martes, 12 de febrero de 2019

Andransolo toponimoa

Toponimo hau behin baino ez da agertzen, Araban eta XVIII. mendearen hasieran. Iturria G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburu aipagarrian bada:
"ANDRANSOLO, 1722, labrantío de Virgala Mayor."
Uste badugu toponimoak ez duela jaso idazketa, kopia edo irakurketa arazorik, dagoen lekuko bakarretik hasi beharra dago azterketa etimologikoa, toponimoaren elementuak antzemateko asmoz. Zatiketa Andran- eta solo litzateke, azkena hitz ezaguna da, soro hedatuagoaren sartaldeko aldaera. Baina hasierakoa iluna da, andra izena izan liteke baina /n/ sudurkariak azalpena behar du. Zenbaitetan aldaketak gertatzen dira bi elementu elkartzen direnean, adibidez: haritz + -di > harizti. Izen elkartuaren bi elementuek aldaketak jaso dituzte, haritz izenak afrikatua aldatu eta orain frikaria da, bitartean -di atzizkiaren herskaria ahoskabetu da, d > t bihurtuz aurreko afrikatuaren bitartez.
Andransolo toponimoan bada beste aldaketa mota bat, lehenengo elementuaren bukaera eta bigarrenaren hasiera elkartu dira, berdintsuak zirelako. Oinarrian Andransa antroponimoa bazen, elkartzerakoan *Andransasolo sortuko zen, baina lotura guneko bi silabak oso antzekoak ziren, sa eta so eta batu dira, haplologia izeneko prozesuaren bidez.
Andransa antroponimoaren lekuko toponimikoak agertu dira blog honetan, Andransakorta eta Andransamendi toponimoak. Beraz, hiru toponimo lirateke antroponimo horretatik sortuak, hirurak sartaldean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario