valvanera liburuko 209. agirian, 1088-1116 urte inguruko agiri horretan bi dira Muniko dutenak (edo *Muñico?):
Munnico Garacia de Pareadiello
Munnio Munnico
Agiri horretako izenetan nahiko ugaria da Munio, beste bietan agertzen delako, bat antroponimo moduan, bestea patronimiko moduan:
Munio Sancio de Viniegra
Beila Munnioz
Errioxako lekuko hauek Munnico aldaera erakusten dute, sudurkari bikoitza dutenak. Munnico izan liteke euskal Muniko-ren kideak, lurralde erdaldunetan sudurkaria aldatu gabe geratu zelako. Baina bada beste aukera bat, erdaran sortua izatea. Villamoñico izeneko herria, Alberto González Rodríguez-en Diccionario etimológico de la toponimia mayor de Cantabria liburuan, 443. or.:
"Villamoñico (Valderredible)
Villamoñico < VILLA [DE] MOÑICO
Moñico es un antropónimo común en la Edad Media. Derivado del nombre personal MUNIUS, de origen prerromano"
Dirudienez, Moñico antroponimoa ezaguna zen gaztelaniaz. Beste toponimo eratorri bat izan liteke Ávilako Muñico herria, antroponimoa zena herri izen bihurtua. Hala izan bada, hedapen nahiko handia izan zuen Moñico/Muñico izenak, baina sorrera zein hizkuntzatan izan zen, erdaraz ala euskaraz? Muniko euskaraz azaltzea erraza da, lehenago erakutsi bezala, baina erdaraz ere, Muño antroponimoa eta -ico atzizki txikigarria lotuz Muñico sortuko zen. Beraz, sorkuntza bi hizkuntzetan gerta zitekeen, baina ezin jakin hori benetan gertatu zena edo hizkuntza batean sortu eta bestera mailegatu?

Muniola toponimoa

Muniola izeneko baserria badago Elgoibarren. Bildutako lekuko zaharrena XX. mende erdikoa da, Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburukoa, Muniola baserria aipatu zuela, Arriaga (San Antolin) auzokoa.
Toponimoa asko aldatu ez bada, erraza da analizatzeko. Bi elementu lituzke, beste toponimo asko bezala, kasu honetan muni- eta ola. Aukera bada Muni- edo Munio oinarri izateko. Blog honetako beste toponimo batzuetan bezala, Muni- 'Munio' antroponimoaren eratorpen aldaeratzat hartu dugu.
Ez dago zalantzarik toponimoa zaharra dela, beharbada garai batean *Munioola esan eta paperean jarria izan zen, baina lekuko ustezko hori argitaratu ezean, toponimo honen oinarrirako bi aukera daude, nahiz eta antroponimo berarenak izan.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

martes, 11 de junio de 2019

Muniegi toponimoa

Toponimo zahar hau Bergara eta Elgetako mugen artean omen zen. Erdi Aroko iturri bakarra Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) liburukoa da, agiri bakarrean lau lekuko daude:
el sel de Munyeguy
sel de Munyeguy
Munieguy
Munyeguy
Guztiak 49. agirikoak eta 1487. urtekoak dira. Hurrengo lekukoa bi mende geroagokoa da, Juan San Martinen Onomasticon 21: Eibar eta Elgetako toponomastika = Toponomástica de Eibar y Elgeta liburutik hartua, 151. or.
"Muniegi
1697: Montes de Muniegui (EAU, p. 56)."

Analisi etimologikoa nahiko argia litzateke, lekuko guztietak ez dutelako aldaerarik erakutsi, beraz, Muniegi litzateke aztertzekoa, eta bi lirateke bere elementuak, Muni- eta hegi. Lehenengoa behin baino gehiagotan agertu da blog honetan, adibidez, Munibe toponimoari eskainitako sarreran. Hipotesi antroponimikoa kontuan hartuz, Muni- 'Munio' antroponimoa litzateke toponimo honen oinarria eta bestea, hegi izen ezaguna.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

