viernes, 10 de febrero de 2023

Amuena toponimoa

 Amuena da Bizkaiko Forua herriko toponimo bat, baserri bat, hain zuzen.
Lekuko zaharrik ez da eskuratu baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, sarrera honetan azalpen etimologiko egokia jasoko du.
Toponimoan emakumezko antroponimo bat dago, Amuna, blog honetan aztertutako hainbat toponimoren oinarria dena, Amumasolo bezala.
Toponimoa hasieran *Amunarena izango zen, baina hainbat aldaketa gertuko ziren, beharbada lehenik bokalarteko dardarkaria galduko zen eta bokal bilkura soilduko zen, ae > e gertatuz. Horrela *Amunena izango zen eta azkenik, sudurkari disimilazioa gertatuko zen lehenenengoa galduz eta Amuena bezala geratuko zen, Galaena toponimoan gertatu zen bezala.

Enekogorta toponimoa

 Enekogorta da Alonsotegi eta Barakaldo arteko pinudi bat.
Toponimoaren lekuko zaharrik ez dago, baina egitura gardena du eta aldaketarik gertatu ez bada, analisia oso erraza du, alde batetik korta hitza, gorta aldaera zaharrarekin. Bestetik, Eneko antroponimoa egun ere ezaguna eta erabilia, baina mende batzuetan galdua izan zen.
Interesgarria da aipatzea haplologiarik gertatu ez dela, hau da, bi silaba berdinak edo oso antzekoak elkarren ondoan jartzen direnean bat galtzen dela. Hala gertatu izan balitz, toponimo honetan *Enekorta bezalakoa izango genuke. Ez zen hala gertatu, agian elementuak hain ezagunak izateak oztopatu zuen aldaketa hori.

lunes, 6 de febrero de 2023

Sarralle toponimoa

 Sarralle da Azpeitiko bi etxeren izena.
Toponimoaren lekuko zaharrik ez da eskuratu baina, aldaketarik gertatu ez bada, dagoen bezala analiza daiteke. Oinarrian lanbide izen bat dago, sarrailagile hitza hain zuzen:

sarrailagile.
(H; -alla- Lar, Añ, H), sarrailgile (SP, Urt Gram 37).
Cerrajero.
Toponimoak antza handia du Gipuzkoako beste bi toponimorekin, Sarrallagillenea eta Sarrallero toponimoekin, hain zuzen.
Dirudienez, *Sarrailagile > Sarralle bilakaera gertatu zen, bokalarteko /g/ belarea galdurik.

Larraitz toponimoa

 Larraitz da Abaltzisketa udalerriko auzo bat, Gipuzkoan.
Oso toponimo antzekoa da Larraitza, hau larra- 'larre' + gaitz + -a izan daitekeela. Bilakaera osoa hauxe litzateke: larra- + gaitz > *Larragaitz > Larraitz. Bokal arteko belare ahostunaren galera ez da orokorra, beharbada toponimo honen lekuko zaharrak izanez gero bere bilakaera hobeki ezagutuko da.

viernes, 3 de febrero de 2023

Agadena toponimoa

 Agadena da Barrikako baserri baten izena.
XVIII. mendeko lekuko bat dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Aguedena [N, TO]
Aguedena (la caseria de), Barrica, a.1745, FogVizcayaMs.
Bi lekukoen artean bokal bat aldaturik dago, ziurrenik asimilazioaz gertatua, a-e > a-a.
Toponimo hau, etxe izen asko bezala, antroponimo batez osaturik dago, eta ondoren -(r)en eta -a artikulua ditu. Antroponimoa Ageda da, emakumezko izena, eta bokalarteko /d/ horzkariak erakusten du erdararen bilakaera jasoa duela. Ez da lehenengo aldiz blog honetan antroponimo hori dagoenik, Agaratxonea toponimoan izen bera dago, -txo atzizkia gehitua, *Agaratxo, *Agedatxo zaharrago baten ondorengoa izan daitekeena.

miércoles, 1 de febrero de 2023

Enekoetxea toponimoa

 Enekoetxea da Arizkungo etxe bat. Lekuko zaharrenak XVIII. mendearen hasierakoak dira:

enecorena (1700)
enecorena, la [casa] de (1726)
eneconea (1817)
enekoetxea (1998)
Ikus daitekeenez, toponimoan aldaketa bat gertatu da, hasierako -(r)en + -a galdu dira eta ordezkaturik gertatu dira etxe + -a jarriz. toponimoaren oinarrian Eneko antroponimoa dago, Erdi Aroan nahiko erabilia izan zen eta gero mende batzuk igaro ziren galdu zela, eta XX. mendean berriro erabilia izan da. Enekoalor eta Enekoarria toponimoetan ere antroponimo bera dago.
Enekoetxea toponimoa, dirudienez, Erdi Arokoa litzateke, izan ere, garai horretan Eneko antroponimoa erabilia izan zen.

Sarrallero toponimoa

 Donostiako toponimo honetaz hiru lekuko baino ez zaizkigu heldu, hirurak ezberdinak dira baina antzekotasunak batzen ditu, azken lekukoak Donostiako toponimia izeneko lanean daude, XIX. mendearen erdialdekoak dira:

Zarrallero (1814-1851, O.P.A., H-622, 76 v.), Serrallero (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2).
XVIII. mendearen bukaerako lekuko zaharrago bat dago, aurreko lanean aipatu gabea, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, Sarrallero.
Beraz, hiru izen daude, Sarrallero, Zarrallero eta Serrallero. Ezberdintasunak lehenengo silaban daude, bi lekukok /a/ bokala dute, besteak /e/; azken ezberdintasuna txistukariari dagokio.
Toponimoak oso antza handia du Usurbilgo Sarrallagillenea toponimoarekin. Azken honetan -gile atzizkia dagoen bitartean, Donostiakoan -ero erromantzezko atzizkia dago. Beharbada hitza jatorriz *zerrallero zen, gaztelaniazko cerrajeroren kidea.