martes, 4 de mayo de 2021

Opilluaga toponimoa

 Berangoko toponimoa da Opilluaga, egun bi toponimo eratorriren bitartez ezaguna da, Opilluagabarri eta Opilluagazarra, biak baserriak.
Badira bi lekuko ez oso zahar batzuk, XVIII. mendekoak, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan aurkituak:

Opilluaga [N, TO]
Opilluaga (la casa de), Berango, a.1796, FogVizcayaMs.
Opilluaga (la caseria de), Berango, a.1745, FogVizcayaMs.
Toponimoaren analisia egiteko, banaketa egin beharra dago, hau da, opillu- + -aga, azken hau atzizki ezaguna da. Baina hasierako zatia ezezaguna da, aldaketa bat gertatu zaio eta horrela, zati hori oso ilundu da. Disimilazio bat izan du, albokoena, hain zuzen, l-ll zegoen hasieran eta gero bokal arteko ll baino ez da geratu. Disimilazio hori ez da ohikoa baina ale batzuk badira, esaterako okelu hitzaren jatorriaz Orotariko Euskal Hiztegian jasoa dena:
Etim. De lat. (medieval) locellus (> vasc. okelu).
Beraz, atzeranzko urratsa egin eta *Lopillu izango genuke, antroponimo hipokoristikoa, Lope + -illu atzizkiaz egina, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 129. or.:
Lopiello (Lope): Lopieillo de Parra (Cascante, 1353, Ur., 1961: 171).
Lopillu. Elgorriagako Lopilluarena (1558), Lopillurena (1569), Lopillu (1571), Topílluà (egun) oikonimoaren oinarrian dago (Iñigo, 1996: 493). Herri berean Lopillu lurra leku izena ere azaltzen da, 1571n (ibid., 202).
Azken lekuko toponimiko hauetan, hasierako albokoa gorde da, Bizkaiko toponimoan ez bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario