martes, 15 de junio de 2021

Beltzalaga toponimoa

Beltzalaga toponimo gipuzkoarra da, Adunan baserria da, baita Alkizan ere. Toponimo eratorriak dira Beltzalagako borda eta Beltzalagatxiki izenak, Alkizakoak.
XX. mendeko lekukoak dira Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan daudenak:

BELZALAGA (BENTZALAGA) (prop.) Aduna
Alkizako toponimoa, aldiz, Bentzalaga bezala dago:
BENTZALAGA (prop.) Arana ballara, Alkiza
BENTZALAGA TXIKI (prop.) Arana ballara, Alkiza
Atzerago joanez, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan, Alkizako etxeen artean Belzalaga aipatu zuen.
Azkenik, Erdi Aroko lekukokak badira, Colección Diplomática del Archivo Municipal de Tolosa. Tomo I (1256-1407) liburuan badaude lekuko gutxi batzuk, 19. agirian, 1348. urtean: ... Iohan Yeneguez de Bolçalaga, vezinos d'Alquiça...
Azken lekukoak, 37. agirian, 1396. urtean: ... Martin de Belçalaga e Martin, su fijo, e Miguell de Belçalaga e Sancho de Belçalaga... Lekuko zaharrenetan bi aldaera daude, Belzalaga eta Bolzalaga, azken honek lekuko bakarra da eta azaltzeko zaila da, beharbada idazkera akatsa bat? Bestea, Belzalaga, jatorrizkoa ez balitz, herri etimologiak sortutakoa izan liteke. Edonola ere, Bolzalaga berriro ez agertzeak eta besteak duen etimologiak Beltzalaga aldaeraren alde egiten dute. Bestelakoa da Bentzalaga aldaera, XX. mendean aurkitutakoa. Ziurrenik disimilazio baten ondorioz sortua da: l-l > n-l. Blog honetan ugariak dira mota horrelako aldaketak, disimilazioak.
Beltzalaga bada azaltzeko izena, lehen eta azken elementuak agerikoak dira, beltz eta -aga. Tarteko -al- azaldu gabe geratuko litzateke. Azalpen bat izan liteke, beste hainbatetan bezala, toponimoaren elementuak batzerakoak aldaketak, galerak ohikoak direla, toponimo honetan aldatutako elementu hori zabal izan liteke: Beltz + zabal + -aga. Horrek *Beltzabalaga sortuko luke eta ondoren toponimoaren luzerak bokal arteko /b/ galaraziko zuen, eta bi bokal berdinak batuko ziren, eta aldaketa gehiagoren beharrik gabe Beltzalaga sortuko zen.
Gorago adierazi bezala, lehen elementua beltz zen, baina ez izen arrunta, antroponimoa baizik. A. Irigoienek bere liburuan Pertsona izenak euskaraz nola eman azaldu zuena:
3.67. BELÇA / BELCHA: Martin Belça, (1366, PN-XIV, F.Pamp.-Mont., 570 orr.), Erassun-en; Pero Garcia Belça, (1366, PN-XIV, F.Est., 597 orr.), Galdiano-n; Romea Belça, (1330, PN-XIV, F.Est., 246 orr.), Falces-en; Pero Belcha, (1366, PN-XIV, F.Sang., 466 orr.), Çay-n.
XIII menderako: Domicu Belça filio de Semerot, (1230, El gran Pr. Nav., dok. 225).
Beltxa forma Beltza-ren hypokoristikoa da. Ikus JAUN BELÇA laugarren zerrendan, eta ANDRE BELÇA hemen.
Beltz antroponimoaren agerpena toponimian ez da handia, baina aleak badira, eta Beltzalaga haietako bat litzateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario