urtzaile etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
urtzaile etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024(e)ko maiatzaren 14(a), asteartea

Urtxallezar toponimoa

Urtxallezar da Oiartzungo etxe baten izena, baina izen nagusia Doñabernardina da. Oiartzungo toponimia liburuan aipatua da:

Doñabernardina. Baserria.
Urtxallezar bezala ere ezagutzen da.
Informazio gehiago ez dago, ez lekuko zaharrik, ez besterik. Hala ere, izena analiza daiteke, dagoen bezala. Toponimoak bi elementu ditu, bukaeran zar, zahar hitzaren hegoaldeko aldaera, hasperena galdu ondoren bi bokal berdinak batu ziren, bilakaera hau erabat arrunta da hasperena galdu duten hitzekin. Bestea interesgarriagoa da, urtzaile hitza delako, olagintzako lanbide bat adieraztekoa. Gipuzkoan hitz hori ez zen batere ezezaguna izan, lekukotza toponimikoa ere ez da txikia, Urtxalle toponimoa lekuko, beste batzuen artean.

2024(e)ko maiatzaren 10(a), ostirala

Urtxalle toponimoa

 Urtxalle da Zumaiako baserri bat. XX. mendeko toponimo honen lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

URZALLE (URTXAILLE) (prop.)
Toponimoan hitz soil bat dago beste hitz edo atzizkirik gabe, urtzaile hitza, hain zuzen. Urtzailea zen burdinoletako lanbide bat eta, beraz, hitza aspalditik desagertu zen, olagintza desagertu zen neurrian. Zumaiako hau ez da urtzaile hitza duen toponimo bakarra, Gipuzkoan bertan badaude beste batzuk, Urzelategi toponimoa bezala.

2024(e)ko apirilaren 19(a), ostirala

Urtzallenea toponimoa

 Urtzallenea da Berastegiko baserri bat. Lekuko zaharrena XX. mende bukaerakoa da, 1992. urteko Urtzallene.
Lekukotza urria eta oso berankorra bada ere, toponimoa nahiko argia da, oinarrian burdingintzari lotutako lanbide izen bat dagoelako, urtzaile, Urzelategi toponimoan azaldua.
Blog honetan bada beste toponimo bat gehiago oinarrian hitz bera duena, Urzelategi aipatuaz gain, Urtzallekoa toponimoa. Azken honek, urtzaile hitzaz gain, -(r)en eta artikulua jaso zituen.

2024(e)ko apirilaren 12(a), ostirala

Urtzallekoa toponimoa

 Urtzallekoa da Oñatiko etxe baten izena. Lekuko bat du Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*URZALLEKOA (prop.) 1771, Zubillaga auzoa
Toponimoa zaharra da, aspaldian galdutako lanbide izen bat dagoelako, urtzaile izena, hain zuzen, Urzelategi toponimoan azaldua. Horrela, Oñatiko etxea urtzaile baten etxea izango zen eta hortik izena hartuko zuen. Toponimo honen kasuan ez zen -tegi atzizkirik erabili, -ko atzizkia eta ondoren artikulua daude.

2024(e)ko apirilaren 10(a), asteazkena

Urzelategi toponimoa

 Urzelategi da Astigarragako baserri bat. Beste lekuko baten arabera, baserria Urzallategi zen. Web orri horretan argazki bat dago eta bertan baserriaren aurrealdea ikusten da eta hor dago xafla batean baserriaren izena, Urzallategi. Beraz, bi izen daude, ofiziala dena eta baserrian dagoena. Aukera bat behar izanez gero, Urzallategi aldaerak garai bateko ahoskera gordeko zuen eta hori lehenetsiko da. Bestea, gaur egungo aldaera izan daiteke edo toponimoaren berrinterpretazio baten ondorengoa. Hala bazen, Urzallategi izenak analisirako hobea izango da.
Toponimoak bi elementu izan ditzake, lehena urzalla- iluna eta ondoren -tegi atzizkia, oso arrunta etxe izenetan. Hasierakoa urtzaile hitza izan daiteke:

1. (-ille V, G; Urt III 419; -alle Lar, Añ), urtzailla (V), urtzale (L, B), urzale. Ref.: A (urtzailla).
"Fundidor" Lar, A. "Herrero, otro que llaman fundidor" Lar. "Refinador" Ib. "Herrero, el fundidor" Añ. "Fondeur (de cloches, etc.)" Lh. Cf. Lar Cor 71: "El otro acercándose a la fragua con una palanca gruesa y larga de hierro, [...]; llámase urtzallea, fundidor, derretidor".
Oinarriaren azken bokala aldatuko zen, agian bokal asimilazioaren eraginez. Bestela, urtzaile hitzaren eratorpen aldaera ere izan zitekeen, beste hitz askotan gertatzen den bezala, maite > maitatu.
Urtzailerik ez da geratzen burdinolen garaia ere galdu zelako, baina lanbide zahar honen lekuko toponimikorik oraindik bada, Urzelategi toponimoa bezala.