Txarboran antroponimo hipokoristikoa behin agertzen da, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 45. agirian 1504. urtean Charborán de Esaiz dago.
Liburu beraren beste agiri batzuetan agertzen dira oso antzekoak diren izenak, 18. agirian, 1409. urtean, 53. or. Borborán de Vgarte, 61. or. Corborán de Vgarte eta 64. or. Gorborán de Vgarte. Liburuaren beste agiri batean, 27. agirian 1541. urtean Gorborán de Ybarluçea. Azkenik, Txarboran izena agertzen den agiri berean beste bi izen daude, 45. agirian 1504. urtean, Borboran eta Borboran de Echeverria, beharbada pertsona bera.
Beraz, hiru aldaera ezagunak zaizkugu Ataungo agiri zaharrenetan: Borboran, Corborán eta Gorborán. Hasierako herskariari dagokionak dira guztiak, batean, beharbada, asimilazioa izan da, bigarren silabako ezpainkariak hasierako herskaria asimilatu du, b-b sortuz. Besteetan, hasierako herskaria ahostundu da edo ahoskabetu, baina izenek Gorbaran toponimoa oroitarazten dute, aipatutako antroponimotik sortua. Sarrera horretan Erdi Aroko lekuko gehiago daude, Nafarroako agirietatik jasoak.
Aipagarria da C- > Tx- bilakaera gertatzeaz gain, hipokoristikoak sortzeko bide ohikoa, hasierako bokala ere aldatua dela, beste guztietan /o/ delako. P. Salaberrik Izen ttipiak euskaraz liburuan antroponimo oso antzekoa aipatzen du, 62. or:
Korboran (eta Gorboran inoiz) -> Txorboran: Chorboran de Echayz (Amezketa, 1519, Aierbe, 2006, 314, 345. or. Badaiteke Ch- hori [k] irakurri behar izatea, ez [c], baina hirutan azaltzen da, ez behin bakarrik) = Chorboran de Esays (ibid., 347. or.).Bata Charborán de Esaiz da eta bestea Chorboran de Echayz, ziurrenik petsona bera da. Ezin da erabat baztertu, Txarboranen lehenengo bokala akatsa izatea. Jatorrizko izenaren egonkortasuna ez da handia, lekukoak ikusi besterik ez dago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario