martes, 10 de noviembre de 2020

Oierotena eta Oiorotena toponimoak

 Toponimo hauek Baztanen agertu ziren, XVIII. mendearen hasieran, bata Bozate auzoan eta bestea Iruritan. Biak Patxi Ondarraren Apeo de Baztán (1726-1727) izeneko lanetik hartuak.
Oierotena, Bozate auzokoa, 12. orrialdean dago:

90. Oierottena, Pedro de Beñattena
Oiorotena, Iruritakoa, 35. orrialdean dago:
59. Oiorottena, Juan de Sasttrearena
Bi lekukoetan lehenik etxe izena dago eta ondoren jabearena. Bi lekukoetako <tt> grafia itxurazkoa da, dirudienez /t/ fonema baino besterik ez du ordezkatzen.
Bi etxe izenetan ezberdintasun bakarra dago, bigarren silabako e/o bokala, baina jatorrizkoa /e/ da, bestea asimilazioaren ondorioa da: o-e > o-o, antzekoa gertatu da antzeko beste hitz batzuekin, cf. hogoi '20'.
Oinarria, eta kasu honetan antroponimoa, Oierot da, Oier + -ot atzizkiaz osatua, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan agertzen den bezala, 178. or.:
Oierot (Oier; ikus Aujerot): Ogerot de Anssa (Ahatsa, 1368, Goih., 1966: 116), Ogerot de Garro (Gerezieta, 1379, ibid., 32), Ogerot de Masparraute (Martxueta?, 1401, ibid., 287), Ogerot de Echeverria (1412, Castro, XXIX, 28, 27. or.), Ogerot de Lauez (1413, ibid., XXX, 94, 47. or.), Ogerot de Ayça (ibid., 484, 238. or. = Oger de Ayça, ibid., 491 = «Oger, señor de Hayça», ibid., 517), Ojerot graxitorena (Irur., 1529, Eo.p., 1, 69), Ojerot de muru (Amatriain, 1529, Amatriaingo jauregia).
Beharbada Oierot hipokoristikoa ez da euskaraz osatua, *Oierrot sortu beharko zuelako. Litekeena da izen hori mailegatua izatea, iparraldetik. Baztanen lotura iparraldeko lurraldeekin ezaguna da.
Toponimoaren azken zatian etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a atzizkiak, jabetasuna adierazteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario