miércoles, 13 de abril de 2022

Belaztan toponimoa

Belaztan da Aralarko aurkintza baten izena. Toponimo honen informazioa Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian Belaztan orritik jaso da. Lekukotza oso urrikoa da, lekuko zaharrik ez dago eta bildutako guztiak gaur egungoak dira:

belaztan (1993)
Belaztan (2019)
Aldaerarik ez dago eta, beraz, analizatzeko izen bakarra dago. Oinarriko elementua argiena da, ia aldaketarik gabe agertzen delako, belatz hegazti izena edo eite bereko antroponimoa, Erdi Aroko lekuko zaharrenetan izengoiti erabilera nabaria da:
1 belatz.
Onom.: Agro de Gomiz Belaza. (963) BGCard 15. Nunnu Belagga. (991) Arzam 165. Alia vinea en valleio de belaza. (1084) Ib. 165. In belatz mendia. (1235) Ib. 165.
Hasierako bi lekuko hauetan ziurra da izengoitia dela, eta hirugarrenean antroponimoa litzateke. Azkenean antroponimoa zein hegazti izena izan zitekeen.
Belaztan izenaren oinarria ziurra da, baina azken elementuan aldaketaren bat gertatuko zen, hemen proposatuko denaren arabera, haran izango zen bigarren elementua. Beraz, belatz/Belatz + haran > *Belaztaran > *Belaztaan > Belaztan. Bilakaera berdintsua Lizarlan toponimoan ere gertatuko zen.
Toponimoak lekuko zaharrik ez izateak analisia zailtzen du, proposatzen diren aldaketak, ezohikoak ez badira ere, hipotetikoak dira eta horrek zalantzarako lekua uzten du. Gainera, ez da ahaztu behar toponimo oso antzekoa dagoela Pirinioz iparraldeko eremuan, Gère-Bélesten da Frantziako Pirinio Atlantikoak departamenduan dagoen udalerria. Antzekotasun nabarmena da eta gainera, badirudi toponimo horren etimologia euskara zaharrean aurki daitekeela. Horrela, A. Irigoienek, bere Estratificaciones toponímicas de tipo vasco en la Vallée d'Ossau (Béarn) lanean hauxe izkribatu zuen, 209. or.:
Belesten, ch. B. de Layris de Belesten a. 1277 CartOssau 3A (p. 56); Arnaut de Sacase de
Belesten
a. 1328 CartOssau 10A (p. 70); Bernat Clavarie de Belesten a.a.1356 CartOssau 14A (p. 92). La forma Belesten nos recuerda a Belex, Belexconis, genitivo con sufijo -co, CIL 167, Harbelex CIL 85, y ai sufijo -ten de Sembetten CIL 59, Cisonten CIL 337, aplicado a sembe > actual seme 'hijo', y a cison > actual gizon 'hombre', etc., cuyas formas aparecen en incripciones aquitanas de época romana.
Ezin da baztertu Aralarko toponimoan horrelako egitura izatea eta mendeen joanean izena eraldatzea, euskarazko egungo hitzetara egokituz. Baina lekuko zaharrik ez dagoenez, ezin da ziurtatu. Gainera, mendi aldeko toponimoa izanik, belatz + haran izen elkarketa izatea ez litzateke harrigarria izango.

No hay comentarios:

Publicar un comentario