Munibe toponimoa

Bizkaiko toponimoa, Markin-Etxebarriko jauregia, hainbat toponimo eratorri ditu. Lekuko zaharrenak Erdi Arokoak dira, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuan badira hiru lekuko:
Pero Martines de Munibe (1. agiria, 1353. urtea),
Martin Martines de Munibe (43. agiria, 1488. urtea),
Maria Martines de Munibe (43. agiria, 1488. urtea)
Markinako agiri zaharretan ere badaude lekuko batzuk, Colección Documental del Archivo Municipal de Marquina (1355-1516) liburuko Pero abad de Munibe (3. agiria, 1459. urtea) eta Martin Martinez de Munibe (4. agiria, 1471. urtea).
Hiru mende eta geroko lekukoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Munibe [N, TO]
Munibe (el palacio de) [Alzaa (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796,
FogVizcayaMs.
Munibe (la caseria de), San_Andres de Echevarria, a.1745, FogVizcayaMs.
Muniue (la torre de), Marquina_Echauarria, a.1704, FogVizcayaMs.
Muniue (la torrezilla de), Marquina_Echauarria, a.1704, FogVizcayaMs.
Munibe_Chiquia (la casa de) [Alzaa (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796,
FogVizcayaMs.
Muniue_de_Yusso (la cassa de), Marquina_Echauarria, a.1704, FogVizcayaMs.
Munibe_Echea (la casa de) [Goencalle (en otro texto Somera)], Marquina, a.1796,
FogVizcayaMs.
Munibe_Menor (la caseria de), San_Andres de Echevarria, a.1745, FogVizcayaMs.
Munibe_Torrechu (la casa de) [Alzaa (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796,
FogVizcayaMs.
Munibe_Torrechua (la caseria de), San_Andres de Echevarria, a.1745, FogVizcayaMs."
Koldo Mitxelenak toponimoa aipatu zuen bere Apellidos vascos liburuan:
"456. — muni (vizc.) «ribazo». var. de muna: Munibe. Poco seguro."

Kontuan hartuz muino hitz zaharraren eratorpen aldaera mu(i)na- izan zitekeela, -o > -a bilakaera ezaguna bazela: arto -> arta-, otso -> otsa-, mu(i)no -> mu(i)na-... Baina muni- ustezko aldaera ez zaio ongi egokitzen lehenago azaldutako eskema horri. Badago beste azalbide bat, Muni- elementu antroponimikotzat hartuz. Horrela, Muni- + -be > Munibe. Muni- 'Munio' izango zen eta -be beheko aldea, edo A. Irigoienek inoiz azaldu bezala, 'lur eremua'.
Beraz, goiko lerroetako etimologia ontzat hartuz gero, Munibe izango zen Muni(o) izenekoaren lur eremua.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

sábado, 18 de mayo de 2019

Muniaran toponimoa

Bizkaiko Murueta herriko toponimoa. Lekuko zaharrenak Erdi Arokoak dira. Lehenengoa badago Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Pleitos. Tomo IV liburuan: Pero Ybannes de Muniaran, 19. agiria, 1456. urtekoa. Hurrengo mendeko lekukoa dago Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio. Tomo IV. (1514-1520) liburuan: Rodrigo de Muniaran, 225. agiria, 1514. urtekoa
Lekuko berriagoak, XVII. eta XVIII. mendeetako batzuk badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Muniaran [N, TO]
Muniaran (la casa de), Murueta, a.1641, FogVizcayaMs.
Muniaran (la casa torre de), Murueta, a.1745, FogVizcayaMs.
Muniaran (la caseria de), Murueta, a.1745, FogVizcayaMs.
Muniaran (la cassa de), Murueta, a.1704, FogVizcayaMs.
Muniaran (la torre de), Murueta, a.1704, FogVizcayaMs., a.1796, FogVizcayaMs.
Muniaran (otra casa de), Murueta, a.1641, FogVizcayaMs.
Muniaran_Goicoa (la casa de), Murueta, a.1796, FogVizcayaMs."

Toponimo hau oso egonkorra izan da, Erdi Arotik hona ez da inolako aldaerarik agertu. Beraz, Muniaran da aztertu beharreko izena eta, beste gehienetan bezala, bi elementu lituzke, muni- eta haran. Muliate toponimoan bezala, badira hiru aukera hasierako muni- azaltzeko, Munio antroponimoan oinarrituta: Muni- eratorpen aldaera, Munia emakumezko aldaera eta *Munioharan zaharrago batean tarteko /o/ bokala galduta. Muliate toponimoan bezala, hiruretatik ezin bat aukeratu, baina behintzat oinarrian Munio antroponimoa izan zelako gutxieneko ziurtasuna bada.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

Muliate toponimoa

Hondarribiko leku izen honi buruzko informazio guztia Hondarribiko toponimia liburutik hartu da, 622. or.:
"Muliate
Kontzeptua: Lekua
Iturriak:
1587: muliate E-7-I-1-15
1604: muliate E-7-II-3-15 (1. or.)
1649: muliate E-7-I-17-1 (1. or.)
1722: muliatte C-5-II-7-6
1874: Muliate Reg. 13 (40. or.)
1880: Mullate Reg. 13 (41. or.)
1945: Muliata Amil. (171. or.)
Kokagunea: 41.50.6
Oharrak: “mançanal en el terminado llamado muliate” E-7-I-1-15. E-7-II-3-15ean “terminado muliate” eta “terminado chiplau” toki bera izango balira bezala erabiltzen dituzte."
Toponimoa XVI. mendetik nahiko egonkorra izan da, bi elementuz osaturik izango zen, muli- ezezaguna eta ate izen arrunta. Etimologiak ezezaguna dena argitu behar badu, muli- horri azalpena bilatu behar dio. Beste batzuetan bezala, aldaketa fonetikoren bat gertatu zen, zehatzago, disimilazio bat, bi sudurkari izango ziren lekuan, aldaketa gertatu eta bat aldatuko zen: m-n > m-l? Atzerako urratsa egin eta *Muniate eskuratuko genuke. Muni- zaharrago hau Munio antroponimoarekin lotu liteke. Izen honetaz informazio zabalena J. Viejoren La onomástica asturiana bajomedieval tesian bada:
"Munno, Monnin (m.)
[...]
Origen: En época romana se registran antropónimos como MONIUS, MONNIUS, MONNUS, MONNINUS, MONINUS, MONNO(ONIS) (Forcellini 6, 287; Solin 1994: 121), MUNIUS, MUNNIUS (Forcellini 6,296; Solin 1994: 123), MUNNUS, MUNNA, MUNNINUS, MUNINUS, MUNNINIUS (Forcellini 6 296-297; Abascal Palazón 1995: 187-188 y 433), que, aunque ocasionalmente pudieran ser explicados desde un griego MONIO «solitario», dada la procedencia hispana de los propios testimonios, parecen remitir en la mayor parte de los casos a un origen prelatino de difícil precisión (Albertos Firmat 1966: 159-162). Aparte de los citados y de sus continuadores medievales aquí estudiados, la raíz antroponímica MUN- se repite en otros nombres personales de la antigüedad como MUNE, MUNNIANUS o MUNIGALICUS, forma, ésta última, cuyas dos únicas constataciones se registran en territorio ástur (Abascal Palazón 1995: 433; Diego Santos 1985: 83-85; Diego Santos 1986: 292) (307). Por contra, en época medieval, el primer testimonio asturiano de esta raíz onomástica es la forma femenina Munia o Munnina (infra), nombre de la madre del rey Alfonso II, de origen vasco (308). En atención a este último dato, podría buscarse su origen en una base pirenaica.
————
307 Recuérdese también el topónimo occidental Muñás (Valdés): Munnas a.1333 (or.) CDSPelayoOviedo 2,110 n°58.
308 De acuerdo con la Crónica Rotense Muninam (ChronAsturianas 134), mientras que la Sebastianense da Munniam (ChronAsturianas 135)."

Aukera batzuk badira toponimoa azaltzeko, kontuan izanik Munio antroponimotik aldaketa bat badela toponimoan, hain zuzen, /o/ bokalik ez dagoela. Izan liteke Muni- eratorpen aldaera? Munia, emakumezko aldaera? Edo, azkena, lehenago *Munioate izango zen eta gero bokalen zegoen /o/ bokala galdu? Ezin da, oraingoz, aukera hauetako bat ere kendu. Beharbada, jakinik toponimoetan agertzen dira antroponimo gehienak gizonezkoak direla, aukera gutxiago Munia antroponimoak izango lituzkeela, baina hau ere, ez da ezinezkoa.

Eguneraketa (21-07-20)
Muniskoa toponimoa aztertzerakoan Munio antroponimoaren eratorriaren aukera kontuan hartu dugu, baina toponimoak muino bat izendatzen duenez, *muni hitz galduaren aukera azaldu da. Hitz honek lotura izango luke muino hitzarekin, baina ez zen bere eratorpen aldaera, hori muina- delako, cf. Muñagorri.

viernes, 14 de diciembre de 2018

Atxamuño toponimoa

Atxamuño toponimoa Araban bada, Bernedo eta Arraia-Maeztu artean.
Lekuko gehiago eta zaharragoak, 1767. urtekoak, José Antonio González Salazar-en Montaña alavesa. Comunidades y pastores liburuan, 394. or.:
portillo de ACHAMUNIO
paso de ACHAMUÑO
portillo de ACHAMUÑO
Kontuan izanik mendi aldeko toponimoa dela, edonork uste lezake hasierako elementua atx 'haitz' dela, eta bukaerakoa muino. Biak egokiak toponimoaren kokapen geografikoa dela eta. Baina geratuko litzateke fonema bat, bokal bat azaldu gabe, atx-a-muño. Ez da oztopo gaindiezina, baina bada beste azalpen bat, arazorik gabe toponimo osoa azaltzen duena, hipotesi antroponimikoa.
Toponimoa bi elementuz osaturik izango litzateke, Atxa 'Aita' eta Munio. Lehenengoa ezaguna da, blog honetan beste bi toponimotan ere agertu delako, Atxamiku toponimoan eta Txarabitana toponimoan. Beraz, Arabako hiru toponimotan Atxa 'Aita' elementu antroponimikoa izango litzateke.
Munio antroponimoa ezaguna izan zen Erdi Aroan, baina oinarriak, beharbada, aurreko garaietan baditu. Behintzat, lehenengo milurtearen bukaeraren aldean bizirik zegoen, eta gero itzali zen.