Erdi Aroko antroponimo honetaz lekuko bakarra dago, Colección Documental de la Cuadrilla Alavesa de Zuia. II. Archivos Municipales de Arratzua-Ubarrundia y Legutio liburuko A22 izeneko agirian 1497. urtean, Charra de Vlibarry.
Irakurketa okerra ez bada, analisia erraza litzateke, baina kontuan hartu beharra dago Txarran antroponimoa bazela, eta garaiko testuetan ohikoa zen sudurkaria adieraztea aurreko bokalaren gainean zeinu diakritiko bat jarriz. Txarran liburu berean agertzen da, behin baino gehiagotan, adibidez, A8 izeneko agirian 1456. urtekoa, Charran de Arçamendi.
Txarra bada, izengoititzat har daiteke, zentzu peioratiboan ezarria, ziurrenik. Besterik gabe txar eta -a artikulua genituzke izengoiti horretan.
Egun, aski bitxia da horrelako izen bat izatea, baina garai zaharretako egoera ezberdina zen, horrela, Malotegi toponimoan Malo dago, pertsona baten izena edo izengoitia zena, cf. erdarazko malo 'txar'. Gaizko antroponimoa ere izan zen Erdi Aroan, oinarrian gaitz duena. Beraz, arazorik gabe onar daiteke pertsona bat izendatzeko Txarra erabiltzea, nahiz eta egun erabilera aski bitxia iruditu.
Gizon honen izena ere bada txar hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena Etxeberri Ziburukoaren Noelak liburuan dago, 1630. urtekoa. Beraz, Arabako antroponimoak 133 urtez aurreratuko luke txar hitzaren lehenengo lekukoa.
lunes, 25 de octubre de 2021
Txarra antroponimoa
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario