sábado, 29 de mayo de 2021

Altamugarri-Artamugarri toponimoa

 Altamugarri izena Errenterian zegoen, egun hiru toponimo eratorriren bitartez ezaguna: Altamugarribekoa, Altamugarrierdikoa eta Altamugarriko erreka.
Bestelako informazioa ematen du Errenteriako udalak, Artamugarri toponimoaren orrian hauxe adierazten dute, ohar batean:

Artamugarri izeneko gunean sartzen dira izen bereko baserriak nahiz euren inguruko lur-eremuak. Gune menditsuan kokatuta dago, hirigunetik urrun, Aldura mendiaren oinetan, eta mendeetan zehar erreferentziazko toponimo izan da. Etimologiari dagokionez, bi osagaiak argiak direla dirudi: arto (artatxiki hasieran, oraintsu arto) eta mugarri. Oso ohikoa izaten da, gaztelaniaren eraginez akaso, izenaren lehenengo r hizkia aldatzea eta Altamugarri okerreko forma ematea.
Horretaz gain, agiri zaharretako lekukoak aurkezten dituzte, Artamugarri (1786) zaharrenetaik hasirik. Ondoko hamarkadetan berdin jasorik dago, baina aldaketa ikusten da 1932. urteko Altamoarri lekukoarekin. Hurrengo urteetan Altamugarri eta Artamugarri aldaerak agertzen dira. Egun, bere ahozko aldera Artamuarri da.
Bi dira azaltzeko izenak, Artamugarri eta Altamugarri. Lehenengoa jatorrena litzateke, lekukotza zaharra duena eta bestea, Altamugarri, berriagoa. Disimilazio bat jasan du, r-rr > l-rr. Hau ez da fenomeno ezezaguna, esaterako Algorta toponimoan gertatua da. Gerta liteke gaztelaniaren eraginez izatea, baina hori ez da beharrezkoa. Euskaran bertan gertaera ohikoa delako.
Beste kontu bat da zein aldaera normalizatzea. Badirudi Artamugarri, zaharrena izateaz gain egun ere erabilia dena, Artamuarri aldaeraren bidez, bokalarteko /g/ galdu duena. Hau ere oso fenomeno zabala da ahozko toponimoekin.
Toponimoaren jatorria artamugarri hitzean bilatu beharra dago. Orotariko Euskal Hiztegian agertzen ez bada ere, saroien erdiguneko mugarria izendatzen du, hala azaltzen da Los seles de Busturialdea-Urdaibai. Paisaje, cultura y etnografía liburuan, 33. orrialdean:
Los mojones centrales también reciben diferentes nombres, y así, además de ser conocidos con los nombres de mojón centrical o centro de selva en castellano y artamugarri en euskera, han sido nombrados también con los términos romances hoguera, hogar y piedra cenizal, así como con las voces euskaldunes austarri (en zonas como Gamiz y Morga), austerretza, austerritza, o kortarria (en la zona de Berriatua). También en algunos textos aparecen con el nombre de suçançarri. En estas diferentes denominaciones se hace de nuevo patente la relación de los seles con el fuego.
Beraz, artamugarri egon zeneko lekuak izen hori hartuko zuen, leku horretan elementu adierazgarria izango zelako.
Badago beste zerbait eransteko artamugarri izenaz, duen egitura ezohikoa delako, erdiko mugarria izendatzeko arteko mugarri izena erabili zelako, arta- 'arte' eratorpen aldaeraren bitartez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario