Mostrando entradas con la etiqueta Bita. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Bita. Mostrar todas las entradas

sábado, 16 de febrero de 2019

Andrenita antroponimoa?

Nafarroako Zarrakaztelu herriko toponimo zaharren artean bazen Pueyo Blanco de Andrenita la Rayna izenekoa. Libro Becerro del Monasterio de Santa María de la Oliva (Navarra): Colección Documental (1132-1500) liburuan aipua badago, 48. agirian 1319. urtean. Toponimo luze honetan bi hizkuntza badaude, toponimoa erdarazkoa litzateke baina barruan euskarazko beste toponimo bat izango zuen. Hasierako zatia Pueyo blanco erdarazkoa litzateke eta ondorengoa euskarazkoa, Andrenita la Rayna. Andrenita antroponimoa litzateke eta ondoren dagoen la Rayna hori larraina izango litzateke. Beraz, toponimo euskaldun bat izango zen, gero toponimo erdaldun baten zati bihurtu zena.
Hala ere, ez da toponimoaren egitura interesgarria den bakarra. Barruko antroponimoa, Andrenita, bitxia da. Hasteko, ez da ageri beste inon. Analizatzea ere ez da erraza, ezagunetik ezezagunerako analisia eginez andre-n-ita izango genuke, andre izena ezaguna da, baita ere -ita atzizkia, erdaraz ohikoa izen arruntekin, baita hipokoristikoak sortzeko ere. Euskarazko antroponimian ere badira adibide batzuk, eta blog honetan proposatu dugu Otsaita toponimoa *Otsaita antroponimo berreraikitik sortua izan zitekeela.
Baina tartean /n/ bat geratzen da, azaltzeko zaila. Konponbidea erraza litzateke onartzen badugu tarteko sudurkari hori benetakoa ez zela. Hau da, zerbait gertatu zen, testua idazterakoan edo irakurtzerakoan, akats egin zuten eta <u> zena <n> bezala interpretatu zuten. Akats hori ez da ezezaguna, blog honetan bada adibide bat, Andransakorta toponimoaren lekukoen artean bada Andrausacorta bezalako bat.
Akats hori ere badago A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburuan:
"3.19. ANDREAUSA: Andreausa, casera del obispo [sic], (1366, PN-XIV, F.Est., 605 orr.), Esteilla-n (284).
————
284 Hala irakurririk dago edizioan. Ikus beherago Auso ere kasu berean. Andreansa ote da?"
Beraz, zuzenketa eginez gero benetan agertu behar zuena <Andreuita> izango zen, hau da, Andrebita. Izen hau elkartua litzateke, Andre eta Bita izenez osatua. Bita ezaguna da antroponimian. Txarabitana (http://euskal-onomastikaz.blogspot.com/2018/10/txarabitana-toponimoa.html) toponimoaren elementuak Atxa 'Aita' + Bita + haran + -a lirateke, Atxabita antroponimo elkartua izango zen toponimo honen oinarria. Eta bere emakumezko paraleloa Andrebita litzateke, Irigoienen aipatutako liburuan ere agertzen dena:
"4.13. ANDRE BITA, emakume-izena: illa casa de Andrebita (m° de Adoain), (datarik gabe, Leyre, f. 207). Ikus VITA hirugarren zerrendan."
Beraz, garai batean Andrebitalarraina toponimoa izango zen, eta gerora beste toponimo bat sortu zen, euskarazkoa barruan zeukana: Pueyo Blanco de Andrebitalarraina.

martes, 30 de octubre de 2018

Txarabitana toponimoa

Arabako Apinaiz herriko toponimoa. Egungo aldaera Txarabitana da, hala agertzen da Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuaren 43. orrialdean:
"Municipio: Maestu. Toponimia de Apellaniz.
8.— Charabitana."
G. Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa: seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses liburuan ere egungo aldaera bada:
"CHARABITANA, heredades de Apellániz"
Eta baita ere aldaera zaharrago bat:
"ACHARABITANA, 1800, labrantío de Apellániz".
Lekuko gehiago eta zaharragoak José Antonio González Salazar-en Montaña alavesa. Comunidades y pastores liburuan, 203. or.:
"En el año 1787 se muestra el comienzo de su mojonera en la fuente del AZCARRO mientras que en el año 1647 se llama fuente de CHARAVITANA, lo mismo que en 1742 se le llama CHARAVITANA, en 1756 se escribe ACHARABITANA y en 1735 ACHABITARANA".
Aldaera guztiak lirateke Txarabitana, Atxarabitana eta Atxabitarana. Azken hau litzateke aldaera jatorrena eta analisia hortik hasi behar da. Banaketa litzateke Atxabita- + haran + -a.
Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan Atxa Bita antroponimo elkartua aipatu zuen:
"20. —aita «padre»: Aytola. Puede verse en R. Menendez Pidal (Toponimia prerrománica hispana, 223 ss.) la abundancia con que aparece en documentos medievales hispánicos, especialmente castellanos, el nombre Eita (Aita), solo o generalmente precediendo a otro, así como su forma castellana Echa (Egga) y la falsa corrección Ecta (-ct- latino ha dado -ch- castellano): Eita Hoco, Eita Hacurio, Eita Azenari, Acta Fanni, Acha Vita, Eggavita Moriellez, Egga Lacine en el CSM, cf. Ama Nafarra, Ama Sarracinaz en el mismo cartulario (vasc. ama «madre»), Ama dota (= Tota, Toda), Lacarra 250".
Atxabita antroponimoa bi izenez osaturik dago, Atxa 'Aita' eta Bita, latinezko Vita izenean oinarritua. Izen elkartuak arrakastua izan zuen, Euskal Herriaz kanpoko hainbat lekuko agertzen direlako, Donemiliaga, Cardeña eta Oñako agiri zaharretan. Tartean Valpuestako agiri batean ere bada lekuko bat, Ecta Bita, 1050. urtean, 54. agirian, nahiz eta testua Burgosko Mambliga herriko kontuez izan.
Toponimo honen bilakaera ez da oso luzea, baina nahikoa aspaldiko egitura iluntzeko, zorionez bada lekuko zahar bat, aldaketarik gabekoa, Atxabitarana. Bilakaera horrelakoa izango zen: Atxabita + haran + -a > Atxabitarana > Atxarabitana > Txarabitana. Tartean -ra- silabaren aurreratzea, eta aferesia, lehenengo bokalaren galera.