martes, 5 de febrero de 2019

Andransakorta toponimoa

Leintz haraneko toponimoa zen, saroe baten izena, zehatzago. Archivos Municipales (1260-1520): Antzuola (1489-1497), Aretxabaleta (1506), Eskoriatza (1260-1519) y Leintz-Gatzaga (Salinas de Léniz) (1372-1516) liburuan badira lekuko batzuk: Andransacorta (1514. urtea, 23. agiria), sel de Andransacorta (1514. urtea, 24. agiria), Andransacorta (1514. urtea, 26. agiria) eta Andrausacorta (1515. urtea, 30. agiria). Lekuko guztiak berdinak dira, azkena izan ezik, baina horrek azalpen erraza badu, kakografia gertatu da, <n> zena <u> bezala hartu delako.
Toponimoaren analisia egiteko, ezagunetik hasi beharra dago, eta hori korta litzateke. Geratzen den zatia aztertzea ez da zaila, antroponimo delako, ez oso zabaldua baina bere elementuak ezagunak dira, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan bada:
"3.17. ANDRE ANSA: Andre Ansa, (1366, PN-XIV, F.Sang., 504 orr.), Nauascues-en.
Ikus XIII menderako ANDRANSSA Nafarroan: circa peçam de Andranssa, (1226, El gran Pr. Nav., dok. 198). Ikus SANSO."
Beraz, bi elementuz osatutako antroponimoa litzateke, alde batetik andre eta bestetik Ansa, Antso-ren emakumezko aldaera. Ez zuen lekuko askorik utzi baina toponimiara ere igaro zen, Andransakorta leku izena sortuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario