Mostrando entradas con la etiqueta Sancti Georgi. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Sancti Georgi. Mostrar todas las entradas

viernes, 13 de noviembre de 2020

Sanjurdi toponimoa

 Sanjurdietxebarri izeneko baserria dago Fruizen, Bizkaian.
Aurreko mendeetan San Jurdi zen toponimoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan agertzen den bezala:

San Jurdi [N, TO]
San_Jurdi (el molino de), Fruniz, a.1704, FogVizcayaMs.
San_Jurdi (la casa de), Fruniz, a.1799, FogVizcayaMs.
San_Yurdi (palacio de) [Ybarras (parage de hasta la iglesia)], Fruniz, a.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoa hagionimo bat zen, santu izena, San + Jurdi elementuak baturik, jatorrian Sancti Georgi zena. Antroponimoa Jurdi zen, Jurgi hedatuagoaren aldaera, eta blog honetako hainbat toponimotan aztertua izan da, Donorgiburua, Sandurdi eta Sangurti toponimoetan, hain zuzen.
Toponimo hauek erakusten dute santu horren ospea, izan ere, aipatutakoez gain, badira euskal lurraldean toponimo gehiago santu horren izena dutenak, Santurtzi, adibidez.

sábado, 7 de noviembre de 2020

Donorgiburua toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra baino ez dago, Gerado Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan jasoa:

DONORGUIBURUA, 1616, labrantío de Urarte.
Lekuko bakarra da, eta gainera, sortu zenetik aldaketa batzuk jaso omen ditu; baina, hala ere, analizatzekoa da. Lau elementu lituzke: done + Jurgi + buru + -a. Aldaketa larrienak antroponimoaren hasierakoak dira, antzekoa gertatu zen Doneakue toponimoan, /j/ galdu zelako. Etimologia sendotzeko badago gaur egungo lekuko bat, José Antonio González Salazar-en Cuadernos de toponimia 2 Montaña alavesa liburuko 53. orrialdean, Urarteko toponimoa zerrendatzen duenean hauxe jarri zuen:
48.— San Jorge
Beraz, hagionimoak iraun du, nahiz eta erdaraz izan, hizkuntzen ordezkapena izan delako, baina santu izena ez da galdu.
Hagionimo hori behin baino gehiagotan aztertua izan da blog honetan, Sandurdi eta Sangurti toponimoetan, hain zuzen.

martes, 10 de julio de 2018

Sandurdi toponimoa

Sandurdi toponimoa bi herritan bada, Nafarroan, Elon eta Ibargoitin. Biak herri mugakideak izanik, ziurrenik toponimo bakarra da, bi herritan banaturik dagoena.
Lekuko zaharrena 1770. urtekoa da, eta lekuko guztien artean ez dago diferentziarik, beraz, analizatzeko aldaera bakarra dago, Sandurdi.
Azterketa egiteko orduan, kontuan izan beharra dago erromantzez Santurde bezalako toponimoak badira, Sangurti toponimoaren sarreran azaldu bezala, Arabako Santurde, Burgosko Santurde eta Errioxako Santurde de Rioja. Ohikoa da -i > -e aldaketa gaztelaniaz, beraz, *Santurdi bezalako aldaera berreraiki ahal da. Beraz, jatorria Sancti Georgi bazen, eta *Santurdi izango zen Santurde ezagunen jatorria, eta euskarara egokitzerakoan, horzkari ahoskabea ahostundu zen, sudurkariaren eraginez: -nt- > -nd-.

martes, 8 de mayo de 2018

Sangurti toponimoa

Erandioko etxeen artean Sangurti, Bekosangurti eta Sangurtibarri badira eta baita Sangurtimendi basoa ere. Lekuko zaharrik ez dago eta horrek esan nahi du azterketa etimologiko hau kontuz hartu beharrekoa dela. Hala ere egungo toponimoek ziurtasun maila gutxieneko bat ematen dute, apala bada ere.
Aldaerarik ezagutzen ez bazaio ere, uste izatekoa da hainbat aldaketa gertatu zirela. Hasteko *Santurgi > Sangurti bezalako metatesia gertatuko omen zen, t-g > g-t, hain zuzen. *Santurgi aldaerak jatorrizko elementuak ongi islatzen ditu, Sant- eta Iurgi, Sancti Georgi zaharrago batetik, edo bestela esanda, Done Jurgi. Kontrasterako, kilometro ez askora dagoen Santurtzi izenarekiko alderaketa, /g/ belarearen gordetzea nabarmena dela.
Bada beste aukera bat, Santurde toponimoa, hau ere Sancti Georgi hagionimoan oinarritua. Santurde aldaera inguruko lurraldeetan bada: Arabako Santurde, Burgosko Santurde eta Errioxako Santurde de Rioja. Ohikoa da -i > -e aldaketa gaztelaniaz, beraz, *Santurdi bezalako aldaera berreraiki ahal da, eta horzkarirako, Jordi izen katalana. Orduan bilakaera hauxe litzateke: Sancti Georgi > *Santurdi > *Santurgi (t-d > t-g herskari disimilazioa) > Sangurti (lehen aipatutako metatesia).
Zein aukeratu behar? Biak posibleak dira, eta oraingoz ezin lerratu etimologia batera, biek funtsean jatorri bera badute ere.