miércoles, 1 de agosto de 2018

Otxoasagastia toponimoa

Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Erdi Aroko testu batean agertua, Archivo Municipal de Zestoa (1338-1520) liburuan, 1479. urtean, 36. agiria, 142. or.:
"... en el manzanal de Martín de Zubiaurre e su sobrino, dicho Ochoasagastia...".
Dirudienez, Otxoasagastia Zestoa aldean izango zen, baina badirudi gure egunetaraino ez dela heldu.
Toponimoak ez du zailtasun handirik, Otxoa antroponimoa eta sagasti izena, -a artikulua ahaztu gabe. Blog honetan ere sagasti izena duen toponimoa aztertua izan zen, Apalasagasti toponimoa.
Lekuko bakar honek badu alde interesgarria, han adierazten delako toponimoa sagasti ("manzanal") bat zela. Beraz, toponimoa sortu zenetik bildu zenera arte sagastia izan zen, urteak, hamarkadak edo mendeak igaro arren. Beharbada, toponimoaren galera etorri zen lur horrek zeukan funtzioa, sagastiarena, galdu zuelako. Dena den, hori irudikapen hutsa baino ez da, baina toponimo honetan izena eta izana elkarrekin loturik ibili ziren garai batean, agian mendeetan.

Otsoetxe toponimoa

Otsoetxe Urdulizko toponimoa da. Lekuko zaharrenak, XVII. eta XVIII. mendekoak, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburutik hartuak dira, eta bi aldaera erakusten dituzte, zaharrena Otxoaetxe, hurrengo mendeko lekukoetan Otxoetxea eta Otxoetxe:
"Ochoaeche [N, TO]
Ochoaeche (la media casa de), Urduliz, a.1641, FogVizcayaMs.
Ochoechea [N, TO]
Ochoechea (la caseria de), Vrduliz, a.1745, FogVizcayaMs.
Ochoeche (la casa de), Urduliz, a.1704, FogVizcayaMs., a.1796, FogVizcayaMs".
Zalantza gutxi geratzen bazen lekuko zaharrenak uxatzen ditu, oinarrian antroponimoa dagoela, Otxoa, eta ez animalia izena, otsoa.
Beraz, toponimo honetan egitura ezaguna bada, oinarria antroponimoa dela, kasu honetan Otxoa. Bigarren elementua ez da hain ohikoa antroponimoekin, hala ere PI + etxe egitura duten toponimoak ez dira oso bakarrak, cf. Jakobetxe, blog honetan.

martes, 24 de julio de 2018

Liketi toponimoa

Zallako toponimo honen informazioa eta baita analisi etimologiko bat Fernando Fernández Palaciosen tesitik hartua izan da, izenburua Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana). Hemen Liketi-ri buruzko berak idatzitakoa:
"940. Liqueti (Zalla)
IGC 61.
Michelena, Apellidos: 152 señalaba que en nombres propios medievales de la zona castellano-vasca -ti es terminación bastante frecuente (Dolquiti, Jaunti, Nequeti), teniendo en concreto Dolquiti toda la apariencia de ser de origen latino, en relación con el cognomen tardío Dulcitius (2907). El nuestro es igualmente relacionable con Licinius, cf. Leciñana, con la terminación -ti y disimilación vocálica. En Baños de Montemayor (Cáceres) se documenta Lik(inius), cf. Abascal: 173b. Ptolomeo 2, 5, 8 tiene el NL Likiniana. [...]
———————
2907 M. Á. Líbano Zumalacárregui, «Onomástica e historia», en Cátedra Cantabria 1995: 102b incluía Dulquito entre los nombres de pila de tradición greco-latina y cristiana que eran frecuentes en la Edad media en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya".
Honaino bere azterketa, labur jarrita, Licinius latin jatorriko izena litzateke Liketi toponimoaren sorburua. Baina oztopo nabarmena dago, azken silabaren /t/ horzkaria, Licinius-en ez dagoena. Horrek eskatzen du, ziurrenik, beste azalpen bat, hau ere antroponimikoa, Niketi pertsona izena. Hau ere latin jatorrikoa da, Nicetus, eta Erdi Aroan euskal inguruetan ezaguna izan zen. Aldaketa bakarra hasierako fonemarena litzateke, n- > l-, baina hau ez da ezohikoa euskal hitzetan, cf. lapur > napur, eta beste zenbait hitz. Beraz, Erdi Aroko Niketi antroponimoa Liketi toponimo bihurtu zen, aspaldiko mende haietan. Beste aukera bat, Nicetus latinaren ondorengo zuzena izatea, eta horrek duela bi mila urtera eramango gintuzke, baina Erdi Aroko Niketi-ren ugaritasuna data berriagoaren alde izango litzateke.

Gendul toponimoa

Arradako (N) toponimo zaharra. Behin baino ez da agertu, Archivo General de Navarra (1253-1270). Tomo II. Comptos y Cartularios Reales liburuko 44. agiria, 1260. urtean:
"Sepan quantos esta carta veran et odran que nos, don Gil, sennor de Rada, et mia muller Maria de Leet damos l’agua a uos noble sennor don Tibalt, [...] la qual agua va por nuestro termino del rigo que uos abriestes por Gendul ata el bocal de Soto de juso, et va pora las ruedas del sennor rey que son cabo de Caparroso."
Blog honetako beste toponimo ugari bezala, antroponimo batez osatutako toponimoa da, atzizkirik edo beste elementurik gehitu gabe, cf. Kimera, Bonatxo edo Terenti bezala.
Antroponimoa Geldul litzateke, Erdi Aroan ezaguna euskal lurretan eta ingurukoetan. Mitxelenaren “Nombres vascos de persona” laneko sarrera:
"Genduli, Gendule Centol, Céntulo: «CENTULLUS, nom fort commun dans la région gasconne, où il a donné très régulièrement Centod (quelquefois Centul, Centulh) est devenu en basque Gendul (plus rarement Gentul)» (Luch). A los ejemplos navarros por él citados (Guendule, Guenduleiz, Guenduliz, Gentuliz) puede añadirse, por ejemplo, Kendulli Cardeña VII, año 964, casal de Gendulli CSM 48, año 952. Como ya vio Luch., de aquí procede el nombre de Guendulain, población navarra".
Besterik ez da gaineratu behar, Gendul antroponimoa nahiko ezaguna zen Nafarroan eta han ere toponimoa sortu zuen, eta han zegoen XIII. mende erdialdean.

jueves, 19 de julio de 2018

Torremuña toponimoa

Torremuña Errioxako herrixka da, Ajamil de Cameros udalerrikoa.
Erdi Aroko lekukoak badira, Colección Documental de Santa María la Real de Nájera. Tomo I (siglos X-XIV) liburuan badira bi lekuko zahar, biak XI. mendekoak:
Tor de Amunia, 7. agiria, 1044. urtekoa.
Tor de Amunna, 14. agiria, 1054. urte ingurukoa.
Toponimoa, argi geratzen den bezala, ez da euskaraz sortua, erromantzez baizik. Hala ere, interesa badu, euskal jatorrizko antroponimo bat erabilia izan zen toponimo hau egiteko, Amuna, hain zuzen. Amuña toponimoaren sarreran ikusi den bezala, Errioxako lekuko zaharrenetan Amunna ageri da, eta ahoskera hori islatu zen Torremuña toponimoan, antroponimoa aspaldi galdu ondoren. Beste aldetik, toponimoaren hasierako elementua tor 'dorre' da.
Laburbilduz, Errioxako toponimo erdalduna, barruan euskal antroponimo zahar bat duena, Errioxako lurretan ezaguna izan zena duela milurtea eta toponimo honetan geratu da, Amuna izena duela mende asko galdu ondoren.

Amuña toponimoa

Mañeruko (N) toponimoa da Amuña.
Lekuko gehienek Amuña edo oso forma antzekoa dute, bik izan ezik: lekuko zaharrena Amayña da, 1573. urtekoa, eta bestetik, 1737. urtekoa da Arruña. Baina besteen arteko antzekotasuna kontuan izanik, Amuña aldaera jatortzat hartuko dugu eta hori izango da analizatzeko aldaera.
Amunaga toponimoa aztertzerakoan Amuna PI oinarritzat hartu izan den bezala, Mañeruko toponimoan hitz osoa antroponimoa delakoan gaude. Amuna antroponimoaren lekukoetan, normalean kanpokoetan Amunna aldaera den bezala, Euskal Herrikoetan Amuna genuke. Horrela, Donemiliaga Kukulako lekukoetan Amunna nagusi da: Amunna 1, Amunna 121, Amunna 201, Amunna Nigriella 202, Amunna 335. Baina Leireko lekukoetan Amuna baino ez dago: Amuna Enecon 25, Amuna Leioteiz 184, Amuna Sanz 81, 160.
Mañeru herri euskalduna izan zen, beraz, azalpen bat bilatu beharra dago. Beharbada esanahi hipokoristikoa ezarri zioten izenari, eta orduan n > ñ palatalizazio adierazgarria izan zen: Amuna > *Amuña.

martes, 17 de julio de 2018

Amunaga toponimoa

Amunaga  Bizkaiko toponimoa da, Gernika-Lumon eta Muxikan badira Amunaga izena duten hainbat leku izen, auzo bat, baserri bat eta erreka bat. Izen honen lekuko bakarra dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuan, XVIII. mende bukaerakoa:
"Amunaga [N, TO]
Amunaga (la casa de), Luno, a.1796, FogVizcayaMs., a.1798, FogVizcayaMs".
Azterketa etimologikoa egiteko, argi dago hasieran oinarri bat dagoela eta bukaeran -aga atzizkia. Oinarria Amuna litzateke, ziurrenik antroponimoa, nahiz eta antroponimo honen jatorria amona, amuna izen arrunta izan, Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan azaltzen duen bezala:
"44. —Amunna n. pr. (vasc. amona, amuna «abuela»): top. Ammunola hacia 1150 (BRSVAP, Y. 425); ap. Amunabarro, Amunategui. Antrop. Amuna Sanz (Leire, 1097 y 1177), Amuna Eneconiz (ib., 1177), ambos en Luchaire, Amunna mora (CSM 214, 1074), etc.; y. también la Vida de Sancta Oria de Berceo. Como el vasc. aitona (cf. Bonuspater CSM 114, 1038, Bonipatri ib. 100, 1030), está formado con el adjetivo on «bueno»."
Mitxelenak jarritako Amuna-ren lekukoez gain, bada Donemiliaga Kukulako agiri zaharren artean bat, eta hori litzateke lehenengo agirian dagoena, 759. urtean: Amunna hic roboravi. Horrek atzeratuko lituzke lehenengo lekukoa mende batzuk, VIII. mende erdira arte.
Amunaga toponimoko oinarria Amuna antroponimoa izanez gero, toponimoaren sorrera milurte oso bat atzera eraman beharko litzateke, nahiz eta lehenego lekukoa duela 200 urtekoa izan.