Mostrando entradas con la etiqueta Amuna. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Amuna. Mostrar todas las entradas

miércoles, 22 de julio de 2026

Amune toponimoa

 Galdakaoko toponimo hauen lekukotza guztia Relación toponímica general de Galdácano lanekoa da:

Amune: (oral). Dos caseríos entre Bequea y Puentelatorre.
Lekukoa data gabea denez, XX. mendeko bigarren erdikoa da. Toponimoan aldaketa bakarra izan da, u-a > u-e bokal asimilazioa. Hau ziurrenik prozesu automatikoa da, hizkera batzuetan gertatu ohi dena. Hala izan bazen, jatorriz *Amuna izango zen. Hori antroponimo emakumezkoa izan zen Erdi Aroan, amona hitzaren aldaera bat. Amuna antroponimoa Bizkaian ere ezaguna zen, Amuena toponimoa Forukoa delako.

lunes, 16 de febrero de 2026

Amunuri toponimoak

 Bi dira Amunuri toponimoak, bata Araban eta bestea Bizkaian. Arabako eskualdea den Aiarako Amunuri toponimoaren lekuko bakarra F. de Barrenengoaren Onomástica de la Tierra de Ayala bilketa lanetik hartua da, 305. or.:

AMUNIRI.—Heredad.—Véase AMUNURI y AMUÑIRI en Costera.
AMUÑERI.-En «Ayala’ko toki-ixenak», «Euzkadi» cit.—Var. de AMUNIRI.
Opellora - Costera (Barrenengoa, 1989: 325):
AMUNURI.—Heredad.—Véase AMUNIRI y AMUÑERI en Llanteno.
AMUÑIRI.—Heredad.—Var. de AMUNURI.
AMUÑURI.—Heredad.—Var. de AMUNURI.
Arabako Amunuri toponimoaren bilaketa egin da beste liburu batzuetan, ondorio zuzenik lortu gabe: Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa liburuan ez dago Amunuri edo antzekorik. González Salazar-en Cuadernos de toponimia 8 Toponimia menor de Ayala izenburuko liburuan ez dago aipatutako herrietan Amunuri edo bere aldaera izan daitekeenik.
Beraz, iturri bakarra aztergai izanik, han agertutako datuak baino ezingo dira erabili. F. de Barrenengoak, itxuraz, aldaera jatortzat Amunuri hartzen du, beste guztiak aldaerak izango zirelako. Kontuan hartu behar dugu Lanteno eta Opellora herri mugakideak dira, eta horregatik gerta liteke toponimo bakarra izanda ere, bi herritan hedatzea. Aldaerak ugariak badira ere, Amuniri, Amunuri, Amuñeri, Amuñiri eta Amuñuri, bi forma nagusitara bildu ahal dira, Amunuri eta Amuñuri, beste guztiak hauen aldaerak, deformazioak, izango liratekeelako. Bizkaiko Amunuri aurkeztu eta gero, analisi etimologikoan sakondu bezain laster, Amunuri edo Amuñuri bi aldaeren onargarritasuna erakutsiko da.
Bizkaiko Amunuri da Gamiz-Fikako baserria. Arabakoak ez bezala, baditu lekuko ugariak eta zaharrak, Erdi Arokoak, hain zuzen. Garai hartako lekukoetan bi aldaera badaude, Amunuri eta Amunori. Lehenaren lekukoak bi liburutan aurki daitezke, zaharrena dago Colección Documental del Archivo Histórico Municipal de Bilbao (1300-1473) liburuaren 89. agirian, 1462. urtekoan, Lope de Amunnuri. Baina lekuko askoz gehiago daude Repartimientos y Foguera-Vecindario de Bilbao (1464-1492) liburuan,  1. agirian, 1464. urtekoan, 29. or., Lope Martines de Amunury [...] Lope de Amunury. Hurrengo biak, agiri beraren 93. or., Martin Saes d’Amunury, çapatero, [...] Martin d’Amunury, su fijo. Azken biak 2. agirian, 1470. urte ondoren, 129. or., Lope Martines d’Amunury [...] Muger e herederos de Lope d’Amunury, su fijo.
Amunoriren lekukoak beste liburu batean daude, Archivo General de Simancas. Registro General del Sello. Vizcaya (1487) liburuaren bi agiritan, 545. agirian, 1487. urtekoan agertzen dira Lope Saes de Amunori, Pedro de Amunori eta Maria Sanches de Amunor (sic). Azken lekukoa dago 570. agirian, 1487. urtekoan, Lope Saes de Amunori, f137, 
Bide batez, liburuaren aurkibide onomastikoaren lekukoak Amonuri bezala agertu dira, baina aldaera hau ez da liburuko inongo agiritan agertu, baizik eta Amunori. Amunori aldaera azaltzeko, kontuan izanik Amunuri garaikidea eta gerokoa, u-u > u-o disimilazioa aipatu beharra dago.
Bi aldaeren arteko lehian lehena nagusitu zen, jatorrizko aldaera, hain zuzen. Aipatu beharra dago Amunori aldaera iturri bakar batean baino ez dela aurkitu.) Izan ere, Erdi Aroko geroztik ez da berriz Amonuri-ren lekukorik aurkitu.
XVII. eta XVIII. mendeetako lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan, Amunuri, Amunudi eta Amunui aldaerak daudela:
Amunuri [N, TO]
Amunuri (la casa de) [Gamiz (en la anteiglesia de)], Munguia (anteiglesia de) (villa de), a.1796, FogVizcayaMs.
Amunuri (la caseria de) [Gamiz (casas auezindadas a)], Munguia, a.1704, FogVizcayaMs.
Amunuri (la caseria de) [Munguia (casas avecindadas a la villa de)], Gamiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Amunuri (la cassa de), Munguia, a.1641, FogVizcayaMs.


Amunudi [N, NO]
Amunudi (Juan de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.
Amunudi (M(art)in de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.


Amunui [N, NO]
Amunui (Dom(ing)o de) [Aransolo_Azecoa (la caseria de)], Gamiz, a.1745, FogVizcayaMs.
Amunui (Fran(cis)co de) [Larracoa (la caseria de)], Gamiz, a.1745, FogVizcayaMs.)
Amunuri formaren bi toponimoen azterketa etimologikoa egiteko orduan, oso erraz igartzen da oinarria izan zitekeen antroponimoa, Amuna, Erdi Aroan Amunna eta Amuna bezala agertu ohi dena, eta orohar, lehenengo aldaera Euskal Herriko kanpoko testuetan, eta bestea Euskal Herrikoetan. Izen honen etimologia aspaldikoa da, Mitxelenak eman baitzuen bere Apellidos vascos liburuan (s.v. 44. Amunna):
Amunna n. pr. (vasc. amona, amuna 'abuela'): top. Ammunola hacia 1150 (BRSVAP, V. 425); ap. Amunabarro, Amunategui. Antrop. Amuna Sanz (Leire, 1097 y 1177), Amuna Eneconiz (ib., 1177), ambos en Luchaire, Amunna mora (CSM 214, 1074), etc.; y. también la Vida de Sancta Oria de Berceo. Como el vasc. aitona (cf. Bonuspater CSM 114, 1038, Bonipatri ib. 100, 1030), está formado con el adjetivo on 'bueno'.
Amunuri toponimoez, bietan aldaerak ditugu Amuna + huri egitura erabat aplikatzea ez dela erakusten dutenak, Arabako kasuan sudurkari sabaikaria dutenak eta Bizkaikoan Amonuri aldaera zaharra. Horrela izanik, Arabakoan, oinarria Amuna izan zitekeen edo Amunna. Arabako toponimoaren aldaera sabaikariduna azaltzeko hainbat azalbide bilatu ahal dira, beharbada arkaismoa da, jakinik Aiarako eskualdean erdararen eremua nahiko zaharra dela. Bi hizkuntz komunitate bizi baziren, toponimoak bikotea izan zezakeen, erdaldunek Amuñuri, euskaldunek Amunuri. Gerora, bikoiztasun horri gure egunetara helduko zen, nahiz eta aspaldian inguru hartan hizkuntza bakarra izan. Baina hori ez litzateke azalpen bakarra. Amunaren ondoren Amuña bazen, euskal eremuan aldaera hori adierazkorra izan zitekeen, hipokoristikoa. Baina toponimoan bi aldaerak bizi izan ziren bat gailendu gabe. Azkenik, n/ñ bikotearen adibide gehiago badaude, behintzat bat gehiago Derendano toponimo zaharra behin baino gehiagotan Derendaño bezala ageri izan da, inolako arrazoirik gabe, kontuan hartuz jatorria *Terentiano zaharra izan daitekeela.
Beraz, Amuñuri aldaera arkaismo ezaugarria izan liteke. Gamiz-Fikako Amunuri, aldiz, diferentea da. Mitxelenak adierazi bezala, antroponimoaren jatorria euskarazko amuna, amona izenean duenez, gerta liteke *Amona aldaera PI bihurtzea. Eta *Amonuri bezalakoa sortu ondoren, bokal metatesia gertatu eta Amunori aldaera sortu zen. Edo, besterik gabe, Amunuri > Amunori aldaera ezohikoa sortu zen, bizitza laburra izan zuena.

jueves, 2 de noviembre de 2023

Amurola toponimoa

 Amurola da Urnietako larre bat, baita ere Hernani eta Urnieta arteko aurkintza bat. Azkenik, bada Amurolagaña izeneko bizkarra, hegia.
Garai batean Urnietan baserri bat izan zen, eta horrela agertzen da XX. mendeko bigarren erdialdeko Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, Goiburu ballaran:

AMUROLA (desh.)
Toponimoan aldaketa bakarra gertatuko zen, aspaldi, disimilazio bat, bi sudurkari zeuden eta bat disimilatu zen, dardarkari bihurtuz, m-n > m-r. Gertaera hori ez da oso arrunta, baina gertatzen du, horrela, Muliate toponimoan m-n > m-l aldaketa izan zen, sudurkarietako bat disimilatu zen, urkari bihurtuz, baina ez dardarkaria, albokoa baizik.
Aldaketaren aurreko egoerara itzuliz, *Amunola berreskutatuko genuke, bi elementuz eginiko toponimoa,
Amuna antroponimoaz eta ola izen arruntaz. Izan ere, Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan Amunnola izeneko toponimo oso zahar bat aipatzen da, beharbada egungo Amurola dena.
Hala izan bada, Amunaga eta Amunartia toponimoekin batera dago, Amuna antroponimoarekin sortutako toponimoen artean.

viernes, 10 de febrero de 2023

Amuena toponimoa

 Amuena da Bizkaiko Forua herriko toponimo bat, baserri bat, hain zuzen.
Lekuko zaharrik ez da eskuratu baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, sarrera honetan azalpen etimologiko egokia jasoko du.
Toponimoan emakumezko antroponimo bat dago, Amuna, blog honetan aztertutako hainbat toponimoren oinarria dena, Amumasolo bezala.
Toponimoa hasieran *Amunarena izango zen, baina hainbat aldaketa gertuko ziren, beharbada lehenik bokalarteko dardarkaria galduko zen eta bokal bilkura soilduko zen, ae > e gertatuz. Horrela *Amunena izango zen eta azkenik, sudurkari disimilazioa gertatuko zen lehenenengoa galduz eta Amuena bezala geratuko zen, Galaena toponimoan gertatu zen bezala.

viernes, 11 de septiembre de 2020

Amumasolo toponimoa

 Toponimo hau Eako mapa toponimikoan agertzen da, beraz, lekukoa gaur egungoa da, ez dago lekuko zaharragorik.
Amumasolo agertzen den irudia:

Toponimoak bi elementu lituzke, amuma- eta solo, azken hau soro ezagunaren sartaldeko aldaera da. Interes handiagokoa da lehenengo zatia, amuma-.
Orotariko Euskal Hiztegian bilaketa egin eta ez dago, baina bada amuna, amona hitzaren aldaera. Euskal izen arrunta bada, baina Amuna antroponimoa ere izan zen Erdi Aroan eta hainbat toponimo sortu zituen, batzuk blog honetan aztertuak.
Baezpada, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) delakoan bilaketa egin eta, berriz, ez dago amuma, Eako inguru horretan amoma da erabiltzen den hitza amona esateko.
Toponimoaren amuma- loturik dago Amuna antroponimoa edo amuna izen arrunta. Aldaketa bakarra, un- > um- izan da, Gazume toponimoan bezala.
Beharbada egun erabiltzen den amoma hitzaren aurreko aldaera *amuma izan zen, gero, asimilazio bokalikoaren eraginez /o/ bihurtua: amuna > *amuma > amoma, a-u-a > a-o-a. Toponimoak gordeko luke aldaera zahar galdua, baina horretarako datu gehiago beharrezkoak lirateke.
Badago toponimo paralelo bat, Donostiako Atxumaitz toponimoa. Bere oinarrian, proposatutako etimologiaren arabera, aitona izena izango zelako. Bi toponimoek aldaketa bera jasango zuten, un- > um-.
Laburtuz, Amumasolo toponimoko oinarria Amuna/amuna izena izango zen, beharbada antroponimoa, baina ezin da alde batera utzi izen arrunta izatea, 'amona'.

martes, 20 de agosto de 2019

Amulategi toponimoa

Amulategi izeneko baserria badago Bizkaiko Markina-Xemeingo herrian. Lekuko zaharrik eskura izan ezean, zalantzarako lekua geratzen da, aurkeztuko den analisia etimologikoarekin. Hala ere, toponimoa dagoen bezala, etimologia ona badu. Hasteko etxe izena denez, ez litzateke ezohikoa antroponimo bat tartean izatea, blog honetako etxe izen gehienetan bezala. Horretarako, lehenik toponimoaren elementuak banatu eta aztertu beharra dago. Bi dira aurkitzen diren elementuak, amula- eta -tegi. Azken hau oso ezaguna da eta toponimo ugaritan aurkitua izan da, ez dago, beraz, zailtasunik. Baina hasierako iluna da, amula-. Baina bada oso antzekoa den antroponimo bat, emakumezkoa: Amuna. Blog honetan badaude izen honetaz sortutako toponimoak, Amunaga, Amunartia, Amuña eta Torremuña toponimoak bezala.
Baina Amulategi ezberdina da, aldaketa bat jaso zuelako, sudurkarien disimilazio bat: m-n > m-l, beraz, lehen *Amunategi izango zen eta disimilazioaren ondorioz, Amulategi bihurtu. Aldaketa hori Muliate toponimoan gertatutako bera da.
Beraz, Amulategi toponimoa, alde batetik Amuna antroponimoaren beste lekuko toponimiko bat litzateke eta, bestetik, m-n > m-l disimilazioarena ere bai.

sábado, 6 de julio de 2019

Amunartia toponimoa

Errioxako herrixken artean bada Amunartia izenekoa. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoak zaharra izan behar du, euskaraz sortua delako eta, beraz, milurtea izatetik ez litzateke oso urrun egongo. Badago azalpen etimologiko bat Pilar García Mouton-en Toponimia riojana medieval izenburuko lanean:
"Nombres de propietarios hay que verlos también en [...] Amunartia, del vasco amuna = abuela y Artia apellido derivado de artz = oso o quizá de arto = encina."
Toponimoaren elementuak, gutxi gora behera, identifikatu ditu, baina badira egin beharreko zehaztasunak. Horrela, hasierako elementua Amuna antroponimoa litzateke, ziurrenik. Antroponimo honen hainbat lekuko aztertuak izan dira blog honetan, hala nola, Amunaga, Amuña eta Torremuña toponimoak.
Toponimoan Amuna agertzeak eta ez Amuña, Torremuña izenean bezala, azalpen bat merezi du. Uste izatekoa da Amunartia toponimoan Amuna, palatalizaziorik gabe agertu zela, euskal aldaera zelako, Amunaga izenean bezala. Azken zatia zailagoa izan liteke, arte izena dagoelako. Baina, zuhaitz izena ala distantziak markatzekoa? Oso gutxi dira horrelako egitura duten toponimoak. Baina badago baten bat, Galindarte toponimoa bezala, blog honetan aztertua. Zaila da bi aukeren artean bat hartzea, bietan zailtasunen bat dagoelako.
Aipatzekoa da toponimoak disimilazio bat duela, *Amunartea zaharretik Amunartia ezagun den aldaera arte, ezaguna da disimilazio hori, baina euskal toponimoetan ez da ohikoa Erdi Aroan, baina Amunartia 1500. urtean baino lehenago sortua izango zen. Zaila da erdaldunak eragindako aldaketatzat hartzea, beraz, disimilazio hori oso zaharra omen da. Toponimo honen lekuko zaharrak izanez gero, usteak sendotuko lirateke, edo ezereztuko.

jueves, 19 de julio de 2018

Torremuña toponimoa

Torremuña Errioxako herrixka da, Ajamil de Cameros udalerrikoa.
Erdi Aroko lekukoak badira, Colección Documental de Santa María la Real de Nájera. Tomo I (siglos X-XIV) liburuan badira bi lekuko zahar, biak XI. mendekoak:
Tor de Amunia, 7. agiria, 1044. urtekoa.
Tor de Amunna, 14. agiria, 1054. urte ingurukoa.
Toponimoa, argi geratzen den bezala, ez da euskaraz sortua, erromantzez baizik. Hala ere, interesa badu, euskal jatorrizko antroponimo bat erabilia izan zen toponimo hau egiteko, Amuna, hain zuzen. Amuña toponimoaren sarreran ikusi den bezala, Errioxako lekuko zaharrenetan Amunna ageri da, eta ahoskera hori islatu zen Torremuña toponimoan, antroponimoa aspaldi galdu ondoren. Beste aldetik, toponimoaren hasierako elementua tor 'dorre' da.
Laburbilduz, Errioxako toponimo erdalduna, barruan euskal antroponimo zahar bat duena, Errioxako lurretan ezaguna izan zena duela milurtea eta toponimo honetan geratu da, Amuna izena duela mende asko galdu ondoren.

Amuña toponimoa

Mañeruko (N) toponimoa da Amuña.
Lekuko gehienek Amuña edo oso forma antzekoa dute, bik izan ezik: lekuko zaharrena Amayña da, 1573. urtekoa, eta bestetik, 1737. urtekoa da Arruña. Baina besteen arteko antzekotasuna kontuan izanik, Amuña aldaera jatortzat hartuko dugu eta hori izango da analizatzeko aldaera.
Amunaga toponimoa aztertzerakoan Amuna PI oinarritzat hartu izan den bezala, Mañeruko toponimoan hitz osoa antroponimoa delakoan gaude. Amuna antroponimoaren lekukoetan, normalean kanpokoetan Amunna aldaera den bezala, Euskal Herrikoetan Amuna genuke. Horrela, Donemiliaga Kukulako lekukoetan Amunna nagusi da: Amunna 1, Amunna 121, Amunna 201, Amunna Nigriella 202, Amunna 335. Baina Leireko lekukoetan Amuna baino ez dago: Amuna Enecon 25, Amuna Leioteiz 184, Amuna Sanz 81, 160.
Mañeru herri euskalduna izan zen, beraz, azalpen bat bilatu beharra dago. Beharbada esanahi hipokoristikoa ezarri zioten izenari, eta orduan n > ñ palatalizazio adierazgarria izan zen: Amuna > *Amuña.

martes, 17 de julio de 2018

Amunaga toponimoa

Amunaga  Bizkaiko toponimoa da, Gernika-Lumon eta Muxikan badira Amunaga izena duten hainbat leku izen, auzo bat, baserri bat eta erreka bat. Izen honen lekuko bakarra dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuan, XVIII. mende bukaerakoa:
"Amunaga [N, TO]
Amunaga (la casa de), Luno, a.1796, FogVizcayaMs., a.1798, FogVizcayaMs".
Azterketa etimologikoa egiteko, argi dago hasieran oinarri bat dagoela eta bukaeran -aga atzizkia. Oinarria Amuna litzateke, ziurrenik antroponimoa, nahiz eta antroponimo honen jatorria amona, amuna izen arrunta izan, Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan azaltzen duen bezala:
"44. —Amunna n. pr. (vasc. amona, amuna «abuela»): top. Ammunola hacia 1150 (BRSVAP, Y. 425); ap. Amunabarro, Amunategui. Antrop. Amuna Sanz (Leire, 1097 y 1177), Amuna Eneconiz (ib., 1177), ambos en Luchaire, Amunna mora (CSM 214, 1074), etc.; y. también la Vida de Sancta Oria de Berceo. Como el vasc. aitona (cf. Bonuspater CSM 114, 1038, Bonipatri ib. 100, 1030), está formado con el adjetivo on «bueno»."
Mitxelenak jarritako Amuna-ren lekukoez gain, bada Donemiliaga Kukulako agiri zaharren artean bat, eta hori litzateke lehenengo agirian dagoena, 759. urtean: Amunna hic roboravi. Horrek atzeratuko lituzke lehenengo lekukoa mende batzuk, VIII. mende erdira arte.
Amunaga toponimoko oinarria Amuna antroponimoa izanez gero, toponimoaren sorrera milurte oso bat atzera eraman beharko litzateke, nahiz eta lehenego lekukoa duela 200 urtekoa izan.