Toponimo hau Arabakoa zen, Ariz herrikoa (gaztelaniaz Aríñez). Lekuko bakarra dago, XVI. mende hasierakoa eta G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan jasoa:
"ANDRANSAMENDI, 1517, labrantío de Ariñez."
Toponimoaren azterketa erraza da kontuan izanik lehenengo elementua Andransa antroponimoa dela. Andransakorta sarreran bere etimologia eta hainbat adibide agetzen dira. Hemen, antroponimoaren beste lekuko bat gehituko dugu A. Irigoienek bildutako kopuru txikiari, Repartimientos y Foguera-Vecindario de Bilbao (1464-1492) liburukoa, hain zuzen:
"Andrransa de Çeberyo (1. agiria, 1464. urtekoa),
Andra Ansa de Çeberyo (2. agiria, 1470. urte eta gero),
Andraansa de Çeberyo (3. agiria, 1473-1475. urte inguruan)."
Pertsona bera izango zen emakume hau, Andra Antsa Zeberioko, nahiz eta hiru era ezberdinez idatzi bere izena.
Andransakorta toponimoaren sarrerako antroponimo honen lekukoak nafarrak baziren, aipatutako Andra Antsa Zeberioko bazen sartaldekoa, Bizkaikoa, ez oso urrun Arabako toponimotik, baita ere Andransakorta gipuzkoarretik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario