Mostrando entradas con la etiqueta Mingo. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Mingo. Mostrar todas las entradas

viernes, 23 de junio de 2023

Prado Mingórtiz toponimoa

 Karrantzako toponimoen artean Prado Mingórtiz izeneko leku izena dago. Bizkaiko foru diputazioaren web-guneko toponimia sailean badago toponimo honi buruzko informazio laburra:

Bi toponimotan agertzen da, Prado Mingórtiz Bajero lepoa da eta Prado Mingórtiz Ribero tontorra.
Interes gehien duena Mingórtiz bera da. Dirudienez, antroponimo bat dago eta patronimiko bat; Mingo, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz. Bestea Ortiz patronimikoa da, Orti antroponimoarena. Euskal Herrian zabaldua da Urti aldaera, Urtisagasti toponimoan bezala.
Mingo antroponimotik sortutako toponimoak ez dira gutxi, Mingobaso, Mingolasa, Mingomadura eta Mingoerreka, euskarazkoen artean eta erdarazko Fuente de Mingo, hau ere Karrantzakoa.

miércoles, 21 de junio de 2023

Fuente de Mingo toponimoa

 Karrantzako toponimoen artean Fuente de Mingo izeneko iturria dago. Bizkaiko foru diputazioaren web-guneko toponimia sailean badago toponimo honi buruzko informazio laburra:

Toponimoa erdaraz sortua da, izan ere, Karrantza Bizkaiko sartaldean dago, Kantabriatik oso hurbil. Toponimoan fuente 'iturria' dago eta baita ere Mingo antroponimoa, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.
Mingoren jatorria erdaran dago eta hortik euskarara hedatu zen, hori nabarmena da blog honetan aztertutako Mingo oinarria duten toponimoekin. Mingobaso, Mingolasa eta Mingomadura Arabakoak dira eta Mingoerreka Bizkaikoa, Karrantzatik ez oso urrun.

lunes, 19 de junio de 2023

Mingomadura toponimoa

 Arabako toponimo honetaz bi lekuko daude, bata XX. mendearen bigarren erdialdekoa, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburukoa, 45. or.:

Municipio: Maestu. Toponimia de Maestu
48.— Mingomadura

Bestea, XIX. mende hasierakoa da, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan jasoa:

MINGOMADURA 1825, término de Maestu.
Toponimoa zaharra da eta XIX. menderako ere zaharra izango zen, ziurrenik. Toponimoak bi elementu lituzke, oinarrikoa Mingo antroponimoa, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.
Azken elementua madura hitza da, padura ezagunagoaren aldaera, blog honetan Madurazar toponimoan dagoena.

martes, 11 de abril de 2023

Mingolasa toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, 1800. urtekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

MINGOLASA, 1800, labrantío de Busto.
Toponimoak hiru elementu ditu, bukaerakoa -a artikulua da, aurrean lats izena dago eta oinarrian Mingo antroponimoa, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.
Aipagarria da, blog honetan aztertutako Mingoerreka toponimoa sinonimoa litzateke, batean lats erabilia izan da eta bestean erreka, berriagoa. Horrek esan nahiko luke toponimoa sortu zenean oraindik Arabako inguru horretan lats hitza bizirik zegoela.

viernes, 10 de marzo de 2023

Mingoerreka toponimoa

 Barakaldoko toponimo ugarien artean bada Mingoerreka. Bizkaiko foru diputazioaren web-guneko toponimia sailean badago toponimo honi buruzko informazio laburra:


 Izena eta izana loturik daude, erreka bat delako. Geratzen da azaltzeko lehenengo zatia, eta hau Mingo antroponimoa litzateke, Domingoren hipokoristikoa izan daitekeena. Mingobaso toponimoaren sarreran informazio gehiago izen horretaz.

miércoles, 8 de marzo de 2023

Mingobaso toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

MINGOBASO, término en Montes de Vitoria.
Toponimoak bi elementu lituzke, bukaeran baso izen arrunta eta hasieran Mingo antroponimoa, Domingo ezagunaren hipokoristikoa izan daitekeena. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta guztira hiru lekuko jaso dira, hirurak bizkaitarrak eta oso aspaldikoak:

Toponimo honek erakutsiko luke antroponimo hori Araban ere ezaguna izan zela eta Mingoren lekuko antroponimoen garaikoa bada, toponimoak 400 urte edo izan dezakeela.
Mingo izenetik sortu ziren hipokoristiko batzuk, gerora toponimo bihurtzeraino heldu zirenak, Minguin eta Mingón toponimoak bezala.

viernes, 28 de agosto de 2020

Minguin toponimoa

 Minguin izeneko erreka badago Aiaran, Araban. Toponimoa erdal grafian idatzirik dago, bestela, Mingin jarri beharko genuke.
Toponimoa iluna da, euskal hitzekin etimologia osatu nahi izanez gero, baina bada blog honetan aztertutako oso izen antzekoa, Mingón, hain zuzen. Sarrera horretan proposatutakoa zen Domingo antroponimoaren hipokoristiko bat Mingo bazela, eta honi -ón erdal atzizkia erantsi eta Mingón sortuko zen, gero toponimo bihurtua.
Minguin toponimoan, aldiz, erabilitako atzizkia -ín izango zen: Mingo PI + -ín > *Minguín. Lehenik izengoitia izango zen eta gero, leku bat izendatzeko erabiliko zen. Bilaketa egokia izanez gero, litekeena da hipokoristiko honen lekukoren bat aurkitzea, erdaraz sortu zelako eta normalean, erdal eremua, handiagoa izanez gain, lekuko idatzietan askoz aberatsagoa da.

martes, 22 de enero de 2019

Mingón toponimoa

Mingón haitzulo baten izena da Turtziozen, Bizkaian.
F. Fernández Palaciosek, bere tesian informazio etimologikoa ere ematen du, Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana) izenburukoan:
"1058. Mingón (Trucíos) (LH Asón-Cadagua)
Cueva en Basinagre (Salbidegoitia, Kobie 10, 1980: 160a).
Echevarría Isusquiza, 1996: 661 recoge varios casos de Mingo, hipocorístico del NP Domingo, en Carranza, pero la terminación sugiere partir de *Dominicone(m) para nuestro caso si se intenta una explicación en ese sentido (2976).
———————
2976 En Cantabria (y en más lugares) minga es “pene” y mingo “en el juego del bolo-palma, el menor de todos ellos”, cf. Sáiz Barrio, «Léxico», 1991: 170-1, cuya etimología parece que haya que buscarse en relación con el verbo lat. minuare “disminuir”.
Beharbada Mingo beraren hipokoristiko batetik sortu da toponimo hau. Atzizkia -ón izango zen eta, beraz: Mingo PI + -ón > *Mingón. Horrela balitz, ez litzateke beharrezkoa *Dominicone(m), erdaraz -ón atzizkia hiztegi arruntean oso da ezaguna baita antroponimian ere, cf. Miguel > Miguelón, esaterako.
Egitura osoa erdarazkoa litzateke eta toponimo bera ere lurralde erdaldunean dago, nahiz eta euskal eremua urrun ez izan.
Blog honetako beste toponimo asko bezala, antroponimo batetik toponimo osoa sortu zen bestelako elementurik gabe.