sábado, 21 de noviembre de 2020

Atsegina toponimoa

 Zeanuriko toponimo honen lekukotza nahiko txikia da, XVIII. mendearen bukaerako bi lekuko baino ez dira eskuratu, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan jasoak:

Aceguina [N, TO]
Azeguina (la casa de) [Ybarguen (cofradia de)], Ceanuri, a.1799, FogVizcayaMs.

Acequina [N, TO]
Acequina (la casa taberna de) [Ypinaburu (cofradia de)], Ceanuri, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekukoen grafia nahasgarria da, afrikatua jartzeko <c> eta <z> grafien bitartez islatu dute, beharbada txistukari neutralizazioa gertatua zen eta egun <ts> eta <tz> idazten ditugun afrikatuak batuak ziren eta lekukoen grafietan <tz> islatu nahi zuten, horixe delako bi afrikatuen neutralizaziotik geratzen den afrikatua.
Grafiaren beste kontua belarearena da, batean <gu> eta bestean <qu>, bitasun horretan etimologia lagungarria izan da, atsegin hitza ezaguna delako eta toponimian ere aztarren txikia utzi du. Hala agertzen da Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan:
109. — atsegin «placer»: Aseguinolaza.
Errenterian badago Atseginsoro izeneko bizkarra, hegia. Toponimo honetan atsegin + soro izango genituzke. Hiru toponimoetako atsegin, beharbada, ez zer hitz arrunta, izengoitia izan liteke. Horrela ongi azalduko lirateke agerpen toponimiko hauek, Zeanuriko Atsegina izango zen jabeak izan zezakeen izengoitia eta berdin beste bi toponimoetan. Atseginsoro izenean, esaterako, soro atsegina izango bazen, ordena bestelakoa izango zen, hizkera arruntean den bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario