Mostrando entradas con la etiqueta -ain. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta -ain. Mostrar todas las entradas

sábado, 10 de abril de 2021

Zabalain toponimoa

Arrasateko baserrien artean Zabalain izenekoa dago. toponimo honen gaineko informazioa Arrasateko toponimia liburutik eskuratu da, 210-211. orrialdeetan:


Lekuko zaharrenetan Zabalain agertzen da, Zavalain (1562), Zabalayn (1691). Hala ere, hurrengo mendean bigarren bokala aldaturik agertzen da, /o/ bihurtuz, eta gerora aldaera hori nagusiturik agertzen da, baina Zabalain galdu gabe.
Toponimoak bi elementu lituzke, zabal eta -ain atzizkia. Ez da egitura ohikoa, atzizki horrekin antroponimoak izan ohi direlako. Hala ere, badaude toponimo gutxi batzuk aipatutako egituratik aldendu direnak, Agiñain eta Azkarrain toponimoak bezala.

jueves, 3 de diciembre de 2020

Agiñain toponimoa

 Arrasateko toponimo honen lekukoak XVI. mendearen bukaeratik XX. mendearen bukaera alderaino heltzen dira. Lekukoak hartu dira Arrasateko toponimia liburutik, 104. orrialdean:


 Toponimoak egonkortasun handia erakutsi du azken mendeetan ia aldaketarik gabe iraun duelako. Ziurrenik gehien aldentzen dena 1979. urteko Aguingain da, beharbada toponimoaren berrinterpretazio bat.
Toponimo honek bi elementu izan ditzake, hagin, zuhaitz izena, eta -ain atzizkia. Normalean atzizki hori antroponimoen ondoren agertu ohi da toponimian, baina toponimoa nahiko zaharra da eta, beharbada, toponimo honetan dagoena ez da aldaketaren ondorioa izan. Badago beste toponimo bat antzekoa, Azkarrain, azkar zuhaitz izena oinarrian duena, eta azken aldean, berriro, -ain atzizkia.
Beharbada bi toponimo hauetan laburketaren bat gertatu da, baina datuek, oraingoz, ez dute horrelakorik berresten.

martes, 10 de noviembre de 2020

Azkarrain toponimoa

 Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Azkarrain, XVI. mendeko bi lekukoren bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 141. or.:

Azkarrain
DOC.: Azcarrayn (C. m. a.: 1529), Escarrayn (1544).
OBS.: Arrendados juntos los términos de San Martín de Eldur, Escarrayn, Galdarrayn y Belaztegui.
Dirudienez, toponimoa galdua da eta bi lekuko horiek baino gehiagorik ez dago. Bitxia da urte beretsuetan bildutako izenetan ezberdintasun nabarmena aurkitzea. Dena den, aldaketak txikiak dira, bokal hasieran a/e bezalakoa edo s/z herskari horzkariaren aurrean. Beharbada garai hartako hiztunen artean bazen horrelako bikoiztasuna.
Toponimoaren analisia egiterakoan, banaketa agerikoa litzateke, azkar zuhaitz izena eta -ain atzizkia. Baina hau oso egitura bitxia da, atzizki hori antroponimoekin lotu ohi delako. Hala ere, toponimoaren bi lekukoak nahiko zaharrak dira eta badira toponimo batzuk gehiago, egitura bitxi hori omen dutenak eta blog honetan aztertuko direnak.

martes, 30 de junio de 2020

Esterain toponimoa

Zarauzko baserrien artean bada Esterain.
Lekuko zaharrik eskura ez badago ere, aldaketa txiki baten beharra baino ez dago toponimo argia izateko, bokal asimilazio bat, ziurrenik.
Ezterenzubi toponimoa aztertzerakoan, Nafarroako Astrain izeneko herria aipatua izan zen eta han gaineratu genuen aldaera zaharra Azterain zela, Zarauzko Esterain ia berdina. Bi aldaketa gertatu dira, batetik hasierako bokala aldatu da, beharbada asimilazioaz, a-e > e-e? Hori gertatu zitzaion Ezterenzubi toponimoari ere. Bestea, txistukariaren aldaketa, eta hori Nafarroako Astrain izenean ere gertatu da.
Aipatutako beste toponimoak bezala, -ain atzizkia genuke bukaeran eta oinarrian antroponimo bat, Asterius delakoa egokiena dena, euskaraz txistukariak egokitzapena jaso zuen, nahiz eta gerora, hau ere aldatu da, Pirinioz hegoaldeko bi toponimoetan.

martes, 25 de febrero de 2020

Mikindain toponimoa

Uribarri Arratzuko leku izen honek lekuko zaharrik ez du, baina aurkitutako biek forma bera erakusten dute, biak XX. mendekoak izanik. Gerardo Lopez de Gereñuren Onomasticon 5: Toponimia alavesa : seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburukoa lehenengo lekukoa litzateke:
MIQUINDAIN, pozo y término de Ullíbarri Arrazua
Gonzalez Salazar Cuadernos de toponimia 5. Vitoria-Gasteiz liburuko lekukoa gerokoa da, baita XX. mendekoa ere, 73. or.:
36.— Miquindain.
Toponimoaren egituraz, oinarrian antroponimo bat izan liteke, baina bigarren zatia ilunagoa da. Gerta liteke Pikandiain toponimoarekin bezala, azken zatia gain izena, 'tontor', edo -ain atzizkia izatea, baina badirudi Uribarri Arratzuko eskualdean gan erabiltzen zela, ez gain. Beraz, antroponimorako bi aukera daude, Vincentius latina edo Bikendi, bere euskal ondorengoa. Azken zatia -ain atzizkia izan liteke. Toponimoa bi garai ezberdinetan sortu zitekeen, erromatar aroan izan bazen, Vincentius antroponimotik izango zen, baina ezaguna da batzuetan -ain bukaera duten toponimo batzuk Erdi Aroan sortu zirela, eta hori ere izan liteke Mikindain toponimoaren sorrera-data.
Gerora, aldaketa batzuk gertatu ziren mendeen joanean, nabarmenena, b-n > m-n, Mikendi toponimoan bezala.

martes, 26 de junio de 2018

Izurrain toponimoa

Leaburuko baserrien artean bada Izurrain izenekoa.
Lekukoak Erdi Arotikoak badira ere, ez dute aldaketarik erakusten:
Anton de Yçurrayn, 10. agiria, 1450. urtekoa, Colección Diplomática del Archivo Municipal de Tolosa. Tomo II (1420-1499).
Pedro d’Içurrayn, 239. agiria, 1425. urtekoa, Los señores de la guerra y de la tierra.
Ezagutzen denetik aldaketarik jaso ez badu, behar bada sortu zenetik agirietara agertu arte ere ez zen aldatu. Hala izan bazen toponimoa bi zatiz osaturik egon liteke, izur- eta -ain.
Mitxelenak bere Apellidos vascos izenburuko liburuan izur aipatu zuen:
"349b.—izur «dobladillo, pliegue» «rizo» (Luchaire lo traduce «ridé, frisé», con razón sin duda): Manxo Içurra (Luchaire, Leire, 980), Sancho Içurra (Lacarra, 248). Efectivamente, en Etcheberri de Sara, Obras, p. 106, adatsa içur, eta croscoila significa «la cabellera rizada y crespa». Cf. Crispus, Crespo, galo Crixos. El ap. Ijurco podría ser un diminutivo, *ixur de izur."
Izur erabili izan zen Erdi Aroko onomastikan eta Mitxelenak jarri dituen adibideez gain, gehiago badira, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburutik hartuak:
Miguel de Yzurr, 8. agiria, 1399. urtekoa.
Juan Yzurr, 8. agiria, 1399. urtekoa.
Beraz, Izur izengoiti bezala ezaguna izan zen eta baliteke toponimo honetan, jabetza adierazteko -ain atzizkia erabiltzea. Nafarroan oso ezaguna da herri izenetan askotan agertzen delako baina Gipuzkoan ere, ugariak dira -ain atzizkia duten leku izenak, herri izenak gutxi dira baina mikrotoponimian ugariak dira, blog honetan aztertutako Biurrain bezala. Ziurrenik honek ere egitura hori badu.
Izurrain litzateke Izur izengoitiak eratorritako toponimo bat.