martes, 22 de junio de 2021

Arlandueta toponimoa

 Arlandueta Oñatiko baso bat da. Lekuko zaharrik ez dago, baina toponimoa nahiko argia da. Bi elementu lituzke, harlandu izena eta bukaeran atzizki bat, -eta, ugaritasun adierazlea, normalean. Harlandu hitz elkartua da, har- 'harri' + landu eta lekukotza utzi du euskal testuetan, Orotariko Euskal Hiztegiaren sarreraren hasiera:

harlandu.
(V, G; Lar, H), harri landu (V-gip, BN-baig; Lar DVC 159). Ref.: A; Etxba Eib (arlandu, arrilandu); Satr CEEN 1969, 209; Ond Bac; Elexp Berg.
Piedra labrada; sillar, piedra de sillería. "Silla, piedra sillar, arlandua, arlanda" Lar. "Arlandua, síncopa de arrilandua. Sillar. Arrilanduegaz eiñdako etxia" Etxba Eib. "Arri-landu, piedra de sillería" (BN-baig) Satr CEEN 1969, 209. "Piedra de sillería" Ond Bac. "Piedra labrada, de sillería. Etxe orrek arlandu ikusgarrixak dauzka" Elexp Berg.
tradizioa
Tr. Documentado en autores meridionales desde mediados del s. XIX. Al Norte lo encontramos sólo en J. Etchepare y Zerbitzari, en ambos harri-lantu. La forma arri-landu es algo más frec. que arlandu en los textos.
Lekuko toponimiko honek (h)arlandu aldaera erakusten du eta egun basoa bada ere, lekuaren azterketa batek erakuts lezake harlandu izena jartzearen arrazoia.

sábado, 19 de junio de 2021

Andremiliasoro toponimoa

 Andremiliasoro Gipuzkoako Villabona herriko aurkintza bat da. Lekuko zaharrik ez dago eskura, baina toponimoaren egitura gardenak analisia ahalbidetzen du.
Toponimoak bi elementu lituzke, Andremilia antroponimoa eta soro izen arrunta. Ez da lehenengo aldia antroponimo hori aipatu dena blog honetan, Andramiliamadura toponimoan ere dagoelako. Sarrera horretan antroponimoaz informazio gehiago dago, izen elkartua da, andre + Milia 'Emilia' izenen elkarketa.

Domekanea toponimoa

 Domekanea Ataungo etxe baten izena da, Astigarraga auzoan. Lekuko zaharrik ez du, baina toponimoa, dagoen bezala, erraz analizatzekoa da.
Oinarrian Domeka antroponimo emakumezkoa izango zen eta bukaera aldean etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a.
Izena latin jatorrikoa litzateke baina erromantzetik igaroa izango zen, erdiko silabaren bokalismoak salatuko zuen bezala. Aipagarria da gizonezko aldaera, Domiku, /i/ bokalekoa dela, Dominicu(m) jatorrizkotik bokaletan aldatu gabea, Domikueta toponimoan aztertua.

martes, 15 de junio de 2021

Antxoeta toponimoa

 Antxoeta Lasarte-Oriako leku izena da, toponimo eratorrien bitartez ezaguna: Antxoetako erreka, Antxoetako iturria eta Antxoetaluze.
Lekuko zaharrik ez dago baina aldaketa larririk gertatu ez bada, toponimoa, dagoen bezala, analiza daiteke. Oinarrian Antxo antroponimoa genuke, gaztelaniazko Sanchoren euskal egokitzapena jasoa duena. Bukaeran, -eta atzizkia izango zen. Azken hau ez da oso ohikoa, baina adibideak badira, blog honetan aztertutako Domikueta toponimoa bezala. Sarrera horretan 1025. urteko Sansoheta aipatua zen, eta hori litzateke Antxoetaren berdina, elementu berdinez osatua, baina azken honetan antroponimoak ez zuen hasierako txistukaria galduko.
Azken ohar bat oinarriko antxoponimoaz, izan liteke Antso edo, agian *Antxo hipokoristikoa. Beharbada horrela hobeto azalduko zen toponimoaren grafia, tx duena. Antso oinarrian izango bazen, beharbada *Ansoeta bezala agertuko zen testuetan.

Beltzalaga toponimoa

Beltzalaga toponimo gipuzkoarra da, Adunan baserria da, baita Alkizan ere. Toponimo eratorriak dira Beltzalagako borda eta Beltzalagatxiki izenak, Alkizakoak.
XX. mendeko lekukoak dira Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan daudenak:

BELZALAGA (BENTZALAGA) (prop.) Aduna
Alkizako toponimoa, aldiz, Bentzalaga bezala dago:
BENTZALAGA (prop.) Arana ballara, Alkiza
BENTZALAGA TXIKI (prop.) Arana ballara, Alkiza
Atzerago joanez, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan, Alkizako etxeen artean Belzalaga aipatu zuen.
Azkenik, Erdi Aroko lekukokak badira, Colección Diplomática del Archivo Municipal de Tolosa. Tomo I (1256-1407) liburuan badaude lekuko gutxi batzuk, 19. agirian, 1348. urtean: ... Iohan Yeneguez de Bolçalaga, vezinos d'Alquiça...
Azken lekukoak, 37. agirian, 1396. urtean: ... Martin de Belçalaga e Martin, su fijo, e Miguell de Belçalaga e Sancho de Belçalaga... Lekuko zaharrenetan bi aldaera daude, Belzalaga eta Bolzalaga, azken honek lekuko bakarra da eta azaltzeko zaila da, beharbada idazkera akatsa bat? Bestea, Belzalaga, jatorrizkoa ez balitz, herri etimologiak sortutakoa izan liteke. Edonola ere, Bolzalaga berriro ez agertzeak eta besteak duen etimologiak Beltzalaga aldaeraren alde egiten dute. Bestelakoa da Bentzalaga aldaera, XX. mendean aurkitutakoa. Ziurrenik disimilazio baten ondorioz sortua da: l-l > n-l. Blog honetan ugariak dira mota horrelako aldaketak, disimilazioak.
Beltzalaga bada azaltzeko izena, lehen eta azken elementuak agerikoak dira, beltz eta -aga. Tarteko -al- azaldu gabe geratuko litzateke. Azalpen bat izan liteke, beste hainbatetan bezala, toponimoaren elementuak batzerakoak aldaketak, galerak ohikoak direla, toponimo honetan aldatutako elementu hori zabal izan liteke: Beltz + zabal + -aga. Horrek *Beltzabalaga sortuko luke eta ondoren toponimoaren luzerak bokal arteko /b/ galaraziko zuen, eta bi bokal berdinak batuko ziren, eta aldaketa gehiagoren beharrik gabe Beltzalaga sortuko zen.
Gorago adierazi bezala, lehen elementua beltz zen, baina ez izen arrunta, antroponimoa baizik. A. Irigoienek bere liburuan Pertsona izenak euskaraz nola eman azaldu zuena:
3.67. BELÇA / BELCHA: Martin Belça, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 570 orr.), Erassun-en; Pero Garcia Belça, (1366, PN-XIV, F.Est., 597 orr.), Galdiano-n; Romea Belça, (1330, PN-XIV, F.Est., 246 orr.), Falces-en; Pero Belcha, (1366, PN-XIV, F.Sang., 466 orr.), Çay-n.
XIII menderako: Domicu Belça filio de Semerot, (1230, El gran Pr. Nav., dok. 225).
Beltxa forma Beltza-ren hypokoristikoa da. Ikus JAUN BELÇA laugarren zerrendan, eta ANDRE BELÇA hemen.
Beltz antroponimoaren agerpena toponimian ez da handia, baina aleak badira, eta Beltzalaga haietako bat litzateke.

sábado, 12 de junio de 2021

Artazubiaga toponimoa

 Artazubiaga izeneko baserriak Gipuzkoako bi herritan agertzen dira, Arrasaten eta Zestoan. Badago Artazubiagagaña toponimo eratorria, mendiko bizkarra, hegia, Deba eta Zestoa artean dagoena.
Arrasateko baserriaren lekuko zaharrak badira Arrasateko toponimia liburuaren 42. orrialdean:

Lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira eta toponimoa egungoaren berdina da.
Toponimoak hiru elementu lituzke, arta- 'arte' + zubi + -aga. Lehenengo elementurako zalantza izan liteke, arta- eratorpen aldaeran bi hitz izan litezke, arte eta arto, ahaztu gabe arte hitzak baditu gutxienez bi adiera, bata zuhaitz izena da eta bestea leku postposizioa. Aukera hauen artean azkena litzateke zentzuzkoena; beraz, arta- 'arte' hitzaren aldaera litzateke, lekua adieraztekoa. Esanahia, erdiko kokapena erakutsiko luke, hau da, Artazubiaga litzateke bi zubiren artean dagoena. Blog honetan artertutako Altamugarri, Artamugarri toponimoan, artamugarri hitzak saroiaren erdiko mugarria izendatzen du, besteen artean dagoena.
Arte hitzaren kokapena ez da ohikoa, normalean oinarriaren atzean dagoelako. Baina badira ale toponimiko gutxi batzuk aurrizki moduan daudenak. Beharbada esanahiaren aldetik nabarduraren bat zegoen, edo besterik gabe, aukera zegoen Artazubiaga edo *Zubiarteaga sortzeko, baina hau zalantzazkoa da.

Eguneraketa (2026-06-08):
Toponimorako aurkitutako lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak ziren baina Arrasaten bertan bazegoen lekukotza askoz zaharragoa, Arrasateko toponimia liburuan aurkitua, 44-45. or.:

Lekuko hauek hiru mende lehenagora eramaten gaituzte, gutxienez. Beraz, Artazubiagaren lekukotza XIV. mendean hasten da. Agertzen den lehena, Martin Bañez de Artazubiaga ospetsua da, batez ere bere heriotzaren ondoren sortutako Martin Bañezen eresia dela eta, Santxa Otxoa Ozaetakoa alargunak sortua:
Oñetaco lurrau jabilt ycara,
lau araguioc vere an verala,
Martin Bañes Ybarretan il dala.
Artuco dot escu batean guecia,
bestean çuci yraxeguia;
erreco dot Aramayo guztia.

viernes, 11 de junio de 2021

Armureta toponimoa

 Armureta Bizkaiko Gordexolako belardia da. Lekuko zaharrik ez dago eta horrek etimologian zalantzarako lekua uzten du. Bi aukera daude toponimo honetarako, batean harmora + -eta izatea. Hitz honen aldaeren artean armura dagoelako. Blog honetan badira hitz horrekin aztertutako toponimo batzuk, hala nola, Almortza, Almortzategi toponimoak eta Armoriagako erreka. Arazoa da harmoraren erabilpen eremua sortalderago dagoela, Gipuzkoan batez ere. Gordexola, aldiz, Bizkaiko Enkartazioetan dago, aipatutako toponimo horietatik urrun. Horregatik, ezinezkoa ez bada ere, aipatutako arrazoia pisuzkoa da eta beste azterketa baten beharra dago. Orduan, aukera harmuru hitz elkartua izan daiteke, har- 'harri' eta muru hitzaz osaturik. Hitz hori toponimo gutxi batzuetan dago, Armuru, Armurua eta Armurubarri toponimoetan, zehatzago. Horrela izan bazen, harmuru + -eta > *Armurueta > Armureta bilakaera izango zen, baina lekuko zaharrik ez dago eta ezin jakin erdiko urrats hori gertatu denik. Hala ere, harmuru hitzaren erabilera eremuan izango litzateke.
Behar bada, lekuko zaharrak eskuratuz gero, beharrezko tarteko urratsa agertuko litzateke.