Artazubiaga izeneko baserriak Gipuzkoako bi herritan agertzen dira, Arrasaten eta Zestoan. Badago Artazubiagagaña toponimo eratorria, mendiko bizkarra, hegia, Deba eta Zestoa artean dagoena.
Arrasateko baserriaren lekuko zaharrak badira Arrasateko toponimia liburuaren 42. orrialdean:
Toponimoak hiru elementu lituzke, arta- 'arte' + zubi + -aga. Lehenengo elementurako zalantza izan liteke, arta- eratorpen aldaeran bi hitz izan litezke, arte eta arto, ahaztu gabe arte hitzak baditu gutxienez bi adiera, bata zuhaitz izena da eta bestea leku postposizioa. Aukera hauen artean azkena litzateke zentzuzkoena; beraz, arta- 'arte' hitzaren aldaera litzateke, lekua adieraztekoa. Esanahia, erdiko kokapena erakutsiko luke, hau da, Artazubiaga litzateke bi zubiren artean dagoena. Blog honetan artertutako Altamugarri, Artamugarri toponimoan, artamugarri hitzak saroiaren erdiko mugarria izendatzen du, besteen artean dagoena.
Arte hitzaren kokapena ez da ohikoa, normalean oinarriaren atzean dagoelako. Baina badira ale toponimiko gutxi batzuk aurrizki moduan daudenak. Beharbada esanahiaren aldetik nabarduraren bat zegoen, edo besterik gabe, aukera zegoen Artazubiaga edo *Zubiarteaga sortzeko, baina hau zalantzazkoa da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario