Mostrando entradas con la etiqueta azkar. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta azkar. Mostrar todas las entradas

martes, 10 de noviembre de 2020

Azkarrain toponimoa

 Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Azkarrain, XVI. mendeko bi lekukoren bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 141. or.:

Azkarrain
DOC.: Azcarrayn (C. m. a.: 1529), Escarrayn (1544).
OBS.: Arrendados juntos los términos de San Martín de Eldur, Escarrayn, Galdarrayn y Belaztegui.
Dirudienez, toponimoa galdua da eta bi lekuko horiek baino gehiagorik ez dago. Bitxia da urte beretsuetan bildutako izenetan ezberdintasun nabarmena aurkitzea. Dena den, aldaketak txikiak dira, bokal hasieran a/e bezalakoa edo s/z herskari horzkariaren aurrean. Beharbada garai hartako hiztunen artean bazen horrelako bikoiztasuna.
Toponimoaren analisia egiterakoan, banaketa agerikoa litzateke, azkar zuhaitz izena eta -ain atzizkia. Baina hau oso egitura bitxia da, atzizki hori antroponimoekin lotu ohi delako. Hala ere, toponimoaren bi lekukoak nahiko zaharrak dira eta badira toponimo batzuk gehiago, egitura bitxi hori omen dutenak eta blog honetan aztertuko direnak.

martes, 20 de octubre de 2020

Askasibar toponimoa

 Askasibar izeneko baserriak badaude Bergaran eta Arrasaten, herri mugakideak direnak. Arrasateko toponimoaren lekuko zaharrena XV. mendekoa da, beraz, toponimo goiztiarra da. Arrasateko toponimia liburuan badira toponimo honen lekuko zahar eta berri, 219. or.:


 Toponimoa ez da aldatu azken mendeetan, nahiz eta aldaketa gutxi batzuk izan txistukarietan, sartaldeko euskaran gertatutako neutralizazioagatik.
Etimologia emateko orduan, argi dago azken zatia ibar dela, hitz ezaguna. Hasierakoa ilunagoa da, aldaketa txiki bat gertatu delako, rz > s, hain zuzen. Aldaketa bera Ibaseta toponimoan izan zen, jatorriz *Ibarzeta izango zelako. Askasibar toponimoan, aldiz, *Askarzibar zaharragoa izango zen jatorrizkoa, azkar + -tza + ibar elementuak banaturik.
Azkar zuhaitz izena da, eta toponimian ondorengo ugari utziak ditu. Orotariko Euskal Hiztegiko hitz honen sarrera:
azkar. (V-m-gip; Dv (V)), azkarro (G-goi), askar (V-gip; Lcq 62, A, que cita msLond). Ref.: A; AEF 1955, 72; Iz ArOñ (askar); Elexp Berg .
Arce. Cf. LzG: "azcarro, árbol; arce"; "ascarrio, árbol; arce (LC Lopidana, hacia 1800, vienen varios años en que se rematan suertes de ascarrios)";"puedan podar para hoja los azcarros" (OM San Vicente Arana, 1667)". v. astigar.
Eukalitus, azkar [...] eta urretxak. (1918) ForuAB137. Azkarrak, alboan, / berderik zeunkazan. Gand Elorri 126.
Askasibar sortzean gerta liteke asimilazioa jasatea, hau da, jatorriz *Azkasibar izan eta ondoren bi txistukariak berdindu ziren. Dena den, ez dago horrelako lekukorik.