jueves, 11 de noviembre de 2021

Balerione toponimoa

 Egun, Balerione da Oiartzungo iturburu bat, baino ez askoz lehenago baserri baten izena izan zen. Oiartzungo toponimia liburuan informazioa bada, baina ez du lekuko zaharrik ematen, 99. or.:

Balerione. Baserria.
Baleio ahoskatzen da eta Ierobi baserriaren ahozko forma da. Honen eratorrien artean daude Balerioneko tunelak eta Balerioneiturri.
Toponimoaren elementuak ezagunak dira, Balerio antroponimoa eta ondoren -(r)en + -a, ohikoak etxe izenetan, artikuluaren ezabaketa, ziurrenik, berria da.
Balerio antroponimoaz informazio gehiago Balerioaga toponimoaren sarreran.

lunes, 8 de noviembre de 2021

Agotibar toponimoa

 Agotibar Eskoriatzako toponimoa da, Gipuzkoan. Lekuko zaharrik ez dago, baina aldaketa nabarmenik gertatu ez bada, toponimoa erraz analizatzekoa da.
Toponimoak bi elementu lituzke, agot eta ibar. Agotak ziren Nafarroako iparraldean bizi ziren biztanle talde bat, luzaroan bazterketa jasan zutenak.
Toponimo azaltzeko bi bide daude, batean agoten ibarra adierazi nahiko zuten eta bestean, agot izengoitia izango zen, jatorri hartakoa zelako edo arrazoiren batengatik izengoiti hori izango zuelako.
Agot hitza ez da ohikoa toponimian baina inoiz erabilia izan zen, Agotibar toponimoak erakutsi bezala.

Makastilla toponimoa

 Makastilla izeneko malkarra dago Bizkaian, Abadiñoko herrian.
Lekuko zaharrik ez badago ere, dagoen bezala analiza daiteke, eta etimologia eman, aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, behintzat.
Toponimoak bi elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe, makatz izena eta hil aditza edo partizipioa. Beharbada tartean beste elementu bat izan zitekeen, -di atzizkia. Orduan bere sorrera horrela izango zen: makatz + -di > *makazti + hil + -a > Makastilla. Bestela, makatz + hil + -a > Makastilla.
Makatz hitzak adiera batzuk baditu ere, toponimo honetan, ziurrenik, Orotariko Euskal Hiztegian dagoen lehenengoa litzateke:

1 makatz.
tradizioa
Tr. Documentado en textos meridionales desde Barrutia (eztimakatz).
1. (V-m, G, AN-5vill; Lar, H), makatx (V-gip), makats. Ref.: A; Arzdi Plant1 277; Elexp Berg .
Árbol silvestre. "Arbol no injerto" Lar. "Frutal silvestre" Ib. "Guadapero, peral silvestre" Ib. "Regoldo, castaño borde o silvestre" A. "Makatza, es el arbolito joven (G-goi)" Arzdi Plant1 277."Makiña bat makatz jaten gontsan etxe aurreko makatzai" Elexp Berg. . El supuesto ej. de makatx que DRA atribuye a Hiriart-Urruty se trata en realidad de mahats (v. Eskual 28-5-1919, 4).
Abe nagusijak dira oneek [...] masustabia, makatza, mispillia [...]. Mg PAb 188. Makatz aundi-aundia da. Bai, makatz-tantaia. Iñun be eztot ikusi onelako makatz-tantairik. Alzola Atalak 82. Makatz zar arrotu aundi batek erakusten dauz adar igertuak. Ib. 82. Igon neutsan makatz bati. Gerrika 73. Dozen erdi bat bertso zuretzat, / etxe azpiko makatza. Insausti 258.
Aditzak ez dira ohikoak toponimoetan, baina ale batzuk badira. Mitxelenak bere Toponimia, léxico y gramática aipatzen du Erdi Aroko toponimo bat, barruan hil izan dezakeena:
[...] No es absurdo pensar que -tsu cobrara autonomía a partir de derivados como satsu ‘impuro, etc.’, de sats + -zu, o, en topónimos, en nombres como Sarasua, de sarats + -zu: cf. Sagassaheta, Sagaseta, arriba, nota 8. Así también Iasu yll en Roncesvalles, 1284, como Jaxu en Cize, de i(s)ats + -zu (14).
-
(14) Para jats, nacido por disimilación de isats ‘reclama’, ‘escoba’, véase Estudio sobre las fuentes del Diccionario de Azkue, Bilbao, 1970, pp. 85 y 87; yll muy bien puede ser hil ‘muerto’.

viernes, 5 de noviembre de 2021

Balerioaga toponimoa

 Balerioaga Orozkoko baserria da. Lekuko zaharrik ez dago baina toponimoa nahiko gardena da eta etimologia erraza du, aldatu ez bada, behintzat.
Toponimoak bi elementu lituzke, Balerio PI eta -aga atzizkia. Antroponimo honetaz A. Irigoienek informazio oparoa eman zuen bere Pertsona-izenak euskaraz nola eman liburuan:

2.219. VALERIO: latinez Valeri(us), -ii. Khristo-ren ondoko lehenengo mendean bazen Valerius Flaccus izeneko poeta ezagun bat. Beste alde batetik ikus IX menderako UALERI Valpuestan: Ualeri hic + feci, (804, Valpuesta, dok. 1). Forma osoa VALERIO da, eta VALERI latinez vokativoa nominativo moduan erabiltzetik aldagarri moduan sortua.
Ikus XIV menderako VALER Nafarroan: Primo Valer Periz, (1366, PN-XIV, F.Tud., 431 orr.), Ablitas-en.
Eta IX menderako UALERI / BALERI / BALERIUS Valpuestan (281); Ualeri hic + feci, (804, Valpuesta, dok. 1); Baleri signum / Balerius presbiter signum, (894, Valpuesta, dok. VII).
————————
281 L. Barrau-Dihigo, ‘Chartes de l’église de Valpuesta du IX au XI siècle”, Revue Hispanique, VII (1900), 274-390 orr.
Normalean -aga atzizkiak pluraltasun esanahia du, baina ez beti, antroponimoekin lotzen denean, esaterako. Adibide asko ez daude, baina gutxi ere ez dira, blog honetan badira ale batzuk, Opilluaga toponimoa bezala, honetan antroponimoa Lopillo izango zen.

jueves, 4 de noviembre de 2021

Sagutategi toponimoa

 Sagutategi izeneko toponimoa Bergaran izan da. Normalean baserri bat edo etxe bat izendatzeko erabili izan da. Jasotako azken lekukoa Sautegi da, 1991. urtekoa, baina lehenengo lekukoak askoz zaharragoak dira, Sagutategui zen 1564. urtean. hurrengo mendeetan hori izan da gehien jasotakoa, baina XX. mendean laburketak orokortu ziren, horrela 1925. urtean Sagutegui-buru dago, eta urte berean Sautegui. Beharbada laburketa hauetan, oinarriaren ezezagutza galtzearekin batera, herri etimologiaz Sa(g)utegi aldaerara laburtu zuten, hau da, sagu + -tegi.
Toponimoak, blog honetako gehienak bezala, bi elementu izango lituzke, saguta- ezezaguna eta -tegi, oso atzizki ohikoa toponimian, batez ere etxe izenetan. Hasierako elementua zagita euskal hitzaren aldaera litzateke. Aldaketa bakarra gertatu da, i > u bokal aldaketa. Arrazoia ez da argia, baina ezaguna da sartaldeko euskaran hainbat hitzetan /u/ dagoela, beste euskalkietan /i/ dagoen lekuan, horrela, uzen/izen, urun/irin bezalako hitz bikoteak badira. Beharbada hitz hauetan gertatutako fenomeno bera izan da, ziurra dena hitza, analisia zuzena bada /i/ zuela, latinean sagita zena, euskaraz zagita izatera iritsi zela.
Baina bada beste azalbide bat, bokalen disimilazioa, hain zuzen. Jandustegi toponimoan ikusi bezala, i-i batetik u-i izatera heldu zen. Beharbada toponimo honetan ere disimilazioa izan da, *Sagitategi zahar batetik.
Beste aldetik, txistukaria <s> da, baina zagita hitzaren lekukoetan ere badago sagita aldaera.
Beraz, bilakaera hauxe izango zen: sagita + -tegi > *Sagitategi > Sagutategi. Beharbada etxe horretan zagitak egiten zituztelako izan zuen izen hori.

Zabaloenea eta Zabalonea toponimoak

 Oso izen antzekoak dituzten etxe horiek Gipuzkoan daude, Zabaloenea baserria Jauregi bailarakoa da, Hernanikoa.
Zabalonea etxea Txikierdi Auzokoa da, Usurbilgoa.
Azken honen lekuko bat dago, XX. mendearen bigarren erdikoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

ZABALO ENEA (col.) Txiki Erdi ballara, Usurbil
Lekuko zaharragorik ez badago ere, toponimoak gardenak dira, alde batetik Zabalo elementu antroponimikoa izango zen, ondoren etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a.
Badago zabalo izena, arrain mota bat dena:
zabalo.
(V-m-gip). Ref.: A Apend; Zubk Ond 238.
"Pez marino que se interna en los ríos" A Apend. "Platusa" Zubk Ond 238. v. txabaloi.
Baina hitzaren egokitasuna gorabehera, Zabalo behin baino gehiagotan agertzen da XVI. mendean, adibidez, El triunfo de las élites urbanas guipuzcoanas: nuevos textos para el estudio del gobierno de las villas y de la Provincia (1412-1539) liburuko 44. agirian, 1533. urtean:
Miguel Zabalo
[...]
Juan Zabalo
Lekuko hauetan Zabalo izengoitia litzateke, gizonezkoei emanda, oinarrian zabal izenondoa dago eta azken aldean -o atzizkia, erromantze batetik jasoa, generoa emateko, Apalo antroponimoan bezala, Apaloberro toponimoaren oinarria dena.
Zabalo izenak izan zuen hipokoristiko bat, *Txabalo, Txabalonia toponimoaren bitartez ezaguna.

martes, 2 de noviembre de 2021

Arriagana toponimoa

 Arriagana bi aldiz agertzen da Arabako toponimian. Datuen iturria Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburukoa da:

ARRIAGANA, término de Betoño. Id. de Amárita.
Betoño eta Amarita dira Gasteiztik oso hurbil dauden bi herri, eta elkarren artean hurbil daude, baina litekeena da bi toponimo izatea. Hala ere, horrek etimologiarako ez du garrantzirik.
Toponimoak bi elementu lituzke, bata Arriaga toponimoa bera eta bestea gan 'gain', artikulua zenbatu gabe. Horrela azaldurik geratuko litzateke tarteko /a/ hori, harri + gan + -a izateko aukera deusezten duena.
Bi elementuak batzerakoan haplologia izeneko fenomeno fonetikoa gertatu da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jartzen direnean, batzen dira, bat bakarra geratuz. Beraz, Arriaga + gan + -a > *Arriagagana > Arriagana.
Aipatutako fenomeno ez da ezohikoa, blog honetan bada beste bat Ametzagaña toponimoa, hain zuzen. Horretan ere, haplologia gertatu zen, eta horren aztarren bakarra lekuz kanpoko tarteko /a/ hori litzateke.