Mostrando entradas con la etiqueta Txarra. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Txarra. Mostrar todas las entradas

lunes, 3 de marzo de 2025

Txarragarate toponimoa

 Txarragarate da Munitibar udalerriko etxebizitza bat. Lekuko gutxi batzuk daude, zaharrena XVIII. mende bukaerakoa da:

charragarate, casería (1799)
[uriona] charragate (1825)
txarrate baserria (1988/02/01)
Egun, ahozko izena da azkena agertzen dena, bokalarteko belare ahostuna galduko zen eta ondoren bokal berdinak batu, toponimoaren luzerak lagundurik. Iturrizaren Historia General de Vizcaya liburuan izen ezberdina dauka, 24. or.:
Tiene origen este río [de Lequeitio] en varias fuentes de la espalda septentrional de la sierra de Oiz, y engrosado con diferentes arroyos que bajan por las en cañadas de Goicoolea, Chaargarate y Aldape, en el puente de Garro y ferrería de Olachua, jurisdicción de la república de Arbácegui, lleva curso a la villa de Guerricaiz...
XVIII. mendeko beste lekuko bat dago, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
Charragarate [N, TO]
Charragarate (la casa accesoria a la de Urionagoena+), Arbazegui, a.1798, FogVizcayaMs.
XVIII. mendeko lekukoekin zalantza geratzen da, baina zorionez badago XVI. mendearen hasierako lekuko bat, ziurrenik zaharrena, Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 11. agirian, 1510. urte ingurukoan:
La casa de Martin de Alvisua, por la heredad de Charragarate, tres blancas.
Beraz, Txarragarate toponimoaren lekukoek bost mendetan iraun dute eta horrek ziurtasuna ematen du analisia egiteko. Bigarren elementua oso argia da, garate izena, Garate toponimoan hitz honen analisi berri bat dago, egitura litzateke gar- 'gain' + ate. Txarra- hasierako elementuak badu homofono bat euskal antroponimian, Aspaldian Txarra antroponimoa izan zelako, Txarrena toponimoan dagoena. Txarra izango zen Malo antroponimo erromantzearen euskal kidea, Maloerreka eta Malotegi toponimoen oinarria.

lunes, 25 de octubre de 2021

Txarra antroponimoa

 Erdi Aroko antroponimo honetaz lekuko bakarra dago, Colección Documental de la Cuadrilla Alavesa de Zuia. II. Archivos Municipales de Arratzua-Ubarrundia y Legutio liburuko A22 izeneko agirian  1497. urtean, Charra de Vlibarry.
Irakurketa okerra ez bada, analisia erraza litzateke, baina kontuan hartu beharra dago Txarran antroponimoa bazela, eta garaiko testuetan ohikoa zen sudurkaria adieraztea aurreko bokalaren gainean zeinu diakritiko bat jarriz. Txarran liburu berean agertzen da, behin baino gehiagotan, adibidez, A8 izeneko agirian 1456. urtekoa, Charran de Arçamendi.
Txarra bada, izengoititzat har daiteke, zentzu peioratiboan ezarria, ziurrenik. Besterik gabe txar eta -a artikulua genituzke izengoiti horretan.
Egun, aski bitxia da horrelako izen bat izatea, baina garai zaharretako egoera ezberdina zen, horrela, Malotegi toponimoan Malo dago, pertsona baten izena edo izengoitia zena, cf. erdarazko malo 'txar'. Gaizko antroponimoa ere izan zen Erdi Aroan, oinarrian gaitz duena. Beraz, arazorik gabe onar daiteke pertsona bat izendatzeko Txarra erabiltzea, nahiz eta egun erabilera aski bitxia iruditu.
Gizon honen izena ere bada txar hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena Etxeberri Ziburukoaren Noelak liburuan dago, 1630. urtekoa. Beraz, Arabako antroponimoak 133 urtez aurreratuko luke txar hitzaren lehenengo lekukoa.