miércoles, 11 de mayo de 2022

Emerando toponimoa

 Emerando da Meñaka eta Mungiako biztanle-entitatea. Honetaz gain, badira bi toponimo eratorri, Emerandoibarra baseria Mungian eta Emerandoerreka Bakion eta Mungian.
Meñakako eta Mungiako Emerando auzoaren lekuko zaharrena, Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian oinarriturik, XIII. menderaino heltzen da:

emerando (1236 [1785])
emerando, joan ganzandes de (1376/08/01 [1785])
emerando (1516/05/19 [1785])
Geroztik izena ez da aldatu, lekuko berriagoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:
Emerando [N, TO]
Emerando (cofradia de), Munguia (anteiglesia de), a.1876, FogVizcayaMs.
Emerando (confradia de), Munguia, a.1641, FogVizcayaMs.
Emerando (uarrio de), Meñaca, a.1876, FogVizcayaMs.
Hemerando (cofradia de), Meñaca, a.1745, FogVizcayaMs.
Hemerando (cofradia de) (Larrauri y), Munguia (anteyglesia de), a.1745, FogVizcayaMs.
Emerando_Ybar (la casa de) [Emerando (cofradia de)], Munguia (anteiglesia de), a.1876, FogVizcayaMs.

Toponimoa ez da ezertan aldatu azken ia 800 urteetan, oso egonkorra izan da eta, beraz, aztertzeko izen bakarra dago, Emerando. Bi elementuz osaturik izan liteke, oinarrian Wimara antroponimoa izan liteke eta ondorengorako bi aukera daude, -ondo leku postposizioa eta -ndo atzizki hipokoristikoa. Zalantza bera dago blog honetan aztertutako Emereta toponimorako, -eta atzizki multzogarria ala hipokoristikoa?
Hipokoristikoa izan bazen, Wimara + -ndo eransketa gertatu zen, atzizki hau ezaguna da antroponimia zaharrean, Hondarribiko Uxando toponimoan Otsando antroponimoa izango zen, hau da, Otso(a) antroponimoa eta -ndo atzizkia.
Beste aukeran, Emera toponimo bat izango zen eta ondoan zegoen lekuari *Emeraondo izena jarri zioten, gerora Emerando geratu zena. Hala izan bazen, XIII. menderako laburketa gertatua zen.
Wimara antroponimoak euskal toponimian ale gehiago utzi omen ditu, Imira eta Kimera toponimoak, hauetan antroponimo hutsa izango zen. Wimara nahiko aldaturik agertzen zaigu, baina antroponimoak aldaera ugari ezagutu zituen, tartean Gimara, Quimera, Wimera... Kimera toponimoaren sarreran aldaera gehiago daude. Wimera aldaeratik hasita, bi aldaketa izango ziren, batetik hasierako /w/ galdu zen eta bestetik, bokal asimilazioa izan zen: i-e > e-e.

No hay comentarios:

Publicar un comentario