Mostrando entradas con la etiqueta Antsa. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Antsa. Mostrar todas las entradas

viernes, 16 de junio de 2023

Antsauri toponimoa

 Antsauri da Orozkoko baserri bat. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Agertu dira bi deitura oso antzekoak, Ansauri eta Ansouri, biek oso lekukotza zaharra dute baina urria:

 

 

Antsouriren kasuan lekukoen erdiak Zamudiokoak dira. Kontuan izanik egungo izena lekuko zaharrak, Antsauri litzateke jatorrizko izena, baina Ansouri ere bada eta azaldu beharra dago. Normalean antroponimoetan ez da egokitzapenik egiten, hau da, otso izen arruntaren eratorrietan otsa- agertzen da askotan, otsail hil izenean esaterako. Antroponimoek, aldiz, izena osorik gorde ohi dute, nahiz eta salbuespenik izan, Beraskaburu toponimoan bezala, lekuko zaharrenetan Beraskoburua delako. Hau ere gerta lekioke Orozkoko toponimoari, jatorrian Antsouri izan eta aldatu, Antsauri bihurtuz. Baina bildutako lekuko zaharrenetan bi izenak agertu dira, /a/ eta /o/ bokalak daudela. Bestela ere gerta zitekeen, jatorriz Antsauri izan eta hiztun batzuek, hiperzuzenketaz, Antsouri ezarriz.
Eskura dauden datuekin ezin jakin hasierako antroponimoa Antso ala Antsa zen, hau gizonezkoa ala emakumezkoa. Azken elementua huri da, hiri hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Azken hau ez bezala, huri askotan agertzen da toponimian antroponimo baten ondoren.

martes, 12 de febrero de 2019

Andransolo toponimoa

Toponimo hau behin baino ez da agertzen, Araban eta XVIII. mendearen hasieran. Iturria G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburu aipagarrian bada:
"ANDRANSOLO, 1722, labrantío de Virgala Mayor."
Uste badugu toponimoak ez duela jaso idazketa, kopia edo irakurketa arazorik, dagoen lekuko bakarretik hasi beharra dago azterketa etimologikoa, toponimoaren elementuak antzemateko asmoz. Zatiketa Andran- eta solo litzateke, azkena hitz ezaguna da, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Baina hasierakoa iluna da, andra izena izan liteke baina /n/ sudurkariak azalpena behar du. Zenbaitetan aldaketak gertatzen dira bi elementu elkartzen direnean, adibidez: haritz + -di > harizti. Izen elkartuaren bi elementuek aldaketak jaso dituzte, haritz izenak afrikatua aldatu eta orain frikaria da, bitartean -di atzizkiaren herskaria ahoskabetu da, d > t bihurtuz aurreko afrikatuaren bitartez.
Andransolo toponimoan bada beste aldaketa mota bat, lehenengo elementuaren bukaera eta bigarrenaren hasiera elkartu dira, berdintsuak zirelako. Oinarrian Andransa antroponimoa bazen, elkartzerakoan *Andransasolo sortuko zen, baina lotura guneko bi silabak oso antzekoak ziren, sa eta so eta batu dira, haplologia izeneko prozesuaren bidez.
Andransa antroponimoaren lekuko toponimikoak agertu dira blog honetan, Andransakorta eta Andransamendi toponimoak. Beraz, hiru toponimo lirateke antroponimo horretatik sortuak, hirurak sartaldean.

sábado, 9 de febrero de 2019

Andransamendi toponimoa

Toponimo hau Arabakoa zen, Ariz herrikoa (gaztelaniaz Aríñez). Lekuko bakarra dago, XVI. mende hasierakoa eta G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan jasoa:
"ANDRANSAMENDI, 1517, labrantío de Ariñez."
Toponimoaren azterketa erraza da kontuan izanik lehenengo elementua Andransa antroponimoa dela. Andransakorta sarreran bere etimologia eta hainbat adibide agetzen dira. Hemen, antroponimoaren beste lekuko bat gehituko dugu A. Irigoienek bildutako kopuru txikiari, Repartimientos y Foguera-Vecindario de Bilbao (1464-1492) liburukoa, hain zuzen:
"Andrransa de Çeberyo (1. agiria, 1464. urtekoa),
Andra Ansa de Çeberyo (2. agiria, 1470. urte eta gero),
Andraansa de Çeberyo (3. agiria, 1473-1475. urte inguruan)."
Pertsona bera izango zen emakume hau, Andra Antsa Zeberioko, nahiz eta hiru era ezberdinez idatzi bere izena.
Andransakorta toponimoaren sarrerako antroponimo honen lekukoak nafarrak baziren, aipatutako Andra Antsa Zeberioko bazen sartaldekoa, Bizkaikoa, ez oso urrun Arabako toponimotik, baita ere Andransakorta gipuzkoarretik.

martes, 5 de febrero de 2019

Andransakorta toponimoa

Leintz haraneko toponimoa zen, saroe baten izena, zehatzago. Archivos Municipales (1260-1520): Antzuola (1489-1497), Aretxabaleta (1506), Eskoriatza (1260-1519) y Leintz-Gatzaga (Salinas de Léniz) (1372-1516) liburuan badira lekuko batzuk: Andransacorta (1514. urtea, 23. agiria), sel de Andransacorta (1514. urtea, 24. agiria), Andransacorta (1514. urtea, 26. agiria) eta Andrausacorta (1515. urtea, 30. agiria). Lekuko guztiak berdinak dira, azkena izan ezik, baina horrek azalpen erraza badu, kakografia gertatu da, <n> zena <u> bezala hartu delako.
Toponimoaren analisia egiteko, ezagunetik hasi beharra dago, eta hori korta litzateke. Geratzen den zatia aztertzea ez da zaila, antroponimo delako, ez oso zabaldua baina bere elementuak ezagunak dira, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan bada:
"3.17. ANDRE ANSA: Andre Ansa, (1366, PN-XIV, F.Sang., 504 orr.), Nauascues-en.
Ikus XIII menderako ANDRANSSA Nafarroan: circa peçam de Andranssa, (1226, El gran Pr. Nav., dok. 198). Ikus SANSO."
Beraz, bi elementuz osatutako antroponimoa litzateke, alde batetik andre eta bestetik Ansa, Antso-ren emakumezko aldaera. Ez zuen lekuko askorik utzi baina toponimiara ere igaro zen, Andransakorta leku izena sortuz